Olentzaroren Basoa bisitatzeko sarrerak eskuragarri azaroaren 26tik aurrera

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2022/11/17 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Iaz bezala, Elosegi parkean kokatu da eta bisitaldiak abenduaren 16tik 22ra, arratsaldez, gehienez 20 laguneko taldetan banatuta egingo dira.
  • Sarrerak eskuragarri jarriko dira aurrez-aurre erosteko azaroaren 26 eta 27an, Tolosako Antxon Bandres bidaiarien txokoan eta hilaren 28tik aurrera www.zumardia.eus webgunean. Aurtengoan 2 urtetik gorakoentzat sarrerak 5€ko kostua izango du eta irabaziak Olentzaroren basoa ekimena egonkortzera eta Zutani gobernuz kanpoko elkartearen lana babestu eta bultzatzera bideratuko dira.

 

Gabonak ate joka ditugu dagoeneko eta Tolosako Udala gogotsu ari da lanean herritarrei gabonetako ekintza egitarau oparoa eskaintzeko.

Eskaintza horren barruan kokatzen da, Zumardia Elkarteak, Tolosako Udalaren laguntzarekin antolatzen duen Olentzaroren Basoa.

Hasiak dira Tolosako Udala eta Zumardia Elkartea, elkarlanean, Elosegi Parkea atontzen, aurten ere, egitura eta argiztapen xumez jantziz. Eguberriaren zentzua berreskuratzea du helburu ekimenak eta bisitaldiko kontakizunean, eguzkiak neguko solstizioan duen lekua izango da ardatz nagusia; honi loturik, usadio zaharrak gogoratuko dira eta, aldi berean, garai haietan bereziki emakumeek egiten zituzten lanen garrantzia bistaratuko da.

Ez da Olentzerorik egongo, baina bertan dauden elementuek, etengabe, milaka begi dituela gogoraraziko diete bisitariei.

Sarrerak eskuragarri azaroaren 26tik aurrera

Olentzaroren Basoa abenduaren 16tik 22ra bitartean bisitatu ahal izango da. Arratsaldeko 17:30tan ekingo zaie ibilaldiei eta gehienez 20 pertsonaz osatutako taldeak sartuko dira 20 minuturo. Azken hitzordua 20:10ean izango da.

Bertan parte hartzeko izena eman nahi duenak azaroaren 26 eta 27an izango du horretarako aukera, aurrez aurre, Tolosako Antxon Bandres bidaiarien txokoan (Andre Maria plaza, 5) eta azaroaren 28tik aurrera on-line www.zumardia.eus web orrian.

Aurrez aurreko izen-ematearen ordutegia ondorengoa izango da:

Azaroaren 26an:

11:00etatik 13:00era

16:00etatik 19:00etara

Azaroaren 27an:

11:00etatik 13:00era.

Aurtengoan, baina, aldaketa bat egon da eta sarrera ez da doakoa izango. 2 urtetik gorakoentzat 5 €-ko kostua izango du eta irabaziak, batetik, Olentzaroren Basoa ekimena egonkortzera, eta bestetik, Gobernuz Kanpoko Erakunde baten lana babestu eta bultzatzera bideratuko dira.

Aurten, Tolosako Zutani Elkartea izango da onuraduna. Zutani-k pobrezia eta bazterkeria egoeran dauden herritarren alde egiten du lan eta elkartearen helburuen barruan, pobreziaren desagerpena, elikadura eskubidea bermatzea, justizia soziala eta egoera hori pairatzen dutenen gizarteratzea daude, hala nola, emakume etorkinena. Gainera, gai hauen inguruan herritarron sentsibilizazio lanetan dihardute.

Ume, heldu, zahar zein gazte… Kriseilua eskutan hartu eta goazen Olentzaroan murgiltzera! Basoan izango gaituzue zuen zain!

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA