- Texmaniacs talde estatubatuarra, Grammy sariduna, eta Euskal Herriko zein nazioarteko beste hainbat artista Tolosan zuzenean eta doan entzuteko aukera eskainiko du jaialdiak.
- Olatz Peon, Tolosako alkatea: “Kulturaren sustapena, eta herri bizia eta dinamikoa bultzatzea, legealdiko helburu estrategikoak izan ditugu eta denbora guzti honetan kulturaren aldeko apustuari eutsi diogu, talde ezberdinen lana eta kultur proiektu berriak babestu eta bultzatuz, Tolosako herriak duen bizia eta kultur jarduera aniztasuna, hein handi batean, Tolosako eragileen lanari zor diegulako”.
Datorren apirilaren 13tik 16ra Tolosa Euskal Herriko zein nazioarteko musika artisten topaleku bilakatuko da, beste urte batez, ToloFOLK jaialdiaren eskutik.
Aurtengoa jaialdiaren 3. edizioa izango da eta gaur goizean egindako agerraldian, 2023ko pazko asterako antolatutako egitaraua aurkeztu dute. Agerraldian izan dira Tolosako alkatea, Olatz Peon, Tolosako Udaleko kultur saileko zinegotzia, Izarne Iglesias eta jaialdiaren antolatzaileak diren JeaJeaka kultur elkarteko kideak, Manex Urruzola, Garikoitz Llobregat, Xanti Nazabal eta Zigor Sagarna.
Kulturaren aldeko apustua berretsiz
ToloFOLK pandemia garaian, bete-betean, loratutako ekimena da, Tolosako agenda kulturala biziberritzeko asmoz. “Kulturaren sustapena, eta herri bizia eta dinamikoa bultzatzea, legealdiko helburu estrategikoak izan ditugu eta denbora guzti honetan kulturaren aldeko apustuari eutsi diogu, talde ezberdinen lana eta kultur proiektu berriak babestuz eta bultzatuz”, azaldu du Tolosako alkateak, Olatz Peonek.
Orduz geroztik hiru urte pasa dira jada eta dagoeneko hitzordu garrantzitsua bilakatu da ToloFOLK herriko kultur agendan. “Tolosako herriak duen bizia eta kultur jarduera aniztasuna, hein handi batean, Tolosako eragileen lanari zor diogu, haien eskutik baitatorkigu bizitasun hori eta kasu honetan, eskerrak ematen dizkiet berriro ere JeaJeaka kultur elkarteko ordezkariei, jaialdi honen sorrera zein antolakuntzan egindako lanagatik”, gehitu du alkateak.
Kultura herrikoia ardatz duen jaialdia
“ToloFOLK kultura herrikoiaren jaialdia da, eta kultura herrikoia babestu beharreko zerbait da, disziplina ezberdinetan, gainera. Tolosa erreferente da kultur arloan, kultura gure izaeraren parte sentitzen dugu eta hori, besteak beste, ToloFOLK bezalako jaialdiei esker da”, gehitu du Izarne Iglesiasek, Tolosako Udaleko kultur saileko zinegotziak.
JeaJeaka Kultur Elkarteko kideek azaldu dute 3. edizio honek jatorri desberdineko artistak elkartuko dituela herrian: Texas, Katalunia, Galizia, Euskal Herria… Kultura herrikoia oinarri, egitarauak 7 ekitaldi eskainiko ditu: 5 kontzertu, hitzaldi-tailer didaktiko bat eta larunbat goizean Kalepoza ekimenaren baitan Tolosako kaleetan entzungai izango diren hainbat musika-emanaldi. Aurten Tolosan zuzenean eta doan entzungai izango diren artisten artean, Grammy saridun bat nabarmentzen da: Max Baca & Los Texmaniacs talde estatubatuarra, hain zuzen. Talde hau, apirilaren 15ean, larunbata, Plaza Berrian arituko da, 20:00etatik aurrera.
Jaialdian parte hartzeko gonbita herritarrei
Aurtengo ToloFOLK jaialdirako antolatutako egitaraua aurkeztu ostean, udal ordezkariek zein antolatzaileek tolosar zein bisitariak jaialdian parte hartzera gonbidatu eta animatu dituzte.
Emanaldi guztiak doakoak eta irekiak izango dira herritar guztientzat.
Egitaraua osorik
Apirilak 13, osteguna
20:00. Berdura plaza. Xavi Lozano (Katalunia)
Apirilak 14, ostirala
18:00. Kultur Etxea. Joxe Manuel Agirre. Hitzaldi-tailerra.
23:00. Fronton. Pulpiño Viascon (Galizia)
Apirilak 15, larunbata
12:00. Kalepoza
18:30. Plaza Berria. Obaneuke: Maddalen Arzallus, Saioa Lizarralde, Harkaitz Allur, Iñigo Sorazu
20:00. Plaza Berria. Max Baca & Los Texmaniacs. Grammy Award Winners. Texas, AEB.
Apirilak 16, igandea
19:00. Berdura plaza. Juan Mari Beltran laukotea