Kamerata Euskadivariusek Beethoven musikaria omenduko du ostiralean Leidorren

Tolosako Udala
2020/03/10 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Neguko Kultur Programazioaren barruan antolatutako emanaldia da, eta konposatzaile handiaren jaiotzaren 250.urteurrenaren harira eskainiko dute.

  • Menditour jaialdiaren barruko emanaldiek eta Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako ekintzek gaur eta bihar dute jarraipena.

  • Tolosatzen Eskola Irekia egitasmoaren ikasturte hasierako ekitaldia ostegunean da, 18:30ean, Zerkausian, Virginia Imazekin.


 

2020. urtean Ludwig van Beethoven konposatzaile handiaren jaiotzaren 250.urteurrena ospatzen da, eta Kamerata EusKdivariusek omenaldi handi bat eskainiko dio. Horretarako, erronka ere zehaztuta du taldeak: Beethovenen bederatzi Sinfonia famatuak Gipuzkoa osoan zehar zabaltzea. Bi ardatz nagusi ditu proiektuak: Batetik, sinfonia bakoitzaren konexioa kontzertua eskainiko den herriarekin lotura estua izatea, honela Beethoven herriarekin era gertu eta zuzenean elkartuz. Eta, bestetik, kontzertuak atipikoak izango direla, 3 zati ezberdinekin eta 60 edota 70 minutuko iraupenarekin. Kamerata Euskadivariusek Leidorren egingo du Tolosako saioa, ostiralean, 20:30ean hasita.

Neguko Kultur Programazioaren barruan, eta Beethovenekin lotuta, datorren asteartean, martxoak 17, Fidelio opera ikusi ahalko da, Londresko Royal Opera Housetik zuzenean.

Bestelade, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek emanaldia egingo dute, Neguko Kultur Programaziaren barruan baita ere, larunbatean, Leidorren. ‘Bizi dantza’ ikuskizuna eskainiko dute, 17:00etatik aurrera.

Menditour eta Martxoak 8

Atzoz geroztik martxan den Menditour jaialdiaren barruko emanaldiek gaur eta bihar izango dute jarraipena. Gaur ‘Nebula’ eta ‘Manaslu’ ikus-entzunezkoak ikusi ahalko dira, eta bihar ‘Eskalada jasangarria Gipuzkoan’, ‘Treeline’ eta ‘Home’ ikus-entzunezkoak. Emanaldi denak Leidorren izango dira.

Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira antolatuko ekintzen artean hurrengoa gaur da: ‘Bigarren sexua: orain da atzokoa’ liburuaren aurkezpena, Irene Arrarats eta Uxue Alberdirekin, 19:00etan, Kultur Etxean. Bihar, berriz, ‘Estrategia feministak, nekropolitika eta neofaszismoaren aurka’ hitzaldia egingo du Nuria Alabao kazetariak eta antropologoak 19:00etan, Kultur Etxean.

Tolosatzen Eskola Irekiaren aurkezpena

Aurtengo ikasturteari hasiera emateko eta herritarrei talde motorrak osatu eta garatutako egitarauaren berri emateko ekitaldi berezia egingo da martxoaren 12an, 18:30etatik 20:00etara Zerkausian. Virginia Imazek hitzaldia eskainiko du umorea eta emozioak uztartuz. Ekitaldi irekia da eta herritar guztiak gonbidatuak daude.

Kultur jarduera gehiago

Bestelako kultur jarduerarik ere ez da faltako datozen egunetan Tolosan. ‘Ahoz Aho’ jaialdiaren barruan, larunbatean, Carolina Rueda colombiarrak emanaldia egingo du, Amarozko auzo etxean, 22:00etan hasita. Datorren astean, berriz, asteazkenean, haurrei zuzendutako Ahozkotasunaren Gala Nagusia egingo da, Leidorren, 10:00etatik aurrea

Amalur jardunaldien jarraipena

Azken asteetako geldiunearen ondoren, martxan dira berriz Amalur jardunaldien bueltako hitzaldiak. Ostegunean izango da hurrengoa, 19:30ean Topic-en. ‘Euskal Herritik Etiopara’ izenburupean hitzaldia egingo dute Angel Cuerdo eta Fabiola Jubín tolosarrek. Bidaiatzeko zuten interesa beren bizitzako ardatz bihurtu eta Etiopiara egindako bidaia izango dute hizpide: ezagututako tribuak edo Euskal Herriko hainbat GKEk bertan martxan jarritako proiektuak (Abay, Txirrindulari Proiektu Solidarioa, Etiopia Utopia…), besteak beste. Cuerdok eta Jubinek 17 dokumental baino gehiago egin dituzte telebistarako, eta munduari bira ematen jarraitzen dute Eneko, Aimar eta Naroa seme-alabekin batera, bizipenak ‘Viajes en familia’ seriean jasoz.

Martxoaren 13an, bestalde, Bartzelonan bizi den Livia Parettik Erromako gastronomiari buruz hitz egingo du. Ezin uka daiteke Erroma dela arteari dagokionean munduko hiri nagusietako bat, eta gastronomia kontuetan ere hala gertatzen da. Baina, ibili al daiteke pintxotan Erroman? Parettik horretarako gonbita egingo du hitzaldian, eta benetako Erroma ezagutu nahi dutenentzat sekretu txiki asko ere kontatuko ditu.

Agenda guztia ikusteko sartu agenda.tolosa.eus helbidean.