Lorcaren “Yerma” antzeztuko dute antzerki tailerreko kideek ikasturte amaierako emankizunean

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2018/06/13 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Ostiral honetan, ekainak 15, 20:30ean, Leidor Aretoan.
  • Tic-Tac antzerki tailerreko kideak: “hitz larriz idazten den antzerkira gerturatu nahi izan dugu, poesia eta edertasuna gida izan ditugularik”.

Kultur Etxeko Tic-Tac antzerki tailerrak ikasturtea borobilduko du ostiral honetan, ekainak 15, 20:30etan, Leidor aretoan: Federico Garcia Lorcaren 'Yerma' antzeztuko dute, bere heriotzatik 82 urte bete direnean.

Aurkezpenean izan dira Nuria Carbonell, Kultura, Jaiak eta Gazteria zinegotzia, Elena Arambarri, Kultur Etxeko Tic-Tac antzerki tailerreko zuzendaria, eta aktoreak.

27 lagunek osatu dute tailerra 2017-18 ikasturtean, iaz baino 5 gehiagok. Askotarikoa da taldea, gazte zein heldu, eta horrexek egiten du taldekideen hitzetan bidaia hau “errealagoa eta aberatsagoa”.

Nuria Carbonell, Kultura, Jaiak eta Gazteria zinegotziak kide guztiek antzerkiagatik sentitzen duten “grina eta gogoa” nabarmendu ditu: “urtero tolosar guztioi ikasturteko lanaz gozatzeko aukera eskaintzen digute, eta eskertzekoa da hori. Gainera gero eta ekintza gehiago gauzatzen dituzte, herriko behar artistikoak betez, eta salto profesional hori, tarteka bada ere, azpimarratzekoa da”.

Taldekideek adierazi dute ilusio eta errespetu handiz landu dutela antzezlana: “musika izango dugu zuzenean, eta hitz larriz idazten den antzerkira gerturatu nahi izan dugu, poesia eta edertasuna gida izan ditugularik”.

Elena Aranbarri, antzerki tailerraren zuzendariak azaldu duenez, Yerma emakumea protagonista duen trilogia baten parte da: “ezer gutxi dakigu gure amonek eta birramonek garai haietan zuten bizimoduaz. Haiengana hurbildu nahi izan dugu, gure gurasoen etxean gelditutako isiltasunera, haien oroitzapena berreskuratzeko. Zertxobait aztertuta, Lorcaren emakumeen testuinguru historikora hurbildu nahi izan dugu, emakume haiek eta oraingoak zerk lotzen dituen jakiteko, eta haiek hobeto ulertu eta maitatzeko asmoz. Adierazpen-eskubidea hain garesti atera litekeen garai honetan, emakumeentzat “askatasun” hitza hain handia den garai honetan, desafio horri aurre egitea erabaki dugu”.

Zuzendariaren arabera, antzezlan honek islatu egiten du emakumeek jasaten zuten “diskriminazioa”: “besteen iritziak, zer esango ote duten horrek egiten zuen eta gaur egun sare sozialen bidez inoiz baino gehiago egiten duen presio handia. Halaber, gizona figura menderatzaile gisa aurkezten du. Inork ez du Federico García Lorcak baino egiazkotasun handiagoaz erakutsi beren nahiak, ilusioak edo izaki desberdinen tiranokeriak erreprimitu edo itotako itxaropenak tragedia bihurtu dituzten emakume askoren bizitza”.

Emakumeak beti izan dira protagonista Lorcaren antzerkian: “Emakume horiek harrapatuta azaltzen dira, gaur egun ere arrastaka daramatzagun eta gainditzeko borrokatzen ditugun antzinako mugen gatibu. Yermak gizartearen kontra egiten du borroka, baita bere buruaren kontra ere, gorputz eta arimako askatasuna lortzearren ”.

Hitzordua: ostirala, ekainak 15, 20:30etan, Leidor aretoan.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA