Inauteririk ez datorren urtean

Tolosako Udala
2020/10/08 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Egungo egoera dela-eta jende pilaketak ekiditea funtsezkoa da herritarren segurtasuna, osasuna eta ongizatea bermatzeko, hori dela eta, udalak jakinarazi du, arduragatik, festa giroko jarduerarik ez dela egingo ohiko eran.

  • Azoka berezirik ere ez da ospatuko udazken honetan, eragileekin horrela adostuta eta Eguberrietako eskaintza ere aztertzen eta lantzen ari da udala, besteak beste, Olentzero eta Maridomingiren etorrera eta Erregen kabalgata nola egin zehazteko.

 

Covid-19a dela-eta hainbat eta hainbat jarduera ohiko eran gauzatzea ezinezkoa da herritarren ongizatea, osasuna eta segurtasuna bermatu ahal izateko. Horien artean daude auzoetako jaiak, azoka bereziak, gabonetako hainbat jarduera edota inauteriak.

Jende pilaketak ekiditea bete beharreko oinarrizko eta funtsezko araua izanik, udalak, arduragatik, festa giroko jarduera oro ohiko eran egingo ez dela jakinarazi du.

 

Proposamen berriak ohiko jarduerak ordezkatzeko:

Urte berezia bezain gogorra izaten ari da aurtengoa eta izango da, baita ere, hurrengoa erabateko normaltasuna berreskuratzen dugun arte, horregatik, udalak ohiko jarduerak ordezkatzeko proposamen berriak landu nahi ditu herriko eragileekin elkarlanean, tolosarrei, osasun eta segurtasun neurri guztiak beteko dituzten jarduera-egitarau berriak eskaintzeko.

Auzoetako festen ordez, auzo elkarteetako ordezkariekin elkarlanean alternatiba bat landu da eta urriko zubian “Kultura plazara” egitasmoaz gozatu ahal izango dugu tolosarrok. Kultur jarduera ezberdinak antolatu dira zezen plazan herritarrek kulturaz gozatzen jarraitzeko aukera izan dezaten.

Eguraldi txarra iragarrita badago ere, aurreikusitako ekitaldi guztiak mantendu egingo dira eta euria egiten badu estalitako goiko eremua erabiliko da.

Azoka berezien kasuan ere uztailean ekin zion udalak eragileekin biltzeari eta dagoeneko ari dira proposamen berriak lantzen eta ixten. Azokak ohiko eran ospatuko ez badira ere, ekintza txiki sinbolikoak egingo dira horien esentzia mantentzeko, azoka bereziak gure herri izaerari lotuta daudelako eta udazkenean gure herriaren ikur eta bereizgarri direlako.

Eta auzoetako jaiekin eta azoka bereziekin egin den moduan, gauza bera egin nahi du udalak gainerako festa eta jarduera guztiekin ere: lehenik eta behin eragileekin bildu, zer egin daitekeen aztertu eta ondoren proposamenak landu eta adostu.

Eguberrietako eskaintza aztertzeari ere ekin zaio, alternatibak lantzeko, besteak beste, Olentzero eta Maridomingiren etorrerarako edota Erregeen kabalgatarako. Edonola ere, etxeko txikienei zuzendutako ekimenak, modu eraberrituan badira ere, mantentzeko konpromiso osoa du udalak.

Eta inauterien harira, jakina da egungo testuinguruan, festak ohiko eran ospatzea ezinezkoa dela. Egon litezkeen aukera berriak eragileekin lantzeko, inauterietan parte hartzen duten taldeekin bilerak egingo ditu udalak gaurtik hasita, urriaren 15a bitartean. Izan ere, Tolosako inauteriak herritik eta herriarentzat antolatzen diren jaiak dira, izugarrizko parte hartze handia dutenak, horregatik, udalak eragile guztiekin bildu nahi du, inauteriak ohiko moduan ospatzea ezinezkoa bada ere, bestea aukera batzuk mahai gainean jarri, aztertu eta lantzeko.

Aisialdi taldeekin eta txarangekin bilerak gaur bertan egingo dira. Urriaren 14ean danborradako kideekin eta karroza eta konpartsetako ordezkariekin eta urriaren 15ean Arpegiko, Txosnaguneko eta elkarte gastronomiko ezberdinetako ordezkariekin egingo dira bilerak.

Proposamen berriak landu eta adostu ahala horien berri emango du udalak.