Kabalgatarik ohiko eran ez, baina kalera aterako dira Olentzero, Mari Domingi eta Errege Magoak herriko haurrak agurtzera

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2021/12/21 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Ibilbide alternatiboa eta ekimen xumeagoa egingo da eremu zabaletan, ohiko zirkuitotik kanpo, babes eta prebentzio neurri gehigarriekin, arriskuak gutxitu eta jende pilaketarik ez gertatzeko.

  • Eragileek ahalegin berezia egin dute irteera antolatzeko eta boluntarioak egongo dira ibilbide osoan zehar laguntza ematen, horregatik udalak eta eragileek modu bateratuan eskatu diete herritarrei erantzunkidetasunez jokatzeko eta neurriak betetzen laguntzeko.

  • Kalera ateratzearekin batera, aurreikusi modura, egun osoan zehar Gure Zirkuan izango dira pertsonaia guztiak, 24ean eta 5ean haurrei harrera egiten.

 

 

Joan den astean herriko eragileek eta Tolosako Udalak bilera egin zuten Olentzero, Mari Domingi eta Errege Magoen etorreraren inguruan hitz egiteko, LABI teknikoaren gomendioen eta bereziki herritarren eskarien aurrean.

Bilera hartan, guztiak ados zeuden, Tolosako osasun egoerari erreparatuta arriskutsua izan zitekeela ohiko eran kabalgata egitea. Eragileekin elkarlanean, ekimen alternatiboa, xumeagoa, gauzatzea adostu da, etxeko txikienek, kalean, Olentzero, Mari Domingi eta Errege Magoak agurtzeko eta ikusteko aukera izan dezaten, betiere, modu seguruan; lehentasuna, oraindik orain, birusaren hedapena mugatzea baita, eta bereziki, tolosar guzti guztien osasuna eta segurtasuna zaintzea.

Ibilbidea, ohiko zirkuitotik eta jende pilaketak eman daitezkeen eremuetatik kanpo

Adostasunez erabaki da kalean zerbait egitea eta ibilbidea ohiko eremuetatik kanpo egitea, erdigunean ohikoak izaten direlako jende pilaketak, are eta gehiago Gabonetako egunetan. Hortaz, bai abenduaren 24ean eta baita urtarrilaren 5ean, ibilbidea zezen plazatik abiatuko da arratsaldeko 19:15ean eta Nafarroa etorbidea zeharkatu ondoren, Foruen etorbiderako bidea hartu eta San Frantzisko pasealekua osoa igaroko da, Pedro Tolosa eta Araba etorbideko bidegurutzeraino. Bertan, ibilbideari amaiera emango zaio.

Ekimena lekualdatu egin da eta eremu zabaletara eraman (San Frantzisko pasealekua eta Nafarroa etorbidea), arriskuak gutxitu eta jende pilaketak ekiditeko. Ekimen laburrak, sinbolikoak eta xumeak izango dira, biak hala biak. Eta Olentzero, Mari Domingi eta Errege Magoek, erraldoiak izango dituzte bidelagun ibilbidean zehar.

Erantzunkidetasuna eta laguntza neurriak bete eta distantziak mantentzeko

Gure Zirkuko eta Tolosako hiru ikastetxeetako guraso eta aisialdi taldeetako (Kazkabarra, Kirikiño, Ttenttek) boluntarioak ibilbidean zehar banatutako laguntza eskaintzen izango dira egingo diren 2 irteeretan.

Horregatik, Udalak eta eragile guztiek, modu bateratuan, guraso eta oro har herritarrei eskatu diete neurriak eta distantziak errespetatzen laguntzeko eta ahal den neurrian familia guneak mantentzeko, guztion eta noski, familien eta etxeko txikienen osasuna bermatu, babestu eta zaintzeko.

Kalean eta Gure Zirkuan, ere bai

Beraz, Olentzero, Mari Domingi eta Errege Magoak kalean izateaz gain, Gure Zirkuan ere izango dira Tolosako haurrak agurtzen egun osoan zehar 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara (gonbidapenak Bibe plataforman) eta kaleko ibilbidea, ondoren, 19:15etatik aurrera egingo da.

Olentzeraroren Basoa ere ikusgai dago, abenduaren 23ra arte, Elosegi parkean.

Egoerara egokitutako Gabonetako egitaraua

Kutsatze tasak gora eta gora egiten jarraitzen du Tolosan. Joan den asteko intzidentzia datua 1824koa bazen, egungoa 2273koa da. Egoera beraz, kezkagarria.

Hori dela eta, egoerara egokitutako programazioa antolatu da, hainbat kultur, kirol eta haurrei zuzendutako jarduera bereziekin. Udal webgunean horiek guztiak kontsultatu daitezke edo ikusi egitaraua digitala hemen.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA