Musika eta gastronomia uztartuko ditu aurten Kultura Plazara jaialdiak, berritasunez beteriko edizio honetan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2022/07/06 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Formatu berrituarekin egingo da aurten Kultura Plazara Jaialdia, kontzertuak eta gastronomia uztartuz, uztailaren 15etik 17ra, Zumarditxikian.
  • Xarles Iturbe, Garapen Ekonomikoa, Merkataritza, Azokak eta Turismoa Saileko zinegotzia: “Zumarditxikian jaialdi modura egin zen HARAGIko aurtengo topaketak izandako arrakasta ikusita, ildo beretik antolatu da aurtengo Kultura Plazara jaialdia, kontzertuak eta gastronomia uztartuz. Zumarditxikian izango da baita ere, eremua herritarrentzat berreskuratu nahi badugu, bizia eman behar diogulako espazio honi, ekimen ezberdinen eskutik. Bestalde, aurtengo edizioa lotuta dago abiatu berri dugun ELIKER, Kalitatezko Elikaduraren Zentroaren ekimenaren filosofiarekin, Tolosa gastronomiaren eta etorkizunaren elikaduraren erreferente bihurtzeko.”
  • Izarne Iglesias, kultur zinegotzia: “Berrikuntzekin dator aurtengo Kultura Plazara jaialdia, kultura babesteko apustuari eutsiz eta jaialdia herritarrentzat are eta erakargarriagoa egiteko asmoz. Egitarauan jasotako ekintza guztiak doakoak izango dira”.

 

 

Kultura Plazara jaialdia formatu berrituarekin egingo da aurten, gastronomia eta kultur emanaldiak uztartuz. Uztailaren 15etik 17ra Zumarditxikian egingo da eta puntako kontzertuez gain, dastaketa gastronomikoak ere egongo dira.

Prentsaurrean aurkeztu dute jaialdia Xarles Iturbe, Garapen Ekonomikoa, Merkataritza, Azokak eta Turismoa Saileko zinegotziak, Izarne Iglesias, kultur zinegotziak, Javi Rivero, AMA jatetxeko sukaldari eta ekintzaileak eta Bidean Produkzioak-eko kideek, kontzertuen ekoizpenen arduradunak.

Xarles Iturbe, Garapen Ekonomikoa, Merkataritza, Azokak eta Turismoa Saileko zinegotziak  adierazi duenez, “ez da kasualitatea aurtengo Kultura Plazara jaialdia gastronomiari lotuta izatea, urrats bat gehiago egin nahi izan baitugu. HARAGIko aurtengo topaketak izandako arrakasta ikusita, ildo beretik antolatu da Kultura Plazara jaialdiaren edizio berria, kontzertuak eta gastronomia uztartuz. Zumarditxikian izango da baita ere, eremua herritarrentzat berreskuratu nahi badugu, bizia eman behar diogulako espazio honi, ekimen ezberdinen eskutik”.

Iturbek gehitu du jaialdiaren izaera berria lotuta dagoela, baita ere, Tolosako Udalak abiatu berri duen ELIKER Kalitatezko Elikaduraren Zentroaren ekimenaren filosofiarekin: “Tolosa gastronomiaren eta etorkizunaren elikaduraren erreferente bihurtzeko helburuarekin, Eliker ekimena gorpuzten ari gara, udazkenera begirako ekintza plana zehazten eta ixten. Izan ere, berrikuntzak etorriko dira ekimen honen eskutik udazkenean: ekoizleei eta lehen sektoreari lotuta, tokiko produktuei lotuta eta azoka bereziei lotuta baita ere. Baina, udazkena iritsi aurretik, Kultura Plazara jaialdiaz gozatzeko aukera izango dugu, aurten kontzertuak eta gastronomia uztartuz”.

Izarne Iglesias, kultur zinegotziak azpimarratu dueneaz, “Tolosako Udalak kultura babesteko apustuan jarraitzen du eta aurten Kultura Plazara jaialdian berrikuntzak txertatu ditu egitaraua osatzeko eta jaialdia herritarrentzat are eta erakargarriagoa egiteko asmoz. Zumarditxikian izango da, asteburu bakar batean, eta kultur emanaldiez gain, show cooking-ak eta dastaketa gastronomikoak ere egongo dira herritarren gozamenerako. Gainera, egitarauan jasotako ekintza guztiak doakoak izango dira”.

Bi gune egongo dira Zumarditxikian: Gune Handia kontzertuetarako eta Gune Txikia, Herrixka izenekoa, dastaketa gastronomikoetarako. Kontzertuekin batera, ostiralean eta larunbatean Herrixka gunea ere zabalik izango da AMA jatetxearen eta Iñaki Telleria sukaldariaren eskutik, eta bertan jateko mahaiak eta aulkiak eongo dira.

Hiru egunetarako egitarau aberatsa antolatu du Tolosako Udalak, bertako artista eta sukaldarien parte hartzearekin:

 

Uztailak 15, ostirala

20:00

Gunearen irekiera

20:15

Show cooking eta dastaketa Javi Riveroren eskutik

22:00

Swingtonics kontzertua

23:30

DZ kontzertua

1:30

Gunearen itxiera

Uztailak 16, larunbata

12:00

Gunearen irekiera

12:30

Broken Brothers Brass Band (Kalejira Euskal Herria plazatik Zumardi Txikira)

13:20

Bermut dastaketa

14:30-20:00

Musika gune itxian

20:15

Rukula

21:15

El Txef A

22:00

Anari

23:30

El Txef A

1:30

Gunearen itxiera

Uztailak 17, igandea

11:00-16:00

Haur Parkea

(San Juanetarako aurreikusita zegoen, baina bertan behera geratu zen eguraldi txarragatik, eta Kultura Plazara jaialdian egingo da)

12:30

Sagardo edarien dastaketa

16:00

Gunearen itxiera

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA