Ostegunetik asteartera giro lasaia eta normaltasuna nagusitu dira Tolosan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2021/02/17 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Tolosarrek erantzunkidetasunez erantzun dute eta jarrera ezin hobea azaldu dute egunotan, horregatik Udalak balorazio oso ona egin du, neurriak zorrotz errespetatu direlako eta ez delako gertakizun aipagarririk izan.

 

 

Udalak azken asteotan egindako erantzunkidetasunez jokatzeko eskariari ezin hobeto erantzun dio Tolosak. Jarrera ezin hobea azaldu dute tolosarrek azken egunotan. Neurriak zorrotz errespetatu dira eta herritarrek zuhurtziaz, elkartasunez eta arduraz jokatu dute ostegunetik asteartera.

Aurten inauteriak ospatzea ezinezkoa zela barneratuta, izan dira inauteriei keinu txikiak kalean zein etxean egin nahi izan dizkioten herritarrak, baina horiek betiere neurriak errespetatuz egin dira.

Horregatik, udalak herritarren jarrera bikaina azpimarratu eta eskertu nahi izan ditu elkarlanaren bideari eutsiz, egunotan, egoerari eustea eta elkar laguntzea lortu dugulako, eta garrantzitsuena, elkar zaintzea.

 

Ikuskizunak etxetik

Prebentzio neurri guztiak jarraituta, eragileekin batera, Leidorren edota etxean ikusteko hainbat ikuskizun antolatu dira. Online eskainitako emanaldiek harrera oso ona izan dute eta 5.000 ikustalditik gora izan dituzte. Emanaldirik ikusiena ostiraleko udal musika bandaren kontzertua izan zen.

 

Gertakizun aipagarririk ez

Ez da gertaera larririk ez eta aipagarririk izan. Arazorik gabe igaro dira, giro lasaian eta normaltasunean, azken egunak. Jende pilaketak gertatu dira taberna itxieren ondoren kaleetan eta zenbait tabernetan baina pertsonak zailtasunik gabe sakabanatu dira.

Zaintza lanak egin dira sarrera-irteeretan, garraio publikoko geltoki eta geralekuetan eta baita ere, jende pilaketak eman zitezkeen guneetan. Eta horrek lagundu du neurriak gogorarazten eta betearazten.

AiLaket-eko kale hezitzaileak ere aritu dira kalez kalez gazteekin prebentzio lanketa egiten ostegun, igande eta astelehenean. Guztira 55 koadrilekin egin dute lan. Guztiek azaldu dute oso jarrera egokia eta ezagutzen zituzten arauak, hortaz, balorazioa oso ona izan da.

Modu koordinatuan egin da lan, elkar laguntzeko eta elkarrekin egoerari eusteko. Guztiek egindako ahaleginak emaitza oso onak eman dituela azpimarratu dute udal ordezkariek eta horregatik, beste behin herritar zein herriko eragile, merkatari eta ostalariek egindako lana eta izandako jarrera eskertu eta aitortu nahi izan ditu Udalak, indarrak batuta lortu baitugu Tolosa babestea, elkar zaintzea, eta elkarrekin egoerari aurre egiten jarraitzea.

Eta aurtengo egunak igarota, iritsiko dira 2022ko inauteriak, eta orduan bai, ospatuko ditugu, inoiz baino gogo eta ilusio gehiagorekin Tolosako Inauteriak.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA