Sue Hubbelen 'Un año en los bosques' irakurketa klubaren 7. saioan

Tolosako Udala
2018/03/26 | Kultura, Gazteria, Jaiak

Irakurketa Klubaren solasaldi literarioaren hurrengo saioa, zazpigarrena, apirilaren 24an izango da, asteartea, 18:30ean, Aranburu Jauregian, helduen udal liburutegian. Sue Hubbel idazlearen 'Un año en los bosques' lanaren gainean jardungo dute bertaratzen direnek. Gazteleraz izango da saioa eta Monica Leivak dinamizatuko du.

Partaideek, jada, aukera dute udal liburutegian liburua eskuratzeko. Ordutegia honakoa da: astelehenetik ostiralera, goizeko 10etatik 13:00etara eta arratsaldeko 16:00etatik 20:00etara.

Irakurketa Klubaren inguruko informazio gehiago www.tolosa.eus webgunean aurkituko duzue, liburutegia izeneko atalean. Klubaren 2017-18 ikasturteari urrian eman zitzaion hasiera, eta maiatzaren amaierararte luzatuko da, hilabetean behin liburu bati buruzko solasaldi literarioa eginez.

Horrez gain, Tolosako Udal Liburutegiak bere facebook orrialde propioa ere badauka. Bertan aurkituko dituzue, bai irakurketa klubeko eta baita liburutegiari buruzko azken berriak ere.

Sue Hubbel, 'Un año en los bosques'

Sue Hubbellek, biologoa formazioz, liburuzain egiten zuen lan unibertsitate iparramerikar garrantzitsu batean, eta bizitza arrunta zeraman. Egun batean, erabat gogaituta kontsumo-gizarte iparramerikar nonahikoarekin, berak eta senarrak erabakitzen dute bizi nahi dutela beren benetako idealetik gertuago eta hain faltan sumatzen duten natura salbaitik hurbilago dagoen bizitza bat. Dena utzi eta landetxe bakarti eta guztiz zaharkitu batera joaten dira, Estatu Batuetako erdi-mendebaldean dagoen Ozarks mendietako basoetara.

Baina iritsi eta gutxira, senarrak Sue uztea erabakitzen du. Istorio hau, beraz, emakume baten istorioa da, bakarrik aurre egiten diena mendiei, neguari, koioteei, motozerrei eta bakardadeari, baina inoiz galdu gabe, ez umorea, ez inguruko edertasun salbaiarekiko duen begirada jakin-min amaigabea eta liluratua. Emakume baten istorioa da, zoriontasun-modu berri bat berak bakarrik eraikitzen duen emakume batena, baina, bide batez, biologoa eta natura maite duen norbait den aldetik, harekin egunero bizi diren izaki bizidun guztien sekretuak ere ezagutarazten dizkigu.