- Ostegunetik hasita asteazkena bitartean, garraio publikoa indartu egingo da eta aldaketak egongo dira ordutegi zein ibilbide aldetik. Lurraldebusek eta Renfek gaueko zerbitzu berezia ere eskainiko dute.
- Udaltzaingo zerbitzua 24 orduz eskainiko da eta aurten lehen aldiz, Sexu-Bizi Gune Morea deituriko espazioa ere ahalbidetuko da San Frantzisko eliza parean, eraso matxisten aurkako babeserako, informaziorako eta aholkularitzarako.
Heldu da inauterietarako azken atzera kontua eta Tolosako Udalak jai egunei loturiko azken oharrak azpimarratu nahi ditu, garraio publikoari eta herritarren segurtasunei loturikoak.
Garraio publikoa indartuko da eta aldaketak egongo dira ibilbide eta ordutegian
- Lurraldebus eta hiribusa -
Ostegunean, goizeko 12:00etatik hasita asteazkena arte (goizeko 10:00ak), aldaketak egongo dira garraio publikoan.
Lurraldebusari dagokionean, herriko erdigunean egingo diren trafiko itxierak direla eta, herri kanpotik egin beharko dute ibilbidea eta horrenbestez, Donostiarantz doazen autobusek, esaterako, Kondeaneko aldapan, Santa Klaran (Napar Zubiaren parean) eta Larramendin egingo dituzte geldiuneak. Beste norantzakoek ere, gauza bera egingo dute.
Horrez gain, otsailaren 16an, 18an, 19an eta 20an gaueko autobus zerbitzua ere eskainiko du Lurraldebusek, Abaltzisketa, Berastegi eta Asteasuko norantzetan, hain zuzen.
Hiribusean ere aldaketak egongo dira. Larunbata bitartean herrigunetik pasako da eta geldiuneak egingo ditu, besteak beste, Santa Klaran, Foruen kalean, Geltokin… Larunbatean bertan, eguerdiko 12:30etik aurrera, erdigunera sarbidea itxiko da eta ibilbidea herria inguratuz egingo du: Santa Klara, Kondeaneko aldapa, Iurramendiko errotonda, kiroldegia, Amarotz… Igandean, astelehenean eta asteartean, halaber, zerbitzua goizeko 10:30-14:30 eta arratsaldeko 16:00-22:00 bitartean eskainiko da.
Edozein kasutan, udaltzaingoak ohar informatiboak jarriko ditu markesina guztietan.
Kasu honetan, tren zerbitzua ere indartu egingo da eta igandetik asteartera bitartean, ordutegian aldaketak egongo dira eta gaueko tren zerbitzu berezia ere eskainiko da.
Autobus, hiribus zein tren ordutegien eta ibilbideen aldaketaren inguruko informazio guztia eskuragarri dago udal webgunean, esteka honetan.
Zerkausiko mahaiak
Inauteri egunetan, Tolosako Udalak mahaiak jartzen ditu Zerkausian herritarrek bertan bazkaltzeko aukera izan dezaten. Horri lotuta, jakinarazi du mahai horiek arratsaldeko 17:00etan garbitu eta jaso egingo direla festari tokia egin eta ospakizunarekin jarraitzeko.
Udaltzaingo zerbitzua 24 orduz eta Gune Morea, herritar ororen segurtasuna bermatzeko
Segurtasuna jaien ardatz izanik, jai berdinzaleago batzuen alde, JOKA SANO! Eta #LIBRENonahi kanpainez haratago, aurten lehen aldiz SEXU-BIZI GUNE MOREA espazioa jarriko da inauteri egunetan, hain zuzen, Zaldunitan eta Astelenitan, eraso matxisten aurkako babeserako, informaziorako eta aholkularitzarako. Espazio hau San Frantzisko eliza alboan kokatuko da eta zabalik egongo da gaueko 24:00etatik 03:00etara. Helburu du eskuhartzeak, harreman eta sexualitate osasuntsuak bultzatzea, prebentzioa osotasunean landuz eta jai inguruetara hurbilduz.
Herritarren segurtasuna bermatzeko, halaber, zaintza lanetarako errefortzua jarriko da eta Ertzaintzak eta Udaltzaingoak modu koordinatuan egingo dute lan. Udaltzaingoa, halaber, 24 orduz egongo da lanean eta 943 67 58 58 telefonoa 24 orduz egongo da zabalik herritarrentzat.