Tolosa CF-k Kopako kanporaketa aurrekoa jokatuko du bihar Berazubin

Tolosako Udala
2019/11/12 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Galiziako Pontellas taldearen aurka jokatuko du, 19:00etatik aurrera. Partida ikusteko sarrerak ohiko prezioan eskuratu daitezke. Klubarentzat “egun historikoa” izan daiteke biharkoa, irabaziz gero lehen aldiz txapelketa ofizial batean Lehen Mailako talde baten aurka jokatzeko aukera izan dezakeelako.

  • Era berean, Kremarata Baltica & Martha Argerich-ek azaroaren 23an Donostiako Kursaalen egingo duen kontzertura joateko autobusa antolatuko da Tolosatik.

 

Partida garrantzitsua jokatuko du bihar Berazubin Tolosa CF futboleko gizonezkoen talde nagusiak: Kopako kanporaketa aurrekoa. Galiziako Pontellas taldearen aurka izango da partida, 19:00etan hasita. Tolosa CF-rentzat “egun historikoa” izan liteke biharkoa, partida irabaziz gero lehen aldiz txapelketa ofizial batean Lehen Mailako talde baten aurka jokatzeko aukera izan dezakeelako.

Horregatik, biharko partidara joan daitezen deialdia egin die klubak tolosarrei. Partida ikusteko sarrerak ohiko prezioan daude salgai: helduen sarrerak 10 euro, eta haurren sarrerak 5 euro. Klubetik jakinarazi dutenez, taberna irekita egongo da eta pintxoak eta ogitartekoak zerbitzatuko dituzte.

Partida dela-eta, Berazubiko instalakuntzak itxita egongo dira bihar 16:00etatik aurrera.

 

Kursaal Eskura Tolosatik

Kremerata Baltica & Martha Argerich-ek azaroaren 23an Donostiako Kursaal-en egingo duten kontzertura joateko autobusa antolatu da Tolosatik. Kontzertura joateko interesa dutenek www.kursaal.eus helbidean eskuratu behar dute sarrera (70 / 56 / 45 / 36 / 11 €), eta behin sarrera erosita, autobuseko tokia erreserbatu beharko dute kultura@tolosa.eus helbidera mezu bat bidalita edo 943 67 03 88 telefonora deituta.

Autobuserako izena emateko epea azaroaren 18ean amaituko da. Azaroaren 23an, berriz, 19:00etan aterako da autobusa Santa Klara kaleko geltokitik. Gutxienez 15 pertsonako talde bat ez bada osatzen, ez da autobus zerbitzurik egongo.

 

Babarrun Festa eta Bang Bang Tolosa

Bestalde, gogoratu, asteburu honetan ere Babarrun Festa, Euskal Jaia eta Bang Bang Tolosa egitasmo berria ere izango direla.

Ostegunean hasiko dira Babarrun Festaren eta honekin batera ospatuko den Euskal Jaiaren egitarauan dauden ekintzak. Ostegunetik igandera bitartean egingo dira ospakizunak. Honako helbidean kontsulta daiteke egitarau osoa: Tolosako Babarrunaren Festa.

Zinema saio berezia dakarren Bang Bang Tolosa egitasmoa ere asteburu honetan izango da, larunbatean, zehazki. Indiana Jones-en “En busca del arca perdida” eta “Pulp fiction” filmez gozatzeko aukera izango da. Taberna eta Photocall-a egongo dira filmak oinarri hartuta mozorrotu eta argazkiak egiteko, palomitak banatuko dira eta jokoak eta zozketak egingo dira. Emanaldia 18:30ean hasiko da, Leidorren, eta sarreren prezioa 5 euro izango da. Helbide honetan eskuratu daiteke informazio gehiago: Bang Bang Tolosa.

Aste honetan Tolosan egingo diren gainerako kultur jardueren inguruko informazio guztia agenda.tolosa.eus helbidean dago eskuragarri.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA