Kulturaz online gozatzeko hainbat baliabide prestatu ditu Tolosako Udaleko Kultura sailak

Tolosako Udala
2020/03/30 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Etxetik bertatik herriko kultur sormenaz gozatu ahal izateko hainbat webgune gomendatu dituzte, eta argazki, bideo eta musika bildumak osatu dituzte.
  • Liburutegiak mailegu epea luzatu egin du, oraingoz maiatzaren 4ra arte, eta eLiburutegia herritarren eskura dagoela gogorarazi du.

 

Etxetik bertatik herriko kultur sormenaz gozatu ahal izateko hainbat baliabide prestatu ditu Tolosako Udaleko Kultura Sailak. Eduki ezberdina biltzen duten webguneen inguruko gomendioak prestatu dituzte, eta Tolosarekin lotura duten argazki, bideo eta musika bildumak osatu dituzte.

Webguneei dagokionez, Mikel Gotzon Telleriaren bloga ekarri dute gogora, non Tolosako Entziklopedia, herriko hainbat gairi buruzko monografikoak eta egilearen fikziozko liburua aurki daitezkeen. Topic museoa ere azpimarratu dute, oraingoz bertatik bertara bisitarik ezin denez egin, txotxongiloaren nazioarteko museoan jasotzen diren altxorrak bisita birtual bidez ezagutzea proposatu dute. Horretarako, Topic-en webgunean sartu eta bisita birtualen atalera jo besterik ez da egin behar.

Argazki, bideo eta musika bildumak

Bestalde, Tolosarekin lotura duten argazki, bideo eta musika bildumak ere osatu dituzte. Besteak beste, 2020ko inauteriei buruzko argazki bilduma bat osatu da Flickr atarian, 400 argazki baino gehiagorekin.

Zer ote lirateke inauteriak, eta beste hainbat une garrantzitsu Tolosan, Udal Musika Bandarik, Txistulari bandarik eta txarangarik gabe. Hori dela eta, haiek sortutako diskoak mp3 formatoan bildu dira eta Soundcloud kontu batera igo dira, herritar guztien eskura jarriz. Honako loturan aurki ditzakezue disko horiek: Tolosako musika bandak.

Musikaz gozatzeko beste hainbat proposamen ere egin dituzte udaleko Kutura sailetik. Esaterako, Tolosako abesbatza lehiaketako saiorik onenak berriz entzutea edo ikustea, Tartean taldeak Bilboko Arriaga antzokian egindako “Simplicissimus” lanaren estreinakoa, edo Yllana taldearen emanaldiak.

Eliburutegia irakurtzen jarraitzeko:

Tolosako udal liburutegia itxita dago martxoaren 13az geroztik, eta ondorioz, paperezko liburuen eta aldizkarien zein DVD-n mailegurik ezin da ez egin eta ez itzuli. Horregatik, itxialdiaren aurretik hartutakoak itzultzeko epea maiatzaren 4ra arte luzatu dute, eta jakinarazi dute behar izanez gero epea luzatu egingo dutela.

Bestalde, gogorarazi dute itxialdi egoera honetan eLiburutegia, Euskadiko Liburutegi Zerbitzuaren on-line plataforma, balia daitekeela irakurtzen jarraitzeko edota efilm plataforma filmak etxean ikusteko. Bi zerbitzu digital horietara sartu ahal izateko hau da behar dena:

  • Erabiltzaile zenbakia: liburutegiko txartelaren zenbakia
  • Pasahitza: Tolosako liburutegiko txartela dutenen kasuan norbere izena dena minuskulaz.
  • E-maila aktibatuta izatea

Norberaren datuetan helbide elektronikoa falta dutenek, ez dute sarbiderik izango bi plataforma horietara. Horri irtenbidea emateko, edo pasahitza ahaztu bazaizu, jarri liburutegiarekin harremanetan: 943697462 edo liburutegia@tolosa.eus. (10:00-13:00 eta 16:00-20:00).

Topaguneko programa aste honetarako

Tolosako Gazte Topaguneak aste honetarako prestatu dituen ekintzen berri ere eman du. Gaur online jolasa egingo dute, eta Pinturillo jolasera arituko dira. Bihar, asteartea, pultsera tailerra egingo dute, asteazkenean erronka berri bat proposatuko dute, eta ostegunena kirolarekin lotutako ekintzak. Ostiralean, astero bezala, Zoom plataforma erabiliz bilkura egingo dute, eta larunbatean sukaldean arituko dira: etxean pizza bat nola egin ikasiko dute.

Gogoratu ekintza hauek denak 18:30etik aurrera eta Instagramen Topaguneak duen kanalaren bidez izaten direla (@topaguneatolosa). Instagram kontuko ‘stories’ atalean ematen dituzte goizero ekintza bakoitzaren inguruko azalpenak, jokoetara sartzeko gakoak…

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA