III. Gerrate Karlistan Belabietan gertatutakoa azaltzeko panel informatiboak jarri dira

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2023/10/02 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Aranzadi Zientzia Elkarteak hiru urtetan eskuratutako informazioa biltzen dute Tolosan, Amasa-Villabonan, Andoainen, Berastegin, Uzturren eta Belabietan jarri diren panelek.

 

III. Gerrate Karlistako Gipuzkoako batailarik odoltsuenetako bat izan zen Belabietakoa. Guztira 600 baja izan zirela ondorioztatu da 1873. urteko abenduaren 9 hartan. 

Belabieta ingurua tropa karlisten eta liberalen arteko talka zuzenaren lekuko izan zen. Garai hartan Lizarraga jeneral Karlistak guztiz blokeatuta zuen Tolosako herria, eta setio hura apurtzeko helburua zuen Moriones jeneral Liberalak. 

Bataila hartatik 150 urte beteko dira abenduan, eta urteurren horren aitzakian, gertatutakoa ikertzen aritu da, azken hiru urteotan, Aranzadi Zientzia Elkarteko Karlos Almorza, Jexux Bidaola eta Jose Luis Iraolaren laguntzarekin. Amasa-Villabonako, Andoaingo, Berastegiko eta Tolosako Udalen laguntza izan dute ikerketa hori egiteko.

Bada, azken emaitzak asteburuan aurkeztu dituzte, eta informazio hori biltzen duten panelak jarri dituzte puntu askotan: Uzturren, Amasako Meakako gurutzean, Berastegin, Tolosan eta Belabietan bertan. Andu Martinez de Rituerto, Tolosako alkatea, ekitaldian izan zen, Beatriz Unzue eta Andoni Zuriarrain Amasa-Villabonako eta Berastegiko alkateekin batera. Abenduan, urteurrenarekin bat eginez, ekitaldi gehiago antolatuko dira batailaren inguruan gehiago sakontzeko.

 

 

4000 dokumentutik gora aztertuz

Hiru urteko lana egin du Aranzadi Zientzia Elkarteak. 2021. urtean dokumentazioa jasotzeari ekin zioten, Amasa-Villabonako, Andoaingo, Tolosako, Berastegiko, Hernaniko, Elduaingo, Lekunberriko, Olaberriako eta Leitzako udal artxiboetan. Herrietako hildakoen liburuak, eta Donostiako Gotzaindegiko eta Elizbarrutiko Artxibo Historikoak ere miatu dituzte. 

4.000 dokumentutik gora bildu dituzte. Horrela jakin dute Amasan 1873ko abenduaren 9an, 14.000 soldadu inguru aritu zirela borrokan, eta 600 baja inguru izan zirela. Batailak egun bakar bat iraun bazuen ere, armada Karlistako 3.000 soldadu inguru hiru hilabetez Amasan egon zirela ere jakin dute. Iaz, berriz, Amasa eta Belabietako mendiak miatu eta jasotako dokumentuetan azaltzen diren leku guztiak aztertu zituzten.

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA