San Joan bezperako egunetako kultur eta kirol eskaintza

Tolosako Udala
2021/06/17 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Aurtengo San Joanak ere ezohikoak izango diren arren, Udalak ekintza sinbolikoak antolatu ditu, eta horiez gain, hainbat kultur emanaldi egongo dira Tolosan, segurtasun neurri guztiekin.

  • Kirolen arloan ere hainbat txapelketa egongo dira Tolosan egun hauetan.

 

Aurtengo San Joan jaiak ere ezohikoak izango direla aurreratu zuen Udalak ekain hasieran. Dena den, ekintza sinbolikoak egingo dira eta herritarrek sua ikusteko aukera ere izango dute. Horrez gain, Udalak antolatutako ohiko kultur programazioak ere aurrera darrai, eta kirol arloan ere hainbat txapelketa egongo dira Tolosan. Hona hemen San Joan bezperako egunetan egongo diren ekimenak:

Tolosako Kultur Etxeko antzerki taldearen antzezlana

Bihar, ostirala, La Fierecilla antzerkia eskeiniko du Tolosako Kultur Etxeko antzerki taldeak, 19:00etan Leidorren. "La fierecilla", Shakespeareren “Fierecilla domada”ri buruzko bertsio lotsagabea da, Elena Arambarrik zuzendua. Iraganetik maskulinitatearekin eta feminitatearekin, itxurarekin eta ezarritako arauekin lotutako alderdiez barre egin eta zalantzan jartzen ditu. Eta, batez ere, obraren egokitzapen askea eta pop-a da. Desobedientziari, maitasunari eta askatasunari buruzko kantu bat.

Balearen begia dokumentala, erakusketa eta solasaldia

Tolosako Ingurumen Departamenduarekin elkarlanean, zine emanaldi berezia antolatu du Udalak ekainaren 22rako, asteartea, 19:00etan Leidorren. Zinema, ekologia eta arte garaikidea uztartzen dituen ikus-entzunezko proiektu experimentala da Balearen Begia. Lehenik “Balearen Begia” film laburra proiektatuko da euskaraz, gaztelaniazko azpitituluekin, eta ondoren, solasaldia egingo da Amaia San Sebastian eta Cesare Maglioni, filmaren zuzendariekin. Aste honetan, baita ere, Joseba Mercader artista tolosarraren lanaren erakusketa egongo da Leidorreko sarreran. Sarrerak doakoak dira, eta hemen edo Leidorreko leihatilan eskuratu daitezke.

Ohiko zine saioei dagokienez, larunbat honetan, eta igandean,“Borrar el historial” pelikula emango da Leidorren, eta astelehenean, berriz, “Urtzen” filma, guztiak 19:00etan.

Gogoratu zine emanaldietarako bonu berriak eskuratu daitezkeela. 10, 20 edo 30 saiotarako balioko dute eta abenduaren 31 arte soilik erabili ahal izango dira, edozein garaitan erosten direla ere. Bonuak erosteko sistema errazteko webgune berria jarri da martxan: https://ticket.kutxabank.es/leidorantzokia/public/janto/ . Webgune honetan, bonuak erosteaz gain, sarrerak ere erosi daitezke eta bonuak sarrerengatik ere trukatu daitezke, Leidorreko leihatilatik pasatu beharrik gabe. 

Joxemari Iturralderen liburu aurkezpena Topic-en

Ekainaren 18an, ostirala, Joxemari Iturralde idazleak “Antxon Elósegui, desgranando una vida” liburua aurkeztuko du 19:00etan Topic-en. Ez da gonbidapenik behar bertaratzeko, sarreran kontrolatuko da aforoa. Liburuaren salmentatik lortutako irabaziak ZUTANI elkartera bideratuko dira, elkartasunaren bitartez, pobrezia eta bazterkeria egoeran dauden herritarrei laguntzeko egiten duten lana babesteko.

Kultura Plazara Jaialdia martxan

Ekainaren 19an hasiko da Udalak kultura babestu eta suspertzeko antolatutako jaialdia, Frontona ikuskizunarekin. Euskal kultura du helburu eta ikusleekin interaktiboa izango da antzezlana. Herrikide ikastetxeko pilotalekuan izango da, 19:30etan.

Adin guztietarako arte eszenikoen eskaintza zabala antolatu du Udalak Kultura Plazara ekimenaren baitan. Artista eta talde esanguratsuen kontzertuez gain, haurrentzako bi ikuskizun ere egongo dira, besteak beste. Ekainaren 24an, La Baldufa konpainiak “Safari” emanaldia emango du 18:00etan Zumardi Handian. Ekainaren 27an, aldiz, Kiki Koko eta Moko pailazoek “Natura gara” ikuskizuna eskainiko dute 18:00etan Zerkausiko terrazan.

Bertso jaialdia ere egongo da ekainaren 27an Berdura Plazan, 12:00etan, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Oihana Iguaran eta Peñagarikano bertsolarien eskutik.

Kultura Plazara Jaialdiko programazio guztia eta sarrerak kulturaplazara.eus webgunean daude eskuragarri.

Kiroletan ere hainbat txapelketa Tolosan

Ekainaren 19an, hiru txapelketa egongo dira Tolosan.

Batetik, Tolosako Zezen plazan II. Binakako Euskal Pentatloia egongo da, 17:00etan. Eitb-n ikusi ahal izango da eta probak bost fase izango ditu: harria (100kg-ko 40 jasoaldi), gizon proba (4 plaza), aizkora (4 kanaerdiko), txingak (8 plaza) eta korrika (4 km).

Bestetik, Gipuzkoako Igeriketa Txapelketa ere larunbatean izango da, goiz eta arratsaldez Usabal Kiroldegian: 8:30etatik 13:00etara eta 15:00etatik 19:00etara.

Jose Maria Anza Txirrindularitza saria ere larunbatean jokatuko da, eta San Francisco ibilbidetik egingo da irteera 16:00etan.

Horrez gain, ekainaren 21etik 27ra, Areto Futbol San Juan saria egongo da jokoan benjaminetan eta alebinetan, nesken eta mutilen kategorietan. 9:00etatik 20:00etara izango da eta ez da ikuslegorik egongo.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA