Kultur etxeko ikastaroetan egindako lanak Aranburu Jauregian ikusgai uztailaren 6a bitarte

Tolosako Udala
2018/06/22 | Kultura, Gazteria, Jaiak

Kultur etxeko ikastaroek ikasturtea itxi dute Aranburu Jauregian urte osoko lanarekin osatu duten erakusketa herritarren gozagarri jarriaz. Aukera baliatuz, Nuria Carbonell, Kultura, Jaiak eta Gazteria zinegotziak egindako lana eskertu eta zoriondu die bertaratu diren partaide guztiei: “dantza eta antzerki tailerreko kideen ikuskizunek arrakasta handia izan dute, eta orain gainontzekoen lana dago tolosarren bistan. Nabari da ilusioz, gogoz eta mimo handiz egindakoak direla guztiak” nabarmendu du.

Tailerrek ematen duten gizarteratzeko aukera azpimarratu du zinegotziak irekiera ekitaldian: “elkargune dira, lagunak egin eta ikasteko aukera ematen dute, eta are aberatsago dira, taldelanaren balioa gehitzen baitzaio”.

Aurten ikastaroetako partaide kopuruak gora egin du: guztira 410. %5 hazi da kopurua pasaden urtetik. 10 ikastaro eskaini dira guztira. Balleta da ikasle gehien batzen dituen ikastaroa, 222 guztira, pintura (79), antzerkia (27), zeramika (24), ehoziriak (16), eskulanak (13), argazkigintza hastapena (10), argazkigintza praktikoa (10), Letren Txokoa (10) eta dantza garaikidea (7) jarraiki dituelarik. Pintura eta zeramikan 'emakumea' izan dute gaitzat, beren urtea delako 2018.

Carbonellen iritziz oso garrantzitsua da erantzun “ona” izatea Kultur Etxeak eta bere eskaintzak: “Tolosan kulturak duen garrantziaz jakitun, ezinbesteko da sokuntzari bere lekua ematea. Aurten, esaterako, lehen aldiz antolatu da Idazle tailerra, Letren Txokoa, eta oso arrakastatsua izan da ere. Hori babesten jarraitu eta antolatzen diren ekimenei balio gehigarria bilatzen jarraituko dugu” gaineratu du.

Erakusketa Aranburu Jauregian egongo da ikusgai uztailaren 6a arte, asteartetik larunbatera, 17:30etatik 20:30etara.