-
Bihar, abenduak 15, 9:00etan jarriko dira gonbidapenak eskuragarri Bibe plataforman.
-
Herritarren eskaria eta interesa ikusita, Tolosako Udalak Olentzero, Mari Domingi eta Erregeak ikusteko aukera handitu egin nahi izan du eta ahalegin horretan Gure Zirkuko ordutegia zabaldu egin da abenduaren 24an eta urtarrilaren 5ean 12:00etatik 20:00etara, jende gehiagok joateko aukera izan dezan, 2.240 pertsona hainbat txandatan.
Herritarren interesa eta eskaria ikusita, Tolosako Udalak Olentzero, Mari Domingi eta Erregeak Gure Zirkuan ikusteko ordutegia zabaldu du, herritar gehiagok joateko aukera izan dezaten. Abenduaren 24an eta urtarrilaren 5ean 12:00etatik 20:00etara egongo da gabonetako pertsonaiak bisitatzeko aukera, eta txanda bakoitzeko ere herritar gehiago sartuko da, beraz aldaketa horiekin, guztira 2.240 pertsona bertaratu ahal izango dira, egun bakoitzeko.
Gonbidapenak bihar, abenduaren 15ean, 9:00etan jarriko dira eskuragarri Bibe plataforman. Doakoak dira eta pertsona bakoitzak gehienez 6 eskuratu ahal izango ditu. Herritar asko gonbidapenik gabe geratzen badira, Udalak ordutegia gehiago handitzeko aukera aztertuko du.
12:00etatik 20:00etara, 15 minutuko txandak antolatu dira edukiera neurtzeko. Gonbidapenik gabe ezingo da pertsonaiak ikustera sartu, eta behin gonbidapena eskuratuta ezingo da azken uneko ordu aldaketarik egin. Gehienez ordu laurden lehenago gerturatu daiteke zirkura, izan ere, pilaketak ekiditeko ezingo da ilaran zain egon, eta ezingo da sartu norberari dagokion ordura arte. Berandu agertuz gero, txanda galduko da. Sarreran gel hidroalkoholikoarekin garbitu behar dira eskuak eta 6 urtetik gorakoek musukoa jantzita eraman beharko dute.
Udalak eskatu du, behar direnak baino gonbidapen gehiago ez hartzeko haur guztiek izan dezaten Olentzero, Mari Domingi eta Erregeak ikusteko aukera. Bestalde, gonbidapena izanez gero, eta azkenean joan ezin baduzu, itzuli kultura@tolosa.eus helbidera idatzita eta gonbidapen hori berriz ere eskuragarri jarriko da.
Olentzero eta Mari Domingiren etorrera ikusteko gonbidapenak helbide honetan eskuratu daitezke bihar, abenduak 15, 9:00etatik aurrera: https://bibe.me/group/olentzero
Erregeak ikusteko, berriz, helbide honetan egongo dira eskuragarri gonbidapenak: https://bibe.me/group/erregeen-etorrera-tolosan
Gonbidapenak eskuratzeko arazo edota zalantzarik izanez gero, jarri Tolosako Kultur Etxearekin harremanetan 943 67 03 83 telefonoan.
Haur eta gazteen egitaraua
Udalak haur eta gazteei zuzendutako egitarau zabala antolatu du. Haur zinemma saio ugari izango dira eta Tolosako Gazte Topaguneak gabon hauetarako ere hainbat ekintza antolatu ditu. Abenduaren 26an Just Dance saioa egongo da, 27an kirol txapelketak, 28an estanpazio tailerra eta abenduaren 29an altxorraren bila Tolosatik. Ekintza guztiak 17:00etan hasiko dira eta izena emateko azken eguna abenduaren 18a da.
Bestalde, argazki lehiaketa ere antolatu dute: argazkiak bidaltzeko epea atzo amaitu zen arren, argazkiak Topagunean ipiniko dira abenduak 17-18-19 egunetan bozkatzeko eta sari banaketa abenduaren 20an izango da.
TOPIC-ek ere eskaintza berezia antolatu du:
-
Abenduaren 28tik, urtarrilaren 8ra txotxongilo berriak eraikitzeko tailerrak online Topic-eko webgunean.
-
Abenduaren 30ean, 11:00etan eta 12:00etan haurrak bisita gidatuen gidari, Topic museoa beren ikuspuntutik azaltzeko. (Aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da)
Jostailu bilketa eta Olentzerori eskutitzak bidaltzeko postontzia
Gabon hauetan ere, abenduaren 24an jostailuak bilduko dira Gure Zirkuan, eta Triangulo plazan postontzia jarriko da Olentzerori eskutitzak bidaltzeko.