Tolosak Olentzero, Mari Domingi eta Errege Magoen ohiko kabalgatak berreskuratu ditu

Tolosako Udala
2022/12/09 | Kultura, Gazteria, Jaiak

Dagoeneko 15 egun eskas falta dira Gabon bezperarako eta herriko kaleetan zein etxean hasiak gara jada gabon giroan murgiltzen. Horrekin batera, etxeko txikienek irrikaz espero dute Olentzero eta Mari Domingi zein Errege Magoen etorrera eta dagoeneko beren eskutitzak idazten ari dira edota, batzuek, prest dituzte jada.

Hori horrela, aurten, pandemia dagoeneko atzean utzita, Tolosak abenduaren 24ko eta urtarrilaren 5eko ohiko kabalgatak berreskuratu ditu eta, horrenbestez, tolosarrek, eta bereziki, etxeko txikienek, Olentzero, Mari Domingi eta Errege Magoak herriko kaleetan ohiko eran ikusteko aukera izango dute. Izan ere, iaz, osasun egoera zela eta, ez zen kabalgatarik egin eta horren ordez, ibilbide alternatiboa egin zen.

Kabalgatak ohiko izaerarekin

Lehenbizi Olentzero eta Mari Domingi izango ditugu Tolosako kaleak zeharkatzen eta herriko haurrak agurtzen. Abenduaren 24an izango da eta kabalgata 17:30ean irtengo da Santa Klaratik.  Errege Magoak, aldiz, urtarrilaren 5ean helduko dira eta kabalgata arratsaldeko 18:30ean irtengo da, hau ere, Santa Klaratik.

Bi kasuetan, ibilbidea ondorengoa izango da: Santa Klara, Naparzubia, Solana kalea, Atadi kalea- Korreo kalea (beherantz) – Gorriti plaza – Rondilla kalea (gorantz) – San Frantzisko pasealekua – Oria kalea.

Goizez, Gure Zirkuan

Kabalgataz haratago, aurten ere, bai Olentzero eta Mari Domingi zein Errege Magoak Gure Zirkuan izango dira goizez, bertara joan nahi duten haurrak agurtzeko prest. Aurtengoan, baina, ez da beharrezkoa izango gonbidapenak aurrez hartzea eta sarrera librea izango da. Bisitak goizeko 11:00etatik 14:00etara egin ahal izango dira.

Gabonetan, haurrak protagonista

Gabonak haurrentzako duten kutsu magiko zein berezia aintzat hartuta, kabalgatez haratago, Tolosako Udalak beste hainbat ekintza antolatzen ditu txikienei zuzenduta, hala nola, haur parkea, Olentzaroren basoko bisitaldiak, marrazki lehiaketa edota jaiotza lehiaketa.

Azken honen kasuan, izen ematea zabalik egongo da hilaren 12tik 30era bitartean eta jaiotzak Gure Zirkura eraman beharko dira urtarrilaren 4an. Urtarrilaren 5ean bertan egongo dira ikusgai eta sari banaketa Errege Magoek egingo dute egunean bertan, Gure Zirkuan.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA