Nerabeen kezkak argitzeko plataforma digitala erabilgarri

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2017/10/24 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Prebentzio mahaitik eratorritako proiektuak lehiaketa bidez aukeratutako Luna Barquero Bordonaberen irudia darama

  • Olatz Peon Ormazabal, Tolosako alkatea: “aberasgarriena, zerbitzu berriaren sorreraz gain, erakundeen arteko zeharkako lana”

  • www.tolosa.eus -en dago erabilgarri

 

Tolosa, 2017ko urriak 24

Tolosar gazteek badute beren galderak non argitu. Tolosako Prebentzio Mahaiak nerabeen zalantza eta kezkei erantzuteko plataforma digitala kaleratu berri du; www.tolosa.eus -en dago erabilgarri.

Olatz Peon Ormazabal, Tolosako alkateak eta Nerea Cerecedak eta Lurdes Senovillak, Udaleko Gazteria eta Prebentzio teknikariek, hurrenez hurren, eskaini duten prentsa agerraldian aurkeztu dute proiektu berria, Prebentzio Mahaia osatzen duten gainerako kideekin batera: Orixe; Herrikide eta Laskorain ikastetxeetako ordezkariak; Osasun Saileko eta Osakidetzako langileak; Topaguneko hezitzaileak eta kale-hezitzaileak; Berdinsex-eko sexu aholkularia; eta AECC elkarteko ordezkaria.

Alkateak nabarmendu du proiektu hau martxan jartzerakoan aberasgarriena, zerbitzu berriaren sorreraz gain, erakundeen arteko zeharkako lana izan dela eta honela adierazi du: “administrazioa erlazionala da, eta ondorioz, duela bi urte eta erdi, aberasgarritzat jo genuen integrazioa, koordinazioa eta komunikazioa hobetzearen alde pausoak ematea”.

Sorreratik gai ugari jorratu dituzte: dolua, AECC martxan ekimenak, botiltzarraren gaiari aurre egiteko esku-hartzeak eta aurkeztu berri den gazteen behar eta kezkei erantzuna emango dien plataforma digitala.

Luna Barquero Bordonabek egin du irudia. 15 urte ditu eta Laskorain ikastolako ikaslea da. Alkateak aurreratu duenez, irudia aukeratzeko martxan jarritako lehiaketara aurkeztu zen eta epaimahaiak generoaren trataeragatik, eta gaztetasuna eta galdera ikurraren arteko jokoarengatik aukeratu zuen. 300 euroko saria lortu du.

Irudiaren atzean, lau ataletan banatutako plataformarekin egingo dute topo nerabeek: sexualitatea, drogak eta adikzioak, gorputza ezagutu eta maitatu eta edozein gai plazaratzeko bote pronton gunea.

Teknikariek aurreratu dutenez, era “oso errazean” gazteek gai hauen inguruan izan ditzaketen kezkak plazara ditzakete “era anonimoan”.

Kezkei erantzuna emateko, kasuan kasuko Prebentzio Mahaiko kidea izango da arduraduna. Horrela, sexualitateari buruzko gaiak Berdinsex-eko sexu-aholkulariak landuko ditu; adikzioei dagozkienak, berriz, Lurdes Senovillak, Tolosako Udaleko Prebentzio teknikariak; Bote pronton atalean sartzen direnak, Nerea Cerecedak, Udaleko Gazteria teknikariak; eta gorputza ezagutu eta maitatu atalekoak, Osasun Saileko eta Osakidetzako langileek.

Erantzunak bideratzeko protokolo bat adostu dute inplikatutako erakunde eta eragile guztien artean, eta astebeteko epean, gehienez, erantzuna jasoko dute erabiltzaileek.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA