Neguko kultur egitarauak 22 ekitaldi bilduko ditu urtarriletik apirilera bitartean

Tolosako Udala
2019/12/09 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Herritarren artean kultura kontsumoa sustatzeko eta bertako kultura indartzeko, Tolosako Udalak “kalitatezko kultur eskaintza baten alde” egiten duen apustuaren adierazle da gaur aurkeztu den egitaraua.

  • Herriko beste hainbat talde eta eragilerekin batera, adin tarte eta gustu guztietarako ekintzak antolatu dira.

  • Bi kulturzale bono jarriko dira herritarren eskura: Leidorren eskainiko diren zortzi kultur ikuskizunetarako bat, eta zuzeneko proiekzioetarako beste bat. Gaurtik aurrera eskuratu ahalko dira kultur etxean.

 

Kultur jarduerek aparteko lekua izaten jarraituko dute datozen hilabeteetan Tolosan. Izan ere, neguko kultura programazioak 22 ekitaldi biltzen ditu, urtarriletik apirilera bitartean ikusi ahalko direnak: kontzertuak, musikalak, bertsolariak, dantza emanaldiak, antzerkiak, haurrentzako ikuskizunak eta zuzeneko proiekzioak. Adin tarte eta gustu guztietarako egitaraua prestatu dute Tolosako Udalak eta herriko hainbat taldek eta eragilek, “neguko egun hotzak kulturaz goxatzeko”.

Izarne Iglesiasek Tolosako Udaleko Kultura, Gazteria eta Jaiak saileko zinegotziak zehaztu duenez, “udaletik kalitatezko kultur eskaintza baten aldeko apustua egiten dugu, eta antolatutako egitaraua da horren adierazlerik nagusiena. Herritarren artean kultur kontsumoa sustatu nahi dugu, eta baita bertako kultura indartu ere, euskaraz hainbat eta hainbat kultur emanaldi ere eskainiz”.

 

Kulturzale txartela

Kultur kontsumoa sustatzeko eta indartzeko udalak duen ekimenari lotuta jarriko dira salgai oraingoan ere kulturzale txartelak. Zentzu horretan, “bonoak eta kultura oparitzeko deia” egin du Iglesiasek: “Eguberrietako opari ezin hobea iruditzen zaigulako. Izan kulturzale bonoak oparituta, edo kultura beste edozein formatutan, baina oparitu kultura, kultura oparitzea baina gauza hoberik ez baitago”.

Neguko kultur egitarauan biltzen diren ekintzak urtarrilaren 3an hasiko dira, eta apirilaren 5ean amaitu. 18 ikuskizun eszeniko ikusi ahalko dira, eta hiru zuzeneko proiekzio. Eta horiez guztiez gozatzeko, kulturzale txartela erabili ahalko da. Tolosako Udalak bultzatuta, bi bono jarriko dira herritarren eskura.

Leidorren eskainiko diren zortzi kultur ikuskizunetarako baliagarria izango da txarteletako bat, 50 euroren truke eskuratu ahalko dena. Ikuskizun horietarako sarrerak banan-banan erosita baino 45 euro merkeago ikusi ahalko dira kulturzale txartela eskuratuta. Bigarren txartela zuzeneko proiekzioak ikusteko erabili ahalko da, eta 18 euroko kostua izango du (bestela 39 euro). Kulturzale txartelak gaurtik aurrera erosi ahalko dira, Tolosako kultur etxean, kreditu txartelarekin ordainduta.

Honakoak dira neguko kultur programazioan biltzen diren ekintzak:

  • Urtarrilak 3. Alos Quartet, Oreka TX, Izaro eta Aukeran. 20:30ean, Leidorren.

  • Urtarrilak 11. Goazen 6.0 musikala. 16:00etan eta 18:00etan, Leidorren.

  • Urtarrilak 17. Benito Lertxundiren kontzertua. 20:30ean, Leidorren.

  • Urtarrilak 18. Ataria Bertso Jaialdia. 18:30ean, Leidorren.

  • Urtarrilak 24. Haatik taldearen “Errimak bi oinetan” dantza emanaldia. 20:30ea, Leidorren.

  • Urtarrilak 29. “La Boheme” operaren zuzeneko proiekzioa. 20:45ean, Leidorren.

  • Urtarrilak 31. “Ene ba!” antzezlana. 20:30ean, Leidorren.

  • Otsailak 1. Ene Kantak, haurrentzako musika. 16:30ean, Leidorren.

  • Otsailak 7. “Circle of trust” dantza emanaldia. 20:30ean, Leidorren.

  • Otsailak 21. Ostiral meheko jaialdia. 22:30ean, Leidorren.

  • Otsailak 28. “Faemio y cansado 17 veces”. 20:30ean, Leidorren.

  • Martxoak 6. “Erlauntza” antzezlana. 20:30ean, Leidorren.

  • Martxoak 7. “Hansel eta Gretel” haurrentzako antzerkia. 18:00etan, Topic-en.

  • Martxoak 13. Kamerata Euskdivarius. 20:30ean, Leidorren.

  • Martxoak 14. Pirritx, Porrotx eta Marimotots: Bizi Dantza. Ordua zehazteko, Leidorren.

  • Martxoak 17. “Fidelio” operaren zuzeneko emanaldia. 20:45ean, Leidorren.

  • Martxoak 20. “Zaldi urdina” antzezlana. 20:30ean, Leidorren.

  • Martxoak 27. “El Rey Leon 2” musikala. Ordua zehazteko, Leidorren.

  • Apirilak 1. “El lago de los cisnes” balletaren zuzeneko proiekzioa. 20:45ean, Leidorren.

  • Apirilak 3. Tolosako Udal Musika Bandaren kontzertua. Ordua zehazteko, Topic-en.

  • Apirilak 5. Pirritx, Porrotx eta Aguraingo Orkestra. Ordua zehazteko, Leidorren.


 

Gogoratu ekintza guztiak agenda.tolosa.eus helbidean kontsulta daitezkeela.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA