- Musika eta dantza uztartuko dituen egitaraua osatu da, besteak beste, Tolosako, eta Gipuzkoako taldeen eta artisten parte hartzearekin.
- Pazko astean tolosarrek zein bisitatzen gaituztenek, kulturaz gozatzen jarraitzeko aukera izango dute lehen aldiz ospatuko den ToloFOLK kultura herrikoaren eta munduko musiken jaialdiari esker.
Duela 15 egun izan zuten tolosarrek jaialdi honen berri. Pandemia garaian bete betean sortutako egitasmoa izan da, baina datozen urteetan jarraipena izateko helburuarekin garatutakoa, Tolosako agenda biziberritzeko eta osatzeko asmoz.
Kulturaren aldeko apustuan kokatzen da ToloFOLK jaialdi berria, Tolosa kultur arloan erreferente izaten jarraitzeko. “Tolosa sozioekonomikoki eta kulturalki biziberritzeko horrelako ekimenak ezinbestekoak direlako” baieztatu du Izarne Iglesiasek.
Martxoaren 12an aurkeztu zen Jeajeaka kultur elkarteak Tolosako Udalaren babes eta laguntzarekin antolatutako kultura herrikoiaren eta munduko musiken jaialdi berria, jaialdirako sortu den ToloFOLK markarekin batera.
Kultura herrikoiari eta oro har kulturari oihartzuna eta indarra emateko helburuarekin sortutako ekimena da, kultur arloko talde, eragile eta artisten artean sinergiak sortu eta areagotzeko.
Gaurko prentsaurrekoan Tolosako Udaleko kultura zinegotziak, Izarne Iglesiasek, eta Jeajeaka kultur elkarteko ordezkariek, Xanti Nazabalek, Zigor Sagarnak, Manex Urruzolak eta Garikoitz Llobregatek, egitarauan parte hartuko duten artistak - Jon Garmendia, Iraide Ansorena eta Alan Griffin- alboan zituztela aurkeztu dute aurtengo egitaraua.
Herriko plaza eta espazio ezberdinetan
Guztira, 7 kultur ekitaldi eskainiko dira Aste Santuko pazko astean, apirilaren 7tik 11ra, herriko plaza eta eremu ezberdinetan, tolosarrek zein bisitatzen gaituztenek kulturaz gozatzen jarraitzeko aukera izan dezaten.
Indarrean dauden prebentzio neurri guztiak zorrotz jarraituko dira ekitaldi bakoitzean, herritarren segurtasun eta osasuna zaintzeko. Horregatik, kokapenaren arabera edukiera mugatua izango dute ekitaldiek eta beharrezkoa izango da antolatutako kultur jarduerez gozatzeko gonbidapena eskuratzea.
Egitaraua:
- Apirilak 7, asteazkena. Luis Astiasaranen hitzaldia eta erakusketa Kultur Etxean, 19:00etan.
- Apirilak 8, osteguna. Luis Antonio Pedraza (Zamora) Plaza Berrian, 19:00etan.
- Apirilak 9, ostirala. Eneko Dorronsoro, Fredi Pelaez eta Peio Irigoien Plaza Berrian, 19:00etan.
- Apirilak 10, larunbata. Hector Braga (Asturias) Plaza Zaharrean, 12:00etan, eta Oreka TX "Koklea" Leidorren, 19:00etan.
- Apirilak 11, igandea. Udal Txistulari Banda Berdura Plazan, 12:00etan, eta Turlach, Alan Griffin, Arkaitz Miner, Juanjo Otxandorena, Iraide Ansorena eta herriko artistak Plaza Berrian, 19:00etan.
Gonbidapenak bibe plataformaren bidez, Leidorreko ikuskizuna salbu
Egitarauan jasotako kultur ekitaldietara joateko aurrez gonbidapenak eskuratu beharko dira, Bibe plataformaren bitartez, Oreka TX taldearen ikuskizunerako sarrerak izan ezik. Horiek Kutxako plataformaren bidez eskuratu beharko dira.
Gaurtik aurrera, guztiak daude eskuragarri eta pertsona bakoitzeko gehienez ere bi hartu ahal izango dira aldi berean.
Gonbidapenak eskuratzeko esteka zuzenak: