-
Azaroaren 14ra arte ikusgai izango dira pintore tolosar honen lanak Aranburu Jauregian.
-
Erakusketa asteartetik larunbatera bisitatu ahal izango da 17:30etatik 20:30era.
-
Olatz Peon, Tolosako alkatea: “Tolosa beti izan da kultur sormenari lotutako herria Jose Luis Longaron bezalako tokiko artista eta sortzaileei esker beren lana eta sormena herriaren eta herritarren esku jarri dutelako”.
Gaur ireki ditu ateak iaz zendu zen Jose Luis Longaron tolosar artistaren obrekin osatutako erakusketak Aranburu Jauregian.
Inauguraziorik ez da egingo egungo testuinguruagatik, baina irekiera ekitaldin izan dira gaur Olatz Peon Ormazabal Tolosako alkatea, Longaronen senitartekoak, Nekane Mateo eta Michel Longaron, eta erakusketaren koordinatzaileak, Josema Gonzalez eta Iñaki Caballero.
Artistaren hainbat obra ikusi ahal izango dira Aranburu Jauregian 2 solairutan banatuta. Solairu bakoitzeko gehienezko edukiera 70 pertsonakoa da, beraz ezin izango dira 140 pertsona baino gehiago aldi berean erakusketa ikusten aritu, larrialdi egoerak eskatzen dituen babes neurriak bete eta herritar guztien osasun eta segurtasuna bermatze aldera.
Gaurtik hasita, azaroaren 14ra arte izango da ikusgai erakusketa, asteartetik larunbatera 17:30etatik 20:30era.
Olatz Peon alkateak nabarmendu du, Tolosa beti izan dela kultur sormenari lotutako herria Jose Luis Longaron bezalako tokiko artista eta sortzaileei esker beren lana eta sormena herriaren eta herritarren esku jarri dutelako. “Kalean Longaronen hainbat artelan topa ditzakegu Euskal Herria plazako sabaietan edota udaletxeko hormetan esaterako” azpimarratu du.
“Handia da artista honek utzitako uzta, erakusketa honek balio diezagula Jose Luis Longaron gure artean presente izaten, iaz utzitako hutsunea leuntzen; gizon artista honen itzala ez dadila inoiz itzali” adierazi du Tolosako alkateak.
Ekimen osagarria Topic-en urriaren 13an
Jose Luis Longaron Dies Irae musika taldeko kide zen, Iñaki Caballero, Txitxo Garmendia eta Jesus Acin-ekin batera.
Erakusketaz gain, omenaldi gisa, ekimen osagarria antolatu da, “Extrañeza”,taldearen ikusentzunezko montaia eskainiko baita urriaren 13an Topic-en 19:30ean.
Bizi oso bat pintatzen
Tolosan jaiotako artista hau oso gazte hasi zen pintatzen. Denbora guzti honetan hainbat eta hainbat erakusketa eskaini ditu artistak bere obrak herritarren eskura jarriz. 1980. urtean Mariano Arsuagarekin batera, POTT aldizkariaren diseinu artistikoaren ardura hartu zuen, Atxaga, Iturralde eta Sarrionaindiarekin elkarlanean.
1980ko hamarkadan arte plastikoetako irakasle lanetan aritu zen Tolosako inguruko hainbat herritan, eta 1987tik 2017ra arte Tolosako eta Ibarrako arte tailerretan.
1988an Euskal Herria plazako muralak pintatu zituen, Iñaki Epelde, Koldo Jauregi eta J.M. Hernandezekin batera.
1994. urtean Tolosako jaiotza eta Olentzero figura sortu zituen Iñaki Epelderekin elkarlanean.
1996. urtean, Laskorain Ikastolaren ekimenez, horma-irudia margotu zuen Usabalgo futbol zelaian. Urte bat geroago, 1997an, Uzturpe frontoian pintatu zuen horma-irudia Iñaki Epelderekin.
Eta beste hainbat ekimen eta erakusketen artean, 2009. urtean Naturaldia jardunaldietan, Arte-kalea proiektuan hartu zuen parte tolosaldeko hainbat artistekin batera.