- Tolosaldepedia egitasmoaren baitan, Tolosaldeko ezagutza Wikipedian jartzeko helburuarekin sortu diren artikuluak jasotzen ditu liburuak.
- Liburua eskuragarri dago Tolosako Udal Liburutegian maileguan eta eskualdeko liburutegi guztietan, baita formatu digitalean ere, eta artikuluak sortzen parte hartu dutenei ale bat banatuko zaie doan.
Covid-19ak eragindako itxialdian Tolosako Udalak martxan jarritako hainbat proiekturen artean sortu zen Tolosapedia egitasmoa, Tolosari buruzko ezagutzan sakondu eta herritarren arteko elkar-harremanak sustatzeko helburuarekin. Pandemian zehar, proiektuak hainbat aldaketa izan zituen eta eskualde izaera hartu zuen. 2021eko otsailean abiarazi zen Tolosaldepedia, proiektu herritarra, irekia eta kolaboratiboa, herripedia formatuan garatu dena Wikipedian eta herritarren ekarpenekin osatuz eta zabalduz joan dena.
Olatz Peon, Tolosako alkateak adierazi duenez, “Tolosa eta Tolosaldea historia askoko herria eta eskualdea dira, eta horren adierazgarri da Tolosaldepedia liburua. Herritarren parte hartzeari esker gauzatu ahal izan den proiektua da hau, Covid-19aren pandemia garaian Tolosan hasi eta eskualdera hedatu dena”.
Elkarlana izan da oinarri nagusia, eta hainbat tailer egin dira Tolosaldepedia bilduma modu ireki eta kolaboratiboan osatzeko. Peonen hitzetan, “asko izan dira bertan parte hartu duten taldeak, eragileak eta norbanakoak. Azpimarratzekoa da, esaterako, Tolosako Jabetze Eskolako emakumeen parte hartzea, erabat aberatsa izan baita, emakumea ardatz duten artikuluak idatziz emakumea bera bisibilizatzeko. Haur eta gazteen parte hartzea ere nabarmendu nahiko nuke, ikastetxeen eskutik Txikipedia osatzeko egin duten lan bikainagatik. Inguratzen gaituen horren inguruko ezagutza zabaltzea zuen helburu proiektu honek, ikuspegi ezberdinak bilduta, eta helburua oso ondo bete da. Ikuspegi feminista batetik, gazteen ikuspegitik, gizarteko alor eta sektore ezberdinen begiradatik sortu da, Tolosako eta eskualdeko historia eta bilakaera jasoz”.
114 pertsonen ekarpenak jasotzen ditu liburuak
Tolosaldepedia liburua garatzeko, hainbat lantegi egin dira Wikipedian editatzen ikasteko eta Tolosaldepedia proiektuan idazteko. Guztira 114 pertsonek hartu dute parte liburu osatzen eta aritukulak editatzen, eta 103 artikulu landu dira denera. Tolosako Alkareak eskerrak eman dizkie proiektuan parte hartu duten guztiei, “Tolosari eta eskualdeari buruzko altxor hau sortzegatik.”
Proiektua euskarazko Wikipedian gauzatu da batez ere, baina baita gaztelania eta beste hizkuntzetako Wikipedietan, herritarrek eta aukerek horrela eskatu ahala. Kontuan izan behar da, baita ere, Wikipediak hizkuntzen arteko itzulpenak ahalbidetzen dituela, eta horrela, gai bat hainbat hizkuntzetara itzuli daitekeela.
Bi norabide
Bi norabide ditu Tolosaldepedia liburuak. Batetik, Wikipediako hainbat artikulu paperean gorpuztu dira, nahiz eta artikulu horiek ez diren bere osotasunean paperean jarri, leku asko hartuko bailuke. Bestetik, liburutik, paperetik, Wikipediako artikuluak ikuskatu ahal izateko QR loturak jarri dira testuetan, artikulua osotasunean irakurri ahal izateko, eta, beharrezkoa ikusiz gero, zuzentzeko edo informazioa gehitzeko aukera egon dadin.
Liburua eskuragarri
Liburua eskuragarri dago Tolosako Udal Liburutegian maileguan, eta eskualdeko liburutegi guztietan, baita formatu digitalean ere, eta artikuluak sortzen parte hartu dutenei ale bat banatuko zaie doan.