Kulturaz online gozatzeko baliabide zerrenda zabaldu du Kultura sailak

Tolosako Udala
2020/04/03 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Udaberri dantza taldearen emanaldiekin, Ahoz Aho jaialdiaren baitako emanaldiekin, Tolosako iragana eta oraina biltzen dituen Kaxoia etxearen bildumarekin eta Euskadiko Orkesta Sinfonikoaren emanaldiekin osatu du eskaintza.
  • Etxetik bertatik herriko kultur sormenaz gozatzen jarraitu ahal izateko baliabideak Tolosako Udalaren agenda atalean bildu dira.

 

Etxetik bertatik herriko kultur sormenaz gozatu ahal izateko hainbat baliabide prestatu ditu azken egunetan Tolosako Udaleko Kultura Sailak. Eduki ezberdina biltzen duten webguneen inguruko gomendioak dira, eta Tolosarekin lotura duten argazki, bideo eta musika bildumak osatu dituzte. Aurreko astean egindako eskaintzari gehitu dizkiote Udaberri dantza taldearen emanaldiak, Ahoz Aho jaialdiaren baitako emanaldiak, Kaxoia produkzio etxearen bilduma eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoa etxetik bertatik entzuteko proposamenak.

Tolosako iragana eta oraina biltzen dituen Kaxoia produkzio etxearen bilduma guztiontzat modu irekian dago orain haien webgunean. Ikus entzunezkoen atalean, Udaberri dantza taldearen emanaldiak ere proposatu dituzte Kultura sailetik. Azken urteetan taldeak ahalegin handia egin du bere emaitzak denen eskura jartzeko eta horren harira sortu dituzten ikus-entzunezkoak bildu dituzte. Udalaren webguneko agenda atalean sartuta ikusi daitezke. Tolosako Menditour egitasmoan garaile irtendako lanak ere bertan kontsulta daitezke.

2020ko Ahoz Aho jaialdia ez da egiterik izango aurten Covid-19ren ondorioz, baina Intujai taldeko kideak buru-belarri ari dira lanean ahozko transmisioaren katea eten ez dadin. Taldearen Youtubeko kanalean hainbat emanaldi ari dira eskaintzen.

Etxean egon behar honetan, Euskadiko Orkesta Sinfonikoaz gozatzeko ere aukera ederra dela iritzita, haien hainbat emanaldi biltzen dituen webgunea ere gomendatu dute. Bertan ikusi daitezke, besteak beste, euskal talde ezagunekin edo pailazoekin batera grabatutako emanaldiak.

Mendu aisialdi taldearen erronka

Mendu aisialdi taldeak ere jaurti du erronka konfinamendu garai hauek arintzeko asmoarekin. Youtuben zabaldu dute erronka, eta etxean, edonork parte hartu ahal izateko erronka da. Bi dado, boligrafo bat eta papera behar dira. Parte hartuko duten pertsonek dadoak txandaka botako dituzte, eta bi zenbaki berdin lortutakoan papera eta boligrafoa hartu eta zenbakiak idatzi beharko ditu. Hurrena bi zenbaki berdin lortzen dituen kideak boligrafoa kendu eta berak hasi beharko du zenbakiak idazten. Ea nork lortzen duen 100 zenbakiak aurrena idaztea!

 

Aipaturiko baliabideetara sarrerak honako lotura hauetan daude:

www.kaxoia.com

Udaberri dantza taldea.

Menditour

Ahoz Aho Intujai

Euskadiko Orkesta Sinfonikoa

Mendu taldearen erronka