Musika doinuek hartu dituzte Tolosako eta Ibarrako kaleak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/05/25 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • 3.000 musikari inguru batu dituzte gaur Musikaldik, Euskal Herriko Musika Eskolen Elkartearen topaketak, eta Musikherriak, Tolosa eta Ibarra artean.
  • Junkal Guerrerok eta Eva Ugaldek jaso dute EHMEren Ohorezko batuta eta Legazpiko Musika Eskolak hartu du bi urte barru topaketa antolatzeko lekukoa.

 

Musikak hartu ditu Tolosako eta Ibarrako kaleak, Musikaldia eta Musikherria jaialdien aitzakian. Eguraldia lagun, ehundaka musikari eta musikazale batu dira bi herrietan, 3.000 inguru, eta txoko askotan ikuskizun ugariz gozatzeko aukera izan da goiz osoan zehar.

Musikaldi, Euskal Herriko Musika Eskolen Elkartearen topaketa, Tolosako Eduardo Mocoroa Musika Eskolak eta Loatzo Musika Eskolak antolatu dute aurten, eta bi herrien lotura puntua, Zumardiaundia, izan da agertoki nagusia. Bertan burutu da jaialdiko ekitaldi nagusia.

Bertan, bi urte barru topaketaren antolaketaz arduratuko den Musika Eskolari eman zaio lekukoa. Kasu honetan, Legazpiko Doinua musika eskolak izango du 2026ko topaketa antolatzeko ardura, eta Erik Galvez alkateak jaso du makila, Igor Zapirain eta Andu Martinez de Rituerto Ibarrako eta Tolosako alkateen eskutik. Segidan, ‘Abian da festa’, Musikaldiko ereserkia eskaini dute Legazpiko abesbatzak eta Donostiako bandak.



Ohorezko batuta, bi emakumerentzat

Ekitaldi berean, halaber, Euskal Herriko Musika Eskolen Elkartearen ohorezko izendapena ere egin da. Izendapen hau Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteko batzar nagusian aukeratzen da eta euskal kulturari egiten zaion ekarpena aitortzen da. Hala, arutengoan, bi emakumek jaso dute ohorezko batuta hori:  Eva Ugaldek eta Junkal Guerrerok, hain zuzen,  Euskadiko haur eta gazteen abesbatzentzat koru musikari egindako ekarpenagatik.

Eva Ugalde musikagile eta abesbatzen zuzendaria da. Donostiako Goi Kontserbatorioan ikasi ondoren, musika koral eta formatu txikiko konposizioan espezializatu zen. Egun, Musika Hizkuntzako eta Abesbatzako irakaslea da Donostiako Francisco Escuderé Musika Kontserbatorio profesionalean. Juncal Guerrero andoaindarrak, berriz, Luberri Abesbatza mistoa eta Luberri Xuri ahots zuriko abesbatza zuzentzen ditu. Abeslari gisa Kup Taldeko kide da, Gabriel Baltesen zuzendaritzapean. 

Junkal Guerrerok jaso ditu ohorezko bi batutak, Mikel Mate, Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteko presidentearen eskutik. Guerrerok bere lehen irakasleari, Begoña Tolaretxipiri, eskaini dio aitortza, pasioz irakatsitako guztiagatik eta ikasleei zuzendu zaie: «Entzun irakasleak, asko dute erakusteko-eta».

Ekitaldian presente izan dira Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburua, eta Tolosako eta Ibarrako alkate Andu Martinez de Rituerto eta Igor Zapirain. Guztiek nabarmendu dute musikak elkartzeko eta batzeko duen gaitasuna, baita inklusiorako ematen duen aukera ere. Norabide horretan, erakunde guztiek elkarrekin ahalegina egiteko beharra azpimarratu dute.

Ekitaldiari amaiera emateko, behar bereziak dituzten ikasleen emanaldia izan da, Donostiako musika eskolako ikasleen bandak lagunduta.

Musikherriaren bueltan ere, goizean goizetik abiatu dira dianak Tolosako auzoetatik eta eguerdi partean, musika doinuak erdigunera pasa dira. Festak jarraipena izango du goizaldera arte eta horrenbestez, festa giroa nagusi izango da Tolosan egun osoz.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA