-
Horien artean esanguratsuenak: karroza eta konpartsek soinu ekipoetan mugatzaileak jarri behar izatea, gehienez ere onartuko den bolumena 90db-takoa izatea, emanaldirik ez denean musika bolumena erdira jaitsi behar izatea eta zezen plazan txarangen eta herritarren sarrera modu banatuan egitea guztien segurtasuna bermatzeko.
Gaur goizean egindako agerraldi bateratuan, udalbatza osatzen duten alderdi politiko guztietako ordezkariek ezagutzera eman dituzte 2020ko inauterietan kutsadura akustikoari aurre egiteko eta segurtasuna hobetzeko hartu diren neurriak.
Azaldu dutenez, neurriek ez dute zigorra ezta kontrola helburu, elkarbizitza eta segurtasuna baizik. Inauteriak guztionak eta guztiontzat, herritik eta herriarentzat diren jaiak izanik, aurrera pausoak ematen jarraitzea ezinbestekoa dela adierazi dute udal ordezkariek. Horretarako, baina, herritar eta eragile guztien laguntza eta inplikazio eta elkar-errespetua ezinbestekoak direla nabarmendu dute inauterietan modu ezberdinetara parte hartzen duten herritar guztien zein bisitarien elkarbizitzarako.
Berrikuntzak aurrez-aurre azaltzeko asmoz eta neurriek ahalik eta adostasunik zabalena izan dezaten, hainbat bilera egin ditu udalak azken asteotan eragile ezberdinekin, azkena atzo herritarrekin. Besteak beste, karroza eta konpartsetako, aisialdi taldeetako eta txarangetako kideekin eta bizilagunekin bildu da udala.
Soinu ekipoetan mugatzaileak eta gehienez ere 90db-eko bolumena:
Inauterietako araudi berezia garatzeko enpresa baten aholkularitza eta laguntza izan du udalak. Kontratatutako enpresak kutsadura akustikoari eta segurtasunari buruzko azterketa bat egin du eta azterketa horren ildotik ondorengo neurri zehatzak hartu eta adostu ditu udalak eragile eta herritarrekin:
Inauterien aurretik soinu-ekipoen muntaketa zuzena egiaztatuko da, horretarako ikuskatzaileek parte hartzaile bakoitzaren karroza eta konpartsak aztertuko dituzte oniritzia emateko eta musika ekipoak zigilatzeko, ezarritako soinu muga gainditu ez dezaten.
Soinu mugatzaileak ezartzeko diru laguntzak jasoko dituzte parte hartzaileek.
-
Txarangak eta kalejirak uneoro errespetatu beharko dira eta emanaldirik ez den bitartean musikaren bolumena erdira jaitsi beharko da. 01:00etatik aurrera ezingo da musikari jarri.
-
Konpartsa ibiltariak, disko-konpartsak etab. ezingo dira denbora luzez geldirik egon eta emanaldirik eskaintzen ez dutenek ez dute diru laguntzarik jasoko.
-
Zaraten kontrolerako eremua ezarriko da Triangulo plazan eta San Frantzisko kaleko 1 eta 2 atarietan. Bertan soilik zuzeneko musika egiten duten konpartsak edota musikarik gabekoak kokatu ahal izango dira.
-
Inauteri egunetan ikuskatzaileak egongo dira zarataren inguruko neurketak egiten eta hartutako neurriak errespetatzen direla ziurtatzen. Oinarriak ez betetzeak ondorioak izango ditu diru laguntzetan.
Inauteri egunetan egingo diren neurketa horiekin datozen urteetan aurrera pausoak ematen jarraitzeko neurriak zehaztuko dira, azterketa zehatz eta objektiboa oinarri hartuta.
Zezen plazarako sarrera txandaka eta banatuta segurtasuna bermatzeko:
Segurtasunari dagokionean, aurten 2 berrikuntza nagusi izango dira, batetik, txarangak eta herritarrak zezentokira modu ordenatuago eta seguruago batean sar daitezen, sarrera banatu egingo da, guztiak ilaran jarri beharko dira, alde batetik txarangak eta bestetik herritarrak, eta lehendabizi txarangak sartuko dira eta ondoren herritarrak. Txaranga bakoitzeko txandak egingo dira.
Bestalde, inauterietako egiturak eraiki eta dekoratzeko ordenantzan jasotako irizpideak jarraitu eta errespetatzen direla ziurtatzeko, inauterien aurretik ikuskatzaileek aurtengo inauterietan parte hartuko duten karroza eta konpartsa guztiak bisitatuko dituzte eta hobetzeko dituzten kontuen inguruan aholkularitza izango dute.
Azkenik, Ferialekuaren eta Bellotaren erabileraren inguruan ere kezka azaldu dute udal ordezkariek. Azken urteotan ohikoa bihurtu da karroza eta konpartsak eraikitzen diren denborak eremu horiek parte hartzaileek lokal modura erabiltzea, Ferialekuaren kasuan bertan kokatuta dauden kirol jarduera ezberdinetarako espazioak errespetatu gabe. Berriki, botilez, kristalez eta janari arrastoz beteta agertu dira aipaturiko kirol guneak eta hori dela eta udalak neurriak hartu ditu. Sarraila bereziak jarri dira, bai Ferialekuan eta baita Bellotan ere, eta 23:00etatik aurrera sarrera-irteera guztiak blokeatuta geratuko dira. Udaletik, halaber, gogorarazi dute debekatuta dagoela karroza eta konpartsak prestatzeko guneetan edan, jan eta erretzea.