Kultur etxeko ikastaroetan izena emateko epea ireki da gaur

Tolosako Udala
2020/09/14 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Guztira 12 ikastaro eskainiko dira 2020/2021 ikasturtean: bederatzi kultur ikastaro eta gazteei zuzendutako beste hiru.

  • Orain arteko ikasleek irailaren 18ra arte dute matrikula egiteko epea, eta ikasle berriek irailaren 21etik 25era. Izen ematea online egin beharko da, udalaren webgunean.

 

Kultura eta Gazteria sailek ikastaro eta tailer berriak antolatu dituzte 2020/2021 ikasturterako; zehazki, Kultura sailetik 9 ikastaro eta tailer eta Gazteriatik 3.

Kulturak iazko eskaintza mantendu du: helduentzat antzerkia, argazkigintza, dantza garaikidea, ehoziri lanak eta patchworka, pintura/marrazketa eta zeramika; haurrentzat, berriz, baleta eta eskulanak. Egungo egoera dela-eta, ordutegiei dagokionez aldaketarik ere bada. Izan ere, ikastaroetan parte hartuko dutenen segurtasuna bermatzeko, ikasleen presentzia matrikulan hautatutako ordutegira mugatuko da. Hau da, bakoitzari dagokion ordutegiaz kanpo ezingo da kultur etxera joan.

Gazteria sailetik eskainitako jardueretan berrikuntzak daude aurtengo eskaintzan. Hiru ikastaro eskainiko dira: argazkigintza urbanoa gauez eta Ligthpaintinga, joskintza (patroigintza eta moda diseinua) eta shuffle dantza. Ikastaro horiek euskaraz izango dira eta 16-35 urte bitarteko gazteei zuzenduta egongo dira.

 

Izen ematea irekita

Ikastaroetan parte hartu nahi dutenek irekita dute dagoeneko izena emateko aukera. Iazko ikasleek irailaren 18ra arteko epea izango dute, eta ikasle berriek irailaren 21etik 25era.

Kultura ikastaroetan izena eman nahi dutenek on line egin behar dute, www.tolosa.eus web orrian. Gazteei zuzendutako ikastaroetan parte hartu nahi dutenek, berriz, emailez egin beharko dute, Tolosako Udalaren webgunean dagoen matrikula orria bete eta, gazteria@tolosa.eus helbidera bidalita. Kultura saileko ikastaroetan parte hartu nahi dutenek eta matrikula online egiteko aukerarik ez dutenek kultur etxean ere egin dezakete izen ematea, aurrez hitzordua hartuta telefonoz: 943 67 03 83.


 

Ordainketak

Gazteria saileko ikastaroak lehen eskola egunean ordainduko dira, kreditu txartelarekin. Kulturako ikastaroetarako aukera ezberdinak daude, eta ordainketa bakarrean edota bi zatitan banatuta egin daiteke.

Informazio gehiagorako jo webgunera: udala.tolosa.eus/eu/zerbitzuak/kultura-gazteria-jaiak/kultur-etxea/kultur-etxeko-ikastaroak-eta-tailerrak edo, kasuan kasu, kultura@tolosa.eus edota gazteria@tolosa.eus idatzi edota 943 670 383 zenbakira deitu.