Kirola, musika eta Errege Desfilea urteari amaiera eta hasiera emateko

Tolosako Udala
2019/12/26 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • XXII. Elkartasun Krosa jokatuko da hilaren 31 arratsaldean; haurren probak 15:30ean hasiko dira eta helduen eta kadeteen proba 16:45ean.

  • Musika emanaldiek protagonismo berezia hartuko dute bihartik aurrera: Hodeiertz abesbatzak, Tolosako Musika Bandak eta Alos Quartet taldeek egingo dituzte emanaldiak.

  • Gernikako Arbolan hasi eta Zerkausian amaituko da Errege Desfilea. Herriko talde ugarik lagunduta egingo dute ibilbidea, eta desfilearen amaieran jaiotza lehiaketako sariak banatuko dituzte

 

Gabon giroa nabarmena da Tolosan. Aurreko asteko ekintzei urte amaierakoak eta 2020ko lehen astekoak gehitu behar zaizkie orain, kirol eta musika kutsu nabarmenarekin. Olentzero eta Mari Domingi datorren urtera arte agurtuta, Errege Magoen esperoan dira asko. Urtarrilaren 5ean iritsiko dira Tolosa ere, eta ohiko desfilea egingo dute.

 

Tolosako erraldoi eta buruhandien kalejirarekin hasiko da desfilea urtarrilaren 5ean, 17:30ean, Gernikako Arbolan. Plaza Zaharrean izango dituzte zain Erregeak, eta Solana, Korreo, Gorriti, Euskal Herria Plaza, Rondilla, eta Atadi kaleak zeharkatuko dituzte Zerkausira iritsi aurretik. 20:00ak alderako iritsiko dira Zerkausira, eta goxokiak banatuko dituzte bertan. 2020ko jaiotzen lehiaketan parte hartu duten haurrei sariak ere banatuko dizkiete. Lehiaketara aurkeztutako lanak Aranburu jauregian ikusi ahalko dira urtarrilaren 2tik 4ra bitartean, 17:30etik 20:30era.


 

Bi kirol jarduera

Gero eta ohikoagoa da urteari amaiera emateko kirol ekintzaren bat egitea. Tolosan Kirola eta elkartasuna uztartzen dituen Elkartasun Krosa egingo da abenduaren 31n. Krosaren 22.aldia egingo da aurten, Samaniego eta Orixe ikastetxeek antolatuta. Zerkausian hasi eta amaituko dira proba guztiak: 15:30ean hasiko dira haurren probak eta 16:45ean kadeteen eta helduen proba. Izen emateetatik jasotako dirua Kolonbiako Cauca Bailarako herrietara liburuak eraman eta bertako herritarren alfabetatzea sustatzeko “Mandozaina” proiektura bideratuko da.

Abenduaren 27an eta 28an, bestalde, IV. TEEP 24 orduko Areto Futbol Txapelketa jokatuko da Uzturre kiroldegian.

 

Musika emanaldi ugari

Ezin ulertu daitezke festa eta jai egun hauek musikarik gabe, eta aurreko astean bezalaxe, datozen egunetan ere musika emanaldiek leku berezia izango dute Tolosako agendan. Honakoak dira emanaldiak:

  • Abenduak 27: Hodeiertz abesbatzaren Eguberri Umama-Basque Christmas Songs ikuskizuna, 20:15ean, Leidor zineman. Etxean eta kalean entzun eta abestu diren Gabon kanten moldaketa bat da.

  • Abenduak 28: Tolosa Kantari kantujira herrikoiaren irteera, 12:00etan, Maria Luisa Agirre doktorea kalean hasita.

  • Abenduak 31: Tolosako Musika Bandaren Urte Zahar eguneko kalejira, 20:00etan hasita.

  • Urtarrilaren 4ra arte: Tolosa Izarrez Betea egitasmoko emanaldiak herriko hainbat txokotan.

  • Urtarrilak 5: Tolosako Musika Bandaren Errege eguneko kontzertua, 12:30ean hasita, musika eskolan.

 

Tolosako Udalak herriko hainbat talde eta eragilerekin batera antolatutako neguko kultur programazioko lehen ekintza ere Gabonen bueltan iritsiko da: Alos Quartet 20 urte & lagunak emanaldia. Urtarrilaren 3an izango da, eta hainbat gonbidaturekin batera ariko dira oholtzan Alos Quartet taldeko kideak: Oreka TX, Izaro, Aukeran dantza konpainia, Aitor Etxeberria, Amaia Elizaran, Gorka Hermosa… Emanaldia 20:30ean izango da, Leidorren.

 

Aipatutako ekitaldiez gain, Gabonetako haur parkea eta tailerrak ere egongo dira Zerkausian, Tolosa&Co eta Herrikidek antolatuta. 4 eta 14 urte bitarte haurrentzat izango da, eta honako ordutegia izango du, egunez egun:

  • Abenduak 28: 18:00 – 21:00

  • Abenduak 29: 10:00 – 14:00 eta 17:00 – 20:00

  • Abenduak 30: 10:00 – 14:00 eta 17:00 – 20:00

  • Abenduak 31: 10:00 – 13:00


 

 

Agenda guztia ikusteko sartu agenda.tolosa.eus helbidean.