Inauterietako karrozen eta konpartsen lehiaketarako oinarriak finkatu ditu udalak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/02/06 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Guztira 5 sari banatuko dira, lehen saria, kategoria bakoitzeko sari bana eta Berdintasun saria.

  • Sari banaketa ekitaldia otsailaren 28an izango da, 19:00etan Topic-en.

  • Konpartsetan eta karrozetan parte hartzeko izen ematea bihar amaituko da. UDATEn egin behar da izen ematea.

 

Inauterien baitan igandean eta asteartean Tolosako kaleetan ibiliko diren karrozen eta konpartsen lehiaketarako oinarriak zehaztu ditu Tolosako Udalak. Ohi bezala, hiru kategoria zehaztu dira: karrozak, konpartsak eta plataformarik erabiliko ez duten taldeak. Kategoria bakoitzerako hainbat zehaztapen egin dira.

Karrozen kasuan, gutxieneko neurri hauek bete beharko ditu plataformak: 2,5 eta 3,5 metro arteko zabalera , zazpi metro luze eta metro bateko altuera. Horrez gain, ibilgailu baten gainean egina egon beharko da, edo atoian eraman beharko da. Karroza bakoitzak bere soinu ekipoa eta su itzalgailua eduki beharko ditu, eta gutxienez bost kidez osatuta egon beharko da. Emanaldia ere derrigor eskaini beharko dute.

Konpartsen kasuan, plataformak gutxienez bi metro zabal eta hiru metro luze izan beharko dira, eta derrigorrean emanaldi bat eskaini beharko dute. Plataformarik ez duten taldeek, berriz, baldintza bakarra bete beharko dute: emanaldi bat eskaintzea. A taldean parte hartuko duten lagun taldeek 21 lagunek baino gehiagok osatu beharko dute; B taldean lehiatuko direnek 11 eta 20 kide artekoak izan beharko dute; eta C taldekoek hamar edo hamar kidetik behera izan beharko dituzte.

Lehiaketako epaimahaia zazpi kidek osatuko dute: Tolosako Udalaren bi ordezkarik eta aurreko urteko konpartsa irabazleko bost ordezkarik. Epaimahaiak emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izango du.

 

Berdintasun irizpideak hartuko dira kontuan

Zehaztutako oinarriez gain, oro har, modu positiboan baloratuko dira harreman parekoak islatzen dituzten karrozak eta konpartsak, edota emakumezkoen partaidetza bultzatzen dutenak eta emakumeenganako edo bestelako identitate sexualenganako pentsamolde diskriminatzaileak saihesten dituztenak (lesbianak, homosexualak, transexualak, intersexualak). Balorazioa egin aurretik, epaimahaikideei berdintasun irizpide horien xehetasunak helaraziko zaizkie.

 

Sari banaketa otsailaren 28an

Guztira bost sari banatuko dira aurten ere: karrozen lehen saria, A, B eta C taldeetako konpartsen lehen hiru sari eta karroza edo konpartsa berdinzaleenaren saria. Epaia otsailaren 28an jakinaraziko da, 19:00etatik aurrera Topic-en egingo den ekitaldian. Saridun bakoitzak txapela bana jasoko du.

 

Izen ematea bihar amaitzen da

Lehiaketan parte hartu nahi dutenek diru laguntzen eskaerarekin batera adierazi behar dute haien asmoa. Gogoratu behar da konpartsetan eta karrozetan parte hartzeko izen ematea bihar amaitzen dela. UDATEn egin behar da izen ematea.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA