Jaume Funes adituak Tolosatzen Eskola Irekiaren baitan emango duen hitzaldia streaming bidez ere jarraitu ahal izango da

Tolosako Udala
2022/01/19 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Urtarrilaren 25ean Topic-en izango da hitzaldia, eta streaming bidez jarraitu ahal izango da tolosa.eus-en, eta ondoren Udalaren Youtubeko kanalera igoko da edozein unetan ikusi ahal izateko.

 

Tolosatzen Eskola Irekiaren egitarauaren baitan emango du hitzaldia Jaume Funes adituak urtarrilaren 25ean, 18:00etan Topic-en. Sarrera doan da eta dagoeneko eskuragarri daude hemen.

Funes psikologo, hezitzaile eta kazetari katalana da, eta bere bizitza profesionala nerabeen eta gazteen mundura eta gizartean hauek dituzten erronka eta zailtasunetara bideratu du. Tolosan emango duen “Nerabezaroa, bizikidetza eta emozioak” saioan hainbat gaien inguruan hausnartuko du, nerabeengan fokoa jarrita noski, diskurtso positibo, motibagarri eta eraikitzaile batekin: etengabeko ikasketa prozesu indibiduala eta kolektiboa, aldaketara bideratutako bizitza eta bide horretan komunitateak duen papera eta garrantzia, aldaketen kudeaketa, elkarbizitza, emozioak… Hitzaldia aurrez aurre ikusteko aukeraz gain, streaming bidez ere jarraitu ahal izango da tolosa.eus webgunean, eta ondoren Udalaren Youtubeko kanalean ere egongo da edozein unetan ikusi ahal izateko.

Horrez gain, urtarrilaren 26an, herriko nerabe talde batekin solasean arituko da Faunes Tolosako Lanbide Heziketa Zentroan, egungo testuinguruan gazteek dituzten beharren, kezken eta bizipenen inguruko entzute saio batean.

Gaitasunak trebatzea helburu

Tolosatzen Eskola Irekiak herritarrak hainbat gaitasunetan trebatzea eta elkar ezagutza sustatzea ditu helburu proiektuak, elkarlana eta lankidetza oinarri hartuta, Udalaren, herritarren, herriko talde antolatuen eta eragile ezberdinen arteko elkarrizketa eta elkarren arteko sinergiak sustatzeko asmoz.