Neguko kultur egitarauak leku berezia izango du datozen asteetan

Tolosako Udala
2020/01/08 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Goazen musikala, Benito Lertxundiren kontzertua, Atariako bertso saioa… eskainiko dira aste honetan eta hurrengoan. Gogoratu apirilaren 5era arte daudela ekintzak antolatuta Neguko Kultur programa bereziaren barruan.

  • Tolosako Udalak antolatutako ikuskizunetarako kulturzale bono apur batzuk ere eskuragarri daude oraindik kultur etxean.

 

Gabonak eta haren inguruko ospakizun eta ekitaldi bereziak amaituta, Tolosako agenda ohiko eskaintzarekin bueltan da berriz. Neguko kultur programazioak arreta berezia eskatzen du, urtarrilaren 3an Alos Quartet taldeak Oreka TX eta Izarorekin batera Leidorren eskaini zuen kontzertuaren ondoren, beste 21 ekintza geratzen baitira oraindik.

Goazen 6.0 musikala izango da neguko programazioaren barruan ikusi ahalko den hurrengo ikuskizuna. Irurako ikastolak antolatuta, larunbat honetan, urtarrilak 11, ikusi ahalko da musikala Leidorren. Bi saio egongo dira: 16:00etan eta 18:00etan. Gluglu produkzio etxeak ekoiztutako musikalerako sarrera guztiak agortuta daude.

Benito Lertxundiren kontzertua (urtarrilak 17) eta Ataria Bertso jaialdia (urtarrilak 18) dira neguko kultur programaren hurrengo ekintzak, baina gogoratu programazioaren barruan antolatutako ekintzak apirilaren 5era arte ez direla amaituko.


 

Kulturzale txartela

Gogoratu, baita ere, bi kulturzale bono eskuragarri daudela kultur etxean: Leidorren eskainiko diren zortzi kultur ikuskizunetarako bat, eta zuzeneko proiekzioetarako beste bat. Lehen kulturzale txartelaren prezioa 50 eurokoa da eta zuzeneko proiekzioetarako txartelarena 18 eurokoa. Kulturzale bono apur batzuk baino ez dira geratzen.

Neguko kultur programazioko ekintzak eta agenda guztia ikusteko sartu agenda.tolosa.eus helbidean.