Olentzero eta Mari Domingi, musika eta kirola Gabonetako lehen astean Tolosan

Tolosako Udala
2019/12/17 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Olentzerori eta Mari Domingiri harrera egingo zaie abenduaren 24an, arratsaldean, Santa Klaran. Zerkausian haiekin egoteko aukera izango dute haurrek.

  • Tolosako Musika Eskolak eta Akordeoi Orkestrak emanaldiak egingo dituzte eta Tolosa&Cok antolatutako “Tolosa izarrez beteta” kanpainaren baitan musika nagusi izango da datozen egunetan

  • Kirolak ere izango du bere lekua, bihar Tolosak Valladoliden aurka jokatuko duen partidarekin hasi eta igeriketa, irristaketa eta futbol txapelketekin.

Gabon giro betean sartuta daude jada Tolosako eragileak eta elkarteak, eta nabarmena da hori ekitaldien agendan. Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrerarako aste bete eskas falta den honetan, musika eta kirol ekintzek protagonismo berezia hartuko dute datozen egunetan.

Abenduaren 24an izango ditugu bisitan Tolosan ere Olentzero eta Mari Domingi. Santa Klaratik abiatuta Zerkausira arteko ibilbidea egingo dute, 18:00etatik 20:00etara bitartean. Plaza Zaharra igaro eta Plaza Berrian egingo dute lehen geldialdia, 18:30ean. Bertaratzen diren herritarrei hitz egingo diete, Udaberri dantza taldeko kideek dantza egingo dute eta Kazkabarrako eta Samaniegoko haurrek bertsoak abestuko dituzte kioskotik. Handik abiatu eta Gaztelako Arkuan egingo dute hurrengo geldialdia, 18:50 aldera, abesbatzak emanaldia egiteko. Zerkausira joango dira azkenik, marrazki lehiaketako sariak banatu eta 20:00ak arte haurrekin egoteko.

Gogoratu, Olentzero eta Mari Domingi Tolosara iritsi aurretik, Olentzaroren Basoa ezagutzeko aukera dagoela abenduaren 23ra arte, Zumardia elkartearen eskutik.

Musika emanaldi ugari

Gabonak ez daude ulertzerik musikarik gabe, eta aurten ere asko izango dira herrian zehar datozen egunetan entzun eta ikusi ahal izango diren musika emanaldiak. Honakoak dira:

  • Tolosa Izarrez Beteta: Abenduaren 18tik urtarrilaren 4ra bitartean, Tolosako eta inguruko herrietako hainbat artista kalean arituko dira kantuan, Tolosa&Cok antolatuta. Guztira, 12 emanaldi izango dira, herriko gune ezberdinetan, denak kalean. Egitarau osoa agenda.tolosa.eus helbidean dago.

  • Tolosako Musika Eskola: Tolosako Musika Eskolak hainbat emanaldi egingo ditu datozen egunetan:

    • Abenduak 17: Musika Eskolako ikasleen kontzertua, 19:00etan, musika eskolan.
    • Abenduak 19: Musika Eskolako akordeoi eta biolin taldeen Gabonetako kontzertua, 17:30ean, Uzturre Egoitzan,
    • Abenduak 20: "Gabon ipuin musikatua” kontzertu solidarioa (sarrera janariaren truke izaten da), 18:30ean, Topic-en.
    • Abenduak 21: Musika Eskolako ikasleen bandarekin kalejira herrian zehar, 12:00etan.
  • Isidro Larrañaga Akordeoi Orkestra: Abenduaren 20an kontzertu berezia eskainiko du Isidro Larrañaga Akordeoi Orkestrak Leidorren, 19:30ean hasita.

Kirolak ere tarte berezia

Tarte berezia izango du datozen egunetan kirolak Tolosan. Errege Kopako kanporaketa jokatuko du abenduaren 18an Tolosa C.F-k Valladolid taldearen aurka. Berazubin izango da partida, 18:00etan hasita.

Igeriketako XX. Paco Sanchez saria abenduaren 21ean jokatuko da, Usabal kiroldegian, 15:30etik aurrera. Irristaka taldeak antolatutako V. Irristaka Indoor Txapelketa, berriz, abenduaren 22an izango da, Usabalen, 10:00etatik 14:00etara.

Benjaminei eta kimuei zuzendutako areto futboleko Shanti Torneoa txapelketa abenduaren 23an hasiko da, eta urtarrilaren 5ean amaituko da. Usabalen izango dira partida guztiak.

Agenda guztia ikusteko sartu agenda.tolosa.eus helbidean.


 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA