San Joan jaiak iragartzeko kartel lehiaketara lanak aurkezteko epea, apirilaren 22tik maiatzaren 5era

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/04/19 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Aurten lehenen aldiz, Kultura, Festak eta Gazteria Departamentuak izendatutako adituek osatutako epaimahaiaz gain, Jaietarako Herritarren Batzarrak ere izango du finalisten artean botoa emateko aukera. 
  • Lehiaketan parte hartzeko oinarriak eskuragarri daude hemen.

 

Gerturatzen ari dira 2024ko Sanjoanak eta, azken urteetan egin den moduan, festak iragarriko dituen kartelaren lehiaketa abiatu du Tolosako Udalak.

Lehiaketa irekia da parte hartu nahi duten guztientzat. Gaia, koloreak eta lana egiteko teknika libreak diren arren, aurkeztutako proposamen guztiak originalak izan behar dute eta ondorengo esaldia jaso beharko dute: ‘Sanjoanak 2024, ekainak 21-24 - Tolosa’. Horrekin batera, Tolosako ikur komunikatiboa ere integratu beharko dute, kartelaren behealdean, eta udal webgunetik deskargatu ahal izango dira bertsio ezberdinak.

Kartelek 50x70 zentimetroko proportzioa izango dute bertikalean eta formatu digitalean aurkeztu behako dira. Irabazle aukeratzen den lanaren egileak bereizmen altueneko formatuan aurkeztu beharko du bere proposamena.

Lanak apirilaren 22tik maiatzaren 5era aurkeztu ahal izango dira (eguerdiko 14:00ak arte). Lehiakide bakoitzak gehienez 3 proposamen ezberdin aurkeztu ahal izango ditu, guztiak fitxategi digital moduan, udalaren webguneko Sanjoanetako atalaren barruan (http://www.tolosa.eus) horretarako prestatutako aplikazioaren bitartez. Aplikazio horretan kartel bakoitzari zenbaki bat esleituko zaio eta zenbaki hori izango da epaimahaiarentzat kartelaren identifikatzailea. Fitxategiaren izenean lema baino ez da azaldu behar.

Behin proposamen guztiak jasota, arte eta diseinuan adituak diren pertsonekin Kultura, Festak eta Gazteria Departamentuak izendatutako epaimahaiak bost kartel finalista aukeratuko ditu. Finalista horien artean onena zein den ere hautatu beharko dute epaimahaikideek. Boto horiei Jaietarako Herritarren Batzarreren beste boto bat gehituko zaie; izan ere, aurten, lehen aldiz, herritarrek osatzen duten batzarrak bost kartel finalisten artean gustukoena hautatu ahal izango du. 

Kartel irabazlea maiatzaren 27tik aurrera jakinaraziko da. Egileak 500 euroko saria jasoko du eta honi dagokion atxikipena egingo zaio. Era berean, saritutako kartela eta beronen era guztietako erreprodukzio eskubideak Tolosako Udalaren jabetzapean geratuko dira.

Lehiaketaren oinarriak hemen daude eskuragarri, eta lehiaketari buruzko informazio gehiagorako festak@tolosa.eus helbidera idatzi daiteke, edo 943670388 telefono zenbakira deitu.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA