Zine saio berezia eskainiko da larunbatean Leidor aretoan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2019/11/11 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Zinea bizitzeko, partekatzeko eta zineaz gozatzeko modu berri bat eskaini nahi dute Tolosako Udalak eta Bang Bang elkarteak.

  • Indiana Jones-en “En busca del arca perdida” eta “Pulp fiction” filmez gozatzeko aukera izango da. Taberna eta Photocall-a egongo dira filmak oinarri hartuta mozorrotu eta argazkiak egiteko, palomitak banatuko dira eta jokoak eta zozketak egingo dira.

 

Zine saio berezia eskainiko da larunbatean Leidorren, “ganberroagoa, informalagoa”. Izan ere, Tolosako Udalak eta Bang Bang elkarteak Bang Bang Tolosa egitasmoa antolatu dute, zineaz “elkarrekin disfrutatzeko esperientzia berreskuratzeko eta zineaz elkarrekin gozatzeko”.

Izarne Iglesias Tolosako Udalako zinegotziak azaldu duenez, Tolosan dagoen zine zaletasuna handia da, eta “zine bonuek eragin izugarria izan dute horretan, zaletasun hori nabarmen areagotu baita urteen poderioz. Kultur kontsumoa, aldiz, aldatuz joan da eta joera indibidualistak gero eta nabarmenagoak dira”. “Horren aurrean, Bang Bang Tolosa egitasmoa antolatu dugu, Bang Bang elkartearekin elkarlanean”.

Tonu eta genero ezberdinetako bi film ikusi ahal izango dira larunbatean Leidor aretoan, 18:30etik aurrera, “ia klasikoak bilakatu diren eta arrastoa utzi duten bi film”: Indiana Jones-en En busca del arca perdida (1981) eta Pulp fiction (1996). “Bi film baten prezioan ikusi ahalko dira, 5 euroren truke, Leidorreko pantaila handian eta jatorrizko bertsioan. Filmak inoiz ez bezala berrikusteko aukera izango da, beraz, larunbat arratsaldean”.

“Zineaz gozatzeko modu berri bat”

Iglesiasen hitzetan, “Bang Bang egitasmo honen bidez, zinea bizitzeko, partekatzeko eta, bereziki, zineaz gozatzeko modu berri bat eskaini da: ganberroagoa, informalagoa”. Palomitak doan eskainiko dira eta photocall bat ere kokatuko da filmen gaien inguruko mozorro eta elementuekin nahi duen orok argazkiak egiteko. Horrez gain, aurkezle bat ere egongo da eta jokoak eta zozketak ere egingo dira aretoan bertan.

“Tolosan ere zine zaletasun handia dagoela sinetsita antolatu dugu lehendabizikoz Bang Bang Tolosan. Indarrak batuta, zinea topaleku delako, esperientziak batzeko eta elkarrekin bizitzeko”. Egitasmoak gainera, jarraipena izango du urtarrilean.

Etxetik zine aretora

Zinemaren inguruko hausnarketa sakon baten eta zine zaletasun etsigabe baten ondorioz sortu zuten Bang Bang elkartea. Jon Paul Arroyo eta Iñaki Gabarain elkarteko kideek azaldu dutenez, “zinea, bere horretan ederra izangatik, ezin da ekintza pasibo baten gisan ulertu. Izatez, zinea beste zerbaiten hasiera da, izan ideia bat, izan elkarrizketa bat. Pantaila baten aurrean jartzea eta momentu hori konpartitzea, filma bera bezain inportantea da”.

Behar eta gogo horretatik abiatuta hasi ziren film ikustaldiak antolatzen. konbikzio zuten haiek bezalako jendea bazela inguruan, etxetik irten eta elkarrekin film bat ikusteko gogoa izango zutenak, jatorrizko bertsioan eta pantaila handi batean. Hala sortu zuten Bang Bang Zinema elkartea. Donostiako Antzoki Zaharrean hasi ziren. Sekulako arrakasta lortu zuten eta komunitate tinko baten erdigune dira orain.


 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA