Larramendin eta Olarrainen festak ospatuko dituzte asteburuan

Tolosako Udala
2019/10/24 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Ostiralean “Ama Alu Lur” antzezlana ikusi ahal izango da kultur etxean eta larunbatean “Peloloco” haurrentzako antzezlana Topic-en

  • Larunbatean egingo den Goxua azoka bereziarekin batera hileroko Tolosa Kantari ere izango da kaleak girotzeko

Festa giroan murgilduko dira asteburu honetan Larramendin eta Olarrainen. Festak ospatuko dituzte bi auzoetan, ostiraletik igandera bitartean. Ostiral arratsaldean hasiko dira Larramendiko festak. Aurten Tolosa CF-ko neskek jaurtiko dute festen hasiera iragartzeko txupina, 17:30ean, eta ondoren tailerra, pintxo potea, Tolosako Bandaren emanaldia, zezen suzkoa eta kontzertuak egongo dira. Larunbatean, berriz, goizean goizetik musika izango da nagusi, auzo bazkaria eta sagardo dastaketa ere egingo dituzte eta musikarekin amaituko dute eguna. Iganderako patata tortilla lehiaketa, jolasak, bazkaria, tailerra eta zunba emanaldia prestatu dituzte.

Olarrainen mus txapelketa egingo dute ostiralean, auzo afaria larunbatean eta igandean Abraham Olano XXXI BTT trabesia herrikoia, ume jolasak eta bazkaria trikitilariekin eta bertsolariekin.

Larunbatean egingo den Goxua azoka bereziarekin batera hileroko Tolosa Kantari egitasmoa ere egingo da. Ohi bezala Mª Luisa Agirre doktorea kalean izango du hasiera, 12:00etan, eta herriko hainbat kaletan kantuan ibiltzeko aukera egongo da, 14:00ak arte.

Trianguloa plazan izango da Goxua azoka, 09:00etatik 14:00etara. Gazta tarta lehiaketa, “Gozogile egun batez” egitasmoa eta erroskilla banaketa egingo dira.

Bi antzerki aukeran

Antzerki alorreko bi zita daude asteburu honetan Tolosan. Ostiralean “Ama Alu Lur - Sorgin baten ametsak” antzezlana ikusi ahal izango da Kultur Etxean, 20:30etik aurrera. Intujai Teatro taldearen lan bat da, Bea Larrañaga eta Itziar Saenz de Sjer aktoreek taularatua. Sarrerak Kultur Etxean bertan eskura daitezke.

Larunbatean, berriz, “Peloloco” haurrentzako lana taularatuko dute Topic-en, 18:30ean. Mimaia Teatro talde kataluniarrak 6 urtetik aurrerako umeei zuzendutako lana eskainiko du, Giovanni Vergan istorioan oinarrituta, “Ros-so Malpelo”-k, Malpelo izeneko ume baten istorioa kontatzen duena. Sarreak www.topictolosa.com webgunean eta TOPICeko leihatilan eskuratu daitezke.

Asteburuko jarduera guztiei buruzko informazio osoa: www.agenda.tolosa.eus