Leidorrerako zine bonuak online erosi daitezke

Tolosako Udala
2020/10/09 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • 10, 20, edo 30 saiotarako bonuak dira. Bonu bakoitzarekin gehienez bi sarrera eskuratu ahalko dira saio bakoitzerako. Kutxabank-en sarrera salmenten atalean eskuratu daitezke bonuak.

  • Zinera sartu aurretik, bonuak sarrerengatik trukatu beharko dira, online Kutxabank-en edo leihatilan bertan.

 

Azken asteetan egon diren gora-behera guztiak konponduta, Leidor aretoko zine emanaldietarako bonuak online erosteko aukera martxan dago. Hiru bonu mota daude aukeran: 10, 20 edo 30 saiotarako bonuak. Erosten den unetik sei hilabeteko epean erabili beharko dira. 10 saioko bonuaren prezioa 30 eurokoa da, 20 saioko bonuarena 35 eurokoa eta 30 saioko bonuaren prezioa 40 eurokoa. Bonuak Kutxabank-en sarrera salmenten atalean eskuratu daitezke.

 

Bonua erosten dutenek, bonua sarrerengatik trukatu beharko dute pelikula bat ikusi behar duten bakoitzean. Horretarako bi aukera egongo dira:

 

  1. Kutxabank-en atarian sartu, ikusi nahi den filma aukeratu, eta sarrerak erosteko atalera joan. Behin atal horretara iritsita, bonu bakoitzak duen kodea sartu beharko da, eta trukean gehienez bi sarrera eskuratu ahalko dira.

  2. Filma hasi baino lehen Leidorreko leihatilara gerturatu, bonua bertako langileari erakutsi, eta trukean hark gehienez bi sarrera emango dizkio bonuaren jabeari.

 

Bonuak edozein zine saiotarako izango dira baliagarriak, estreinaldietarako izan ezik. Eta esan bezala, bonu bakoitzarekin gehienez ere bi sarrera eskuratu ahal izango dira.

 

Sarrera arruntak

Sarrera arruntak ere Kutxabank-en plataformaren bidez erosi ahalko dira. Kasu honetan, orain arteko salneurriak mantenduko dira. Sarrera murriztua eskuratu ahal izateko, erretirodun edota gazteen kasuan, ezinbestekoa izango da sarrera leihatilan eskuratzea.

 

Bost saio astean

Astean bost zine saio eskainiko dira Leidorren: ostegunetan zineforuma, larunbatetan zine arrunta (19:30ean), igandean zine arrunteko bi saio (16:00etan haurrei eskainitako zinea eta 19:30ean helduei zuzendutakoa) eta astelehenetan zine arrunta (20:30). Denboraldi hasieran astelehenetako saioak 20:00etan ziren, baina aurrerantzean ohiko ordutegian eskainiko dira, eta 20:30ean izango dira. Saio bakoitzaren ondoren aretoa desinfektatu egingo da, eta horretarako behar den denbora kontuan hartuta murriztu da emanaldi kopurua.

Gaur egungo egoerari erantzunez, Leidor zinearen edukiera %60koa izango da, eta 800 eserlekutatik 480 erabili ahalko dira. Eserlekuen artean 1,5 metroko tartea utziko da, bizikideak diren pertsonen artean izan ezik. Sarrerak eskuratzerakoan sistemak bizikideak elkarrekin jartzeko aukera emango du (gehienez hiru pertsona) eta beste taldeen arteko tarteak automatikoki banatuko ditu. Horrez gain, eta zinemara joaten direnen segurtasuna bermatzeko, filma hasi aurretik sartu beharko da aretora, behin argiak itzalita galarazita egongo baita aretora sartzea.

Tolosako Udalak barkamena eskatzen du azken asteetan bonuen salmentarekin egon diren gora beherengatik, eta behin arazoa konponduta, zineaz eta kulturaz gozatzen jarraitzeko gonbita egiten die herritarrei.