-
Hainbat kultur ekimen eskainiko dira aste honetan Tolosan: Suakai taldearen kontzertua, mahai ingurua, erakusketak, zinema…
-
Sarrerak eskuragarri Kutxako webgunean edo Leidorreko lehiatilan.
Kultur eskaintza zabalarekin hasi da urtea Tolosan. Honakoak dira aste honetako kultur jarduerak:
Gaur, urtarrilak 11, “Emakumeei eta musikari buruzko elkarrizketak eta aldarrikapenak” mahaingurua antolatu du Jabetze Eskolak. Telematikoki izango da 18:30etatik 20:30etara eta hizlariak Elene Arandia, La Basu, Natalia Garmendia, Miren Narbaiza eta Olatz Salvador izango dira; dinamizatzailea, berriz, Miren Aranguren.
Asteazkenean, urtarrilak 13, Suakai taldeak “Luces, música, ¡acción!” ikuskizuna eskainiko du Leidorren 19:00etan. Zinemaren emozioa antzoki eta auditorioetara eraman dute zuzeneko soinu-banda originalarekin. Ikuskizunak irauten duen 75 minutuetan, etenik gabeko bidaia bat bizi ahal izango da zinemaren historiako soinu banda garrantzitsu eta erakargarrienetan zehar. Zinema eta soinu bandak kalitate handiz eta formatu originalean jorratzen ditu taldeak ikuskizunean.
Bestalde, Berdintasun sailak antolatutako “Sorginak – Brujas” erakusketa urtarrilaren 9an amaitzekoa zen, eta izan duen arrakasta ikusita, otsailaren 6 arte mantenduko da Aranburu Jauregian. XV. eta XVIII. mendeen artean “sorgin ehiza” deiturikoan izandako sarraskien inguruan hausnartzen du. Ohiko ordutegian bisitatu ahal izango da: 17:30etatik 20:30etara astearte, asteazken, ostegun, ostiral eta larunbatetan.
Beste erakusketa bat ere egongo da ikusgai urtarrilaren 15etik otsailaren 6ra Aranburu Jauregian: Argizaiola argazki lehiaketaren erakusketa. 2019. Targazki argazki elkarteak antolatutako Tolosa Herria lehiaketaren 2019 urteko 39. edizioari dagokio erakusketa.
Ostegunean, urtarrilak 14, zine foruma egongo da 18:45ean Leidorren. “Beginning” filma proiektatuko da jatorrizko bertsioan, gaztelerazko azpitituluekin. Probintziako herri lasai batean, muturreko talde batek Jehovaren lekuko-komunitate bati eraso egitean gertatutakoa kontatzen du filmak.
Urtarrilaren 16an, larunbata, Ataria Bertso Jaialdia egongo da 18:00etan Leidorren. Sarreren salmentaren inguruko informazioa ataria@ataria.eus helbide elektronikoan edo 943 655 695 telefonoan eskuratu daiteke.
Larunbatean, baita ere, Tolosako Gazte Topaguneak antolatutako filme proiekzioa egongo da 17:00etan Topagunean. 12-16 urte bitarteko gazteei zuzendutako ekimena da eta aurrez izena eman behar da @topaguneatolosa Instagram kontuan.
Aste honetan ere zabalik egongo da Eguberritako Karrusela haurrentzat Triangulo plazan. Astean zehar 17:00etatik 20:00etara eta asteburuan 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.
Aste honetako zine saioei dagokienez, helduentzat Josep filma eskainiko da igandean, urtarrilak 17, eta astelehenean, urtarrilak 18. Francoren diktaduratik ihes egiten duten errepublikanoen uholdeek larrituta, Frantziako gobernuak espainiarrak kontzentrazio-esparruetan sartzea erabaki eta bertan ezagutzen dira bi gizon. Horietako bat da Josep Bartoli, Francoren erregimenaren aurkako marrazkilaria.
Haurrentzat “En Guerra con mi Abuelo” filma egongo da ikusgai igandean, urtarrilak 17, 16:00etan Leidorren. Peter gazteak bere gela utzi behar izan du, duela gutxi alargun geratu den Ed aitona etxera bizitzera joan denean. Lagunen laguntzarekin, Peterrek gerra deklaratu dio aitonari gela uzteko, baina Ed burugogorra da eta ez dio batere erraza jarriko.
Sarrerak eskuragarri Kutxako webgunean edo Leidorreko lehiatilan.