- Udaletxeko pleno aretoa jendez bete zen atzo iluntzean; oro har, begi onez hartu dira aurtengo aldaketak, eta zenbait hobekuntza zerrendatu dira.
- Neurriak hartu arren, kezka iturri izaten jarraitzen dute pilatutako zabor kopuruak, zarataren kontrolak eta alkoholaren kontsumoak, eta udalak egoera horiek zuzentzeko lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du.
Inauteriak igarota, hausnarketarako tartea hartu, datuak pilatu, eta atzo iluntzean eragile eta herritarren iritziak bildu ondoren, jaien balorazioa egin du udalak.
Orokorrean, parte hartze altua eta inauterizaleen sormena azpimarratu ditu Andu Martinez de Rituerto alkateak: «Inauterizaleak zoriondu nahi ditut, beste behin ere onena eman eta denon artean orokorrean festa ederrak pasa ditugulako. Badira hobetu eta zuzendu beharrekoak, noski, eta horietan jarriko ditugu indarrak datorren urtera begira».
Era berean, bi puntu beltz aipatu ditu: salatutako sexu erasoak eta Ertzaintzaren kargagatik zauritutako gazteen kasuak. «Behar adina aldiz aldarrikatzen jarraituko dugu sexu erasoek ez dutela lekurik jaietan. Kargarekin gertatutakoa argitzeko eskatzen jarraituko dugu, baina jende kopurua ikusita, prozeduran aldaketa bat behar dela ere uste dugu. Hala ere, gertakari horiez gain, bada azpimarratu nahi dudan beste mezu bat: Tolosak beste behin erakutsi duela festaz lasai gozatu besterik ez duela nahi».
Txarangak: dantzaldien leku aldaketa, positiboa
Zerkausian izan dira aurtengo dantzaldiak Berdura Plazan beharrean, eta txarangek nahiz inauterizaleek begi onez hartu dute leku aldaketa. Belaunaldi ezberdinetako jende gehiago izan dela azpimarratu dute. Hobekuntza modura, eszenatoki handiagoa jartzeko aukera aztertuko da, musikari guztiak oholtzan egon daitezen.
Zaldunita eguneko igoera eta jaitsiera da txarangei dagokienean puntu kritikoetako bat. Aurten inoiz ez bezalako jendetza pilatu zen egun horretan, arratsaldean bereziki, eta zaila izan zen musikarientzat aurrera egitea. Kale salmetako postuen leku aldaketa eta txarangek ohiko ibilbidea espaloitik egitea aztertuko da.
Zezen plaza: pilaketarik gabe
Sarbideetan pilaketarik eta arrisku egoerarik ez da izan aurten, eta modu nahiko ordenatuan egin da, aforo arauak betez eta segurtasuna bermatuta. Txarangazaleek errespetatu dituzte sarrera eta irteera arauak, eta bereziki azpimarragarria izan da gaztetxoek sartzeko aurten erakutsi duten jarrera ona.
Kontagailu bidez hondargunean egoteko gaztetxoen sarbidea edota txarangekin sartzeko zozketa sistema egokiak izan daitezkeela ikusi da, nahiz eta badauden zuzendu eta gehiago findu beharreko zenbait puntu: harmailetara ez pasatzea edo kontrola azkartzea, esaterako. Egun batzuk trataera berezia behar ote duten aztertuko da datorren urterako.
Sarreren salmentari dagokionez, eskaria eskaintza baino askoz ere handiagoa izan da aurten ere. Itxaronaldiak ekiditeko beste aukera batzuk aztertuko dira datorren urtera begira.
Asteartitako pattar zezeneko giroa bereziki nabarmendu dute inauterizaleek, jende ugari bildu baitzen. Sokamuturrari dagokionez, kokalekuarekin errotazioa egitea proposatu da, Plaza Zaharra/Zerkausiaren eta Plaza Berriaren artean. Zerkausi inguruan ikusleentzat leku askoz ere gehiago dagoela azpimarratu du udalak, baina parte hartzaileek nabarmendu dute korri egiteko erosoagoa dela Plaza Berria, leku gehiago baitago.
Gazteentzako eskaintza: sakontzeko bide bat
Zezenek irauten duten bitartean gazteentzako eskaintza gehiago indartu da aurten, haurren dantza ikuskizun, kontzertu eta DJ emanaldiekin; bereziki jendetza bildu zuen Oihan Vegak. Dena den, eskaintza horrekin gehiago sakondu behar dela uste du udalak, publiko bat badagoelako eta ordu tarte horiek betetzeko beharra dagoelako.
Zaldunita eguneko Gozategiren kontzertua ere jendetsua izan zen. Zentzu horretan, egun eta ordu horretan kontzertu bat programatzearena aukera ona dela ondorioztatu da, egun horretan jende asko pilatzen baita Tolosan, eta dibertsifikatzeko aukera ematen duelako.
Txosnagunea: jende askoren bilgune
Kokalekuaren errotazio sistema abian jarrita, Trianguloan kokatu da aurten txosnagunea. Giro ona izan da, eta kontzertuetan bereziki belaunaldi askotako jendea batu da. Ingurua txukun mantendu da, eta lehen eguna ez beste egunetan, ondo errespetatu da ordutegia.
Plazaren inguruan hartutako babes neurriak ere ondo hartu dituzte, baita bizilagunek ere, hala nola, pasabide eta garajeetako sarbideen itxierak, Atautsen babesa edo argiztapena.
Karrozak: oinarria jarrita, hobetzen jarraitzera
Aurtengo inauterietan 22 karrozak parte hartu dute, gehienak Zaldunita egunean, 17. Urrats garrantzitsuak eman dira aurten, sistema elektrikoa jarrita edota leku batetik bestera garraiatzeko konboi bereziak antolatuta, eta horrek elkarbizitza eta segurtasuna hobetzeko bide eman du. Oinarria jarri da, beraz, baina badaude hobetzekoak: hala nola, jasotzeko garaian itxaronaldi luzeak ekiditeko ordutegiak fintzea edo kokalekuen orden egokiagoa.
Zarataren neurgailuak jarri dira, eta karrozek ez dute muga gainditu. Hala eta guztiz ere, lanketa egiten jarraitzeko beharra dagoela ikusi da. Era berean, izan ziren txarangen igoera eta jaitsiera errespetatu ez zituzten karroza batzuk, eta hori zaintzeko eskaera egin zaie.
Ikuskizunen ekarpenari dagokionez, beharrezko ikusi da Asteartitako eskaintza indartzea, ez baitziren ikuskizun asko izan. Parodia eta Tolosarekin lotura estua duten gaiak lehenesteko proposamena egin zuten inauterizale batzuk, eta aukera hori aztertuko da elkartearekin.
Konpartsak: lanketa handia aurretik
41 konpartsak eman dute izena aurten, horietako batzuk plataformarik gabekoak. Konpartsa horien lana eta ikuskizuna txalotu ditu udalak ekarpen handia egin baitute beste behin, txoko askotan izan baitira parodiak egiten.
Plataforma izan duten beste hamabostek erabili dute Ferialekua eta horiek Nafarroa Etorbidean izan dira. Azken hauen kasuan, ordea, aurten talde horiekin bilerak egin diren arren, lanketa handia dagoela uste du udalak: ordutegia ondo bete da, baina inguru horretan jarri diren neurgailuek erakutsi dute ez dela bolumena errespetatu, irten aurretik soinu ekipoen kontrola egin bazen ere. Ikuskizunen maila ere eskasa izan dela ondorioztatu da, eta Inauteriari ekarpen handiagoa egiteko lanketa abiatu nahi da.
Badira kezka handiagoa sortu duten bi puntu: zaborra biltzeko jarritako edukiontziek ez dute inolako erabilerarik izan. Bestetik, alkohol kontsumoarekin ere arduratuta da udala eta, prebentzio lanak egin arren, gehiago kontrolatzeko neurrietan jarriko ditu indarrak datorren urteko inauteriei begira.
Zezen suzkoa: harrera bikaina
Piñata igande arratsaldean jende mordoa bildu zen Plaza Zaharrean eta Zerkausian. Oso harrera ona izan du. Aztertuko da ea nola luzatu daitekeen eskaintza, ekitaldiak denbora gehiago har dezan, baita egun gehiagotan programatu ote daitekeen.
Garbiketa: indartu arren, hondakin kopuruak gora
Udalak kezka agertu du, hondakinen bilketara, kale garbiketara eta komun gehigarriak jartzera baliabide gehiago bideratu arren, Inauterietan pilatutako hondakin kopuruak gora egiten jarraitzen duelako.
Bilketari dagokionez, aurten 54,5 tona jaso dira, iaz baino bost gehiago. Orduan ere igoera izan zen, eta goranzkoa da joera. 384.000 litro ur erabili dira aurten, joan den urtekoarekin alderatuta 129.000 litro gutxiago. Obretako 12 kontenedore handi jarri ziren herriko hainbat puntutan, baita 1.000 litroko edukiontzi gehiago ere. Baina edukiontziak alboan izan arren, zabor ugari pilatu zen, Astelenitako lehen orduetan batik bat, Nafarroa Etorbidean edo San Frantzisko pasealekuan. Bereziki zaila izan zen garbiketa zerbitzuko langileen lana.
«Aztertuko dugu nola indartu eta hobetu, baina dudarik gabe jarrera aldaketa bat behar da guztion aldetik», azaldu du Andu Martinez de Rituertok. Horregatik festan parte hartzen duten talde gehiagorekin lanketa abiatuko da, norberak bere lekutik egoera iraultzeko ekarpena egin dezan. Era berean, garbiketa lanetan aritu den 45 laguneko taldeari esker ona adierazi nahi dio, goizeko lehen ordurako guztia garbi egon zedin egin duen lanagatik.
Komunen inguruan, oraindik gehiago jartzeko beharra ikusi da, nahiz eta aurten inoiz baino gehiago jarri diren herrian zehar sakabanatuta. Bereziki Nafarroa Etorbide ingurua indartu behar dela ondorioztatu da.
Kezka, ordea, ez da kalean gertatu denaren ingurukoa bakarrik. Ferialekuan eta Bellota pabiloian zabor ugari geratu da pilatuta, jaso gabe. Gainera, jarrera guztiz desegokiak ere izan dira: komunetan pintaketak azaldu dira, eta Ferialekuan kirol taldeen materiala lapurtu eta hondatu ere egin dute. Horren aurrean neurriak hartuko ditu udalak.
Proposamen eta iritzi gehiago
Atzo bileran egoterik izan ez zutenei begira, aurtengo inauterien inguruan iritzia eman edota datorren urtekoei begira proposamenak egiteko aukera zabalduko du udalak. Datozen egunotan emango dira xehetasun gehiago.