'Tolosa 1945-1975. Giza eskubideen urraketak eta errepresioa diktadorea hil artean' liburua aurkeztu da Memoria Egunean

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2018/11/10 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Bi aldi historiko ditu abiapuntu: aurrenekoa, 1945 eta 1959 urteen artean gertatutakoari dagokio, hau da, erregimen diktatorialaren aurka ia oposiziorik ez zegoeneko aldia, eta 60ko urteetatik aurrerakoa, frankismoaren aurkako Gipuzkoako epizentroetako bat bihurtu zenekoa Tolosa.
  • Olatz Peon Ormazabal alkateak balioan jarri du egindako lana: “zenbakien atzetik, pertsonak daude. Memoriak lagunduko digu bakea eta giza eskubideetan oinarritutako gizartea eraikitzen; gertatutakoa ezagutu, oraina ulertu eta etorkizuna eraikitzen”. Aurreratu du hau ere “puntu eta jarraipen” bat dela: “Memoria historikoa berreskuratzen jarraituko du Udal honek, oraingoan, liburuak aztertzen duen garaitik aurrera: memoria hurbila, 1976tik gaur egunera bitarte”.
  • Udal korporazioak Tolosan izandako eta tolosarrek pairaturiko indarkeriazko gertakariak eta giza eskubideen urraketak ezagutu eta aitortze aldera, Memoria berreskuratze lanketa hasi zuen 2006an Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean. Lan horren emaitza da liburu hau, 2011an aurkeztutakoari, '1936-1945 Memoriaren izenak', jarraiki.
  • Argazki galeria amaieran.

Eskuragarri da 'Tolosa 1945-1975. Giza eskubideen urraketak eta errepresioa diktadorea hil artean' liburua. Memoria Eguna baliatuz aurkeztu dute Tolosako Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak elkarlanean burututako oroimena berreskuratzeko lanketaren bigarren atala.

Tolosako Udaleko Udalbatza Aretoan burutu dute aurkezpen ekitaldia eta Olatz Peon Ormazabal Tolosako alkateak, Juantxo Agirre Mauleon Arantzadi Zientzia Elkarteko idazkariak, eta liburuaren egile den Javi Buces Arantzadi Zientzia Elkarteko historialariak hartu dute parte.

Tolosako Udalak azken urteotan, Memoriaren Egunaren bueltan, alderdi guztien adostasuna oinarri izan duten adierazpen ezberdinak egin ditu, Tolosako biktima guztiak gogora ekarri eta aitortzeko helburuarekin. Herrian dauden hainbat keinu gogora ekarri ditu alkateak: hilerrian dagoen Gerra Zibileko biktimen oroitzarako eskultura, edota Udalean kokatua dagoen plaka Antonio Maria Labaien alkatearen omenez. “II. Errepublikako alkate demokratikoa, Gerra Zibilaren eskubide urraketaren ondorioz alde egin behar izan zuena”.

2006an hasi zuen Udalak Memoria berreskuratze lanketa, Tolosan izandako eta tolosarrek pairaturiko indarkeriazko gertakariak eta giza eskubideen urraketen gaineko egia ahalik eta modu zabalenean ezagutu eta dokumentatze aldera.

Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera ari da burutzen Udala lan hori. Horren emaitza izan zen 2011an euskaraz, eta 2013an gazteleraz, aurkeztu zen '1936-1945 Memoriaren izenak. Errepresioa eta giza eskubideen urraketa Tolosan, Gerra Zibilean eta Lehen Frankismo garaian' liburua.

Olatz Peon Ormazabal alkateak balioan jarri du egindako lana: “zenbakien atzetik, pertsonak daude: aita, alaba, laguna... Garrantzitsu da beraiek oroitu eta aitortzea. Ikusaraztea, elkarbizitzarako funtsezko. Baita belaunaldi berriei gertatutakoa transmititzea ere. Memoriak lagunduko digu bakea eta giza eskubideetan oinarritutako gizartea eraikitzen; gertatutakoa ezagutu, oraina ulertu eta etorkizuna eraikitzen”.

Aurreratu du hau ere “puntu eta jarraipen” bat dela: “Memoria historikoa berreskuratzen jarraituko du Udal honek, oraingoan, liburuak aztertzen duen garaitik aurrera: memoria hurbila, 1976tik gaur egunera bitarte”.

'TOLOSA 1945-1975. Giza eskubideen urraketak eta errepresioa diktadorea hil artean'

'TOLOSA 1945-1975. Giza eskubideen urraketak eta errepresioa diktadorea hil artean' liburua artxiboetako dokumentuetan eta biktimen testigantzetan dago oinarritua. Egiturak bi aldi historiko ditu abiapuntu: aurrenekoa, 1945 eta 1959 urteen artean gertatutakoari dagokio, hau da, erregimen diktatorialaren aurka ia oposiziorik ez zegoeneko aldia, izan ere, aurreko urteetan erabat suntsituta geratu zen. Exekuzio, kartzelaldi luze edo erbesteratzeen ondoren, ideario nazional-katolikoak, 1945etik aurrera, koakzio-printzipioa erabili zuen, nola arlo publikoan, hala pribatuan: eskoletan, lantokietan, etxeetan edo bi sexuen arteko harremanetan. Errepresio frankista faxismoari aurre egin eta bizirik irtetea lortu zutenen gizarte-estigmatizazioan oinarritu zen, halako eran, ezen estigmatizazioa kentzea soilik lortu baitzuten etengabe damu-ekintzak egin zituztenek, abjuratu zutenek edo beren bekatuak aitortu zituztenek, harik eta jarraitzaile edo zaletzat hartu zituzten arte. Azken batean, ordutik aurrera, tolosar onak izan ziren postulatu frankistetara baino lotzen ez zirenak, gizonaren eta emakumearen rol desberdinduak betetzen zituztenak, behar ez zena irakurtzen ez zutenak, baimendutakoan soilik dantza egiten zutenak eta espainol guztien hizkuntza komuna baizik erabiltzen ez zutenak, uko eginik beren ama-hizkuntzari ere.

Baina 60ko urteetatik aurrera, Tolosa izango da erregimenaren aurkako oposizioak indar handiena hartuko duen euskal udalerrietako bat, batik bat, langile industrialen mobilizazioekin. Gerra bizi izan ez zuen belaunaldi berri batek berpiztu egin zuen langileen mugimendua, ikasleena eta politikoa. Tolosa frankismoaren aurkako epizentroetako bat bihurtu zen Gipuzkoan, sindikalismoa suspertuta, euskal kultura eta askatasunak berretsita, eta diktadura eraisteko eta askatasuna berreskuratzeko borroka eginda. Horrek eragin zuen erregimenak indarkeriarekin erantzutea, eta haren printzipioen aurkako edozein ekintza erreprimitu zuen. Ondorioz, halako nostalgia errepresibo batean, nabarmen igo ziren atxiloketak eta espetxeratzeak, tortura-kasuak, gerra-kontseiluak eta TOP delakoak zigortuak. Ehunka tolosar errepresaliatuta. Horrexegatik, ikerketa-lan honek hauxe izan du lan-ardatz: errepresaliatuen memoriaren berreskurapena.

Liburua salgai Tolosako Kultur Etxean.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA