-
2018. urtean indarrean sartutako Kontratazioaren Lege berriak hainbat aldaketa ekarri dituela eta zerbitzuak kontratatzeko baldintzak areagotu egin direla nabarmendu du udalak eta horren baitan, azpimarratu du, teknikoki pleguak egokiak direla eta objektibotasuna lehenetsi dela une oro lehiaketan parte hartu nahi duten enpesen aukera berdintasuna ziurtatzeko
-
Orain, Kontratuen Inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak egindako ohartarazpenak kontuan izanda, lehengo pleguak oinarri hartuta, egokitzapenak egingo ditu Udalak, berriz ere objektibotasuna eta zerbitzuaren kalitatea lehenetsiz
Leidor kudeatzeko lehiaketa publikoaren harira, Udalak hainbat argibide eman ditu, bereziki, Molatuk egindako baieztapen eta adierazpenak tarteko, horiek herritarrengan sortu ahal izan duten kezka eta konfusioa dela-eta.
Udaletik azaldu dute, 2018. urtean Kontratazio Lege berria indarrean sartu zela eta horrek aldaketa sakonak eragin dituela zerbitzuak kontratatzeko prozeduretan eta baita, zerbitzuak eskaintzeko bete beharreko baldintzetan ere. Edozein kasutan, Udalak, beti, legearen berme guztiekin prestatzen dituela pleguak herritarrei ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzeko helburuarekin berretsi dute.
Kontratazio Lege berria dela eta, esan bezala, bete beharreko baldintzak areagotu egin direnez, egun lehiaketetan errekurtsoak egotea erabat ohikoa eta arrunta bihurtu da. Horiek aztertu egiten dira eta ezarritako errekurtsoei erantzun egiten zaie. Ez da lehen aldia izan, eta etorkizunean ere gertatuko da, udalak martxan jarritako lehiaketa bati enpresa batek errekurtsoa jartzen diola, eta gauza bera gertatzen da hainbat eta hainbat herritan ere, Donostian, Bilbon edota Zarautzen esaterako. Edonola ere, Udalak berretsi du bere aburuz teknikoki pleguak egokiak zirela eta ezarritako baldintzak, kasu honetan esperientzia, herritarrei kalitatezko zerbitzua bermatzeko helburuarekin eskatu direla.
Orain, aurretik prestatutako pleguak oinarri hartuta, Kontratuen Inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoaren ebazpenari jarraiki beharrezkoak diren egokitzapen eta aldaketak egingo dira ahalik eta azkarren prozesua berriz ere martxan jartzeko. Dena den, udaletik azpimarratu dute, Molaturen errekurtsoa partzialki onartu dela eta ebazpenak eskatutako esperientzia mailari egiten diola aipamen (tankerako 3 kontratu izatea, esaterako) eta esperientzia hori ahalik eta zerbitzurik hoberena eskaintzeko helburuarekin eskatu dela berretsi dute Udaletik.
Hortaz, eta Molatuk egindako adierazpenen eta baieztapenen harira udaletik adierazi dute:
1. Ez da egia pleguak baztertzaileak direnik ez eta enpresa bati esleitzeko helburuarekin prestatu direnik ere. Oso grabea da horrelako baieztapenak egitea eta gezurra da esandakoa.
Gipuzkoan baldintza horiek betetzen dituen enpresa bakarra dagoela baieztatu du Molatuk eta Kontratuen Inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak prozesua eten bitartean Udalean jada 3 proposamen jaso ziren.
Beraz, udaletik argi utzi nahi da, Molatuk baldintzak ez bete izanak ez duela esan nahi pleguak zuzenak ez direnik edota irregulartasunak egon direnik, hori aditzera eman badute ere.
2.Objektibotasun osoz jardun da hasiera hasieratik lehiaketan parte hartu nahi duten enpresen aukera berdintasuna ziurtatzeko. Molatuk bere interes enpresarialak defendatzeko eskubide osoa du baina horretarako susmo txar eta faltsuak zabaldu gabe berdintasun aukeraren inguruan.
3. Eta are eta larriagoa da udal teknikari baten profesionaltasuna zalantzan jartzea, gezurrez baliatuz. Hori dela eta udalak, Molatuk egindako adierazpenak gaitzetsi ditu eta babes osoa adierazi dio Molatuk eztabaidaren erdigunean kokatu duen teknikariari.