-
Bihar arratsaldean, 19:00etan, banatuko dira inauterietako sariak, Topic-en.
-
Inauterietako balorazioa egiteko herritarrekin bilera irekia datorren asteazkenean izango da, martxoak 3, 19:00etan, pleno aretoan.
Sei egunez etengabeko festan ibili ondoren, 2020ko inauterien lehen balorazio positiboa egin du udalak, zantzu orokorretan: eguraldi onak jendetza erakarri du beste urte batez, tolosarren imajinazioak, umoreak eta lanek kaleak bete dituzte eta ez da gertakari larririk jazo. Horrexegatik, udalak, tolosar guztiei egindako lana eskertu die, eta egunez egun, jarritako ilusioa eta inauteriaren parte izateko egindako ahalegina azpimarratu. Baita, eskerrik beroena eman ere inauteriak era egokian garatzeko, era batera edo bestera, lanean ibili diren guztiei.
Datu zehatzen zein aurtengo neurrien inguruko balorazioa datorren astean egingo du Tolosako Udalak. Herritarrekin egingo duen bilera irekia asteazkenean izango da, martxoak 3, 19:00etan, pleno aretoan.
Gertakariak
Momentuz eskuratu diren datuak kontuan hartuta, eta iazko datuekin alderatuz, aurten gora-behera gutxiago egon da. Alor sanitarioan larrialdi zerbitzuek 58 asistentzia egin dituzte, horietatik sei alkohol intoxikazioagatik (iaz 15 izan ziren); hamar anbulantzian eraman behar izan zituzten ospitalera, eta gainerakoak ebakiengatik eta kolpeengatik artatu zituzten.
Datuen arabera, lapurreta kopuruak ere behera egin du aurten. 50 salaketa jarri dira sakelako lapurretengatik, eta beste 40 diru-zorroen lapurretagatik. Hala ere, galera horietako asko ez dira lapurretak izan, dagoeneko 50 diru-zorrotik gora eta 15 mugikor jasota baitituzte Udaltzainek. Era berean, bai Ertzaintzak eta bai Udaltzaingoak hainbat pertsona identifikatu zituen lapurretengatik eta borroketan parte hartzeagatik. Aurten atxilotu bakarra egon da (iaz lau). Lokaletan egindako kalte materialei buruzko salaketa bakarra jaso da aurten.
Kale garbiketa eta hondakinak
Kale garbiketari dagokionez, berriz, 759.600 litro ur eta 700 litro desinfektatzaile usaindun erabili dira kaleak garbitzeko. Hondakin bilketa berezia izan da egunotan, eta edukiontzi gehiago zein puntu ezberdinak ezarri dira. Kalean 242 m3 hondakin jaso da sei egunotan. Eguraldi onak erakarrita, jendetza ibili zen igandean eta astelehenean Tolosako kaleetan, eta orduan bildu zen hondakin gehien.
Garraio publikoa
Beste urte batez asko izan dira Tolosara garraio publikoa erabiliz gerturatu direnak. Trena eta autobusa izan dira inauterietako garraio erabilienak. RENFE-k emandako datuen arabera, inoiz baino pertsona gehaigok aukeratu du aurten trena garraiobide bezala. Trena erabiliz, azken 10 urteotako jenderik gehien gerturatu den inauteriak izan dira aurtengoak. Batez ere igandean eta astelehenean. Astelehenean gaueko tren zerbitzua ia kolapsatu egin zen, eta datorren urtera begira zerbitzua indartzeko asmoa agertu du RENFE-k.
Sari banaketa bihar
Tolosako Udalak aurtengo inauterietako karrozak, konpartsak eta plataformarik erabili ez duten taldeak sarituko ditu aurten ere. Bihar izango da sari emate ekitaldia, 19:00etatik aurrera, Topic-en. Guztira bost sari banatuko dira: karrozen lehen saria, A, B eta C taldeetako konpartsen lehen hiru sari eta karroza edo konpartsa berdinzaleenaren saria. Saridun bakoitzak txapela bana jasoko du.
Zentzu horretan, herritar eta parte hartzaile gehiengoaren inplikazioa eta borondate ona eskertu nahi izan ditu udalak. Bestalde, gehitu du, identifikatuta daudela neurriak bete ez dituzten karroza eta konpartsak datu zehatzak bildu direlako eta horiek saririk edota diru-laguntzarik gabe gera daitezkeela. Gehiengoa izan dira bestelako jarrera ona azaldu dutenak, eta horiek balioan jarriz eta errekonozituz, kontuan izango dituzte sariak ematerakoan.