Tolosako Haurren Hiria egitasmoa martxan da

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2019/10/30 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • “Tolosa, denon hiria” gaipean tolosar guztien beharrak kontuan izango dituen herria irudikatzea da aurtengo Haurren Hiria egitasmoaren helburua.

  • Herrikide, Laskorain eta Samaniego ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 3, 4, 5 eta 6. mailako ikasleek osatutako Haurren Kontseilua-k lehen lan saioa egin du. Azaroaren 14an egingo dute bigarren lan saioa, eta hala errepikatuko dute hilean behin, maiatzera bitartean.


 

Haurren ikuspuntutik abiatuta, Tolosa hobetzeko helburua duen proiektua da Haurren Hiria. Egitasmoaren 6. edizioa da aurtengoa, eta espazio publikoaren erabilera aztertuko da herriko hiru ikastetxetako haurrekin batera: bakarrik edo lagunduta ibiltzen diren, zein ordutegitan, zeintzuk izan daitezkeen herriko “puntu beltzak”...

Herrikide, Laskorain eta Samaniego ikastetxeetako 3, 4, 5, eta 6. mailako ikasleek parte hartuko dute egitasmoan, eta Araziko lantaldeak dinamizatuko du proiektua.

Hilaren 24an elkartu zen lehenengoz ikastetxe bakoitzeko ordezkariek osatutako Haurren Kontseilua. Proiektuaren aurkezpena egin zitzaien lehenbizi, Tolosako mapa irudikatuta duen lona erraldoiaren aurrean. Herriko puntu ezberdinetan egindako argazkiak ikusi zituzten ondoren, horietan ikusitakoaren arabera hobekuntzarako proposamenak jasotzeko.

Lehen saio honetan Tolosan aztertu eta hobetu beharreko puntuak izendatu dira, haurren begietatik, genero ikuspegitik, etorkinen azaletik, dibertsitate funtzionala duten pertsonen begietatik…

 

Tolosan falta diren eraikinak eta gune publikoak

Mailaren arabera lantaldetan banatu ziren ondoren, elkar ezagutzeko. Dinamikari jarraipena emateko ordezkari bakoitzak kultur etxearen maketa egin zuen, ondoren gelakideei erakusteko eta maketa hori oinarri hartuta gaia gelan lantzeko. Hala, ikasturtean zehar egingo dituzten saioetan haurrek “eraikiko” dituzte Tolosan faltan botatzen dituzten eraikinak, gune publikoak… Daudenak berreraikitzeko aukerak ere aztertuko dituzte.

Hala, behin puntuak izendatuta daudenean, eta haurren ideiak eta proposamenak aztertu ondoren, egoera ideala adierazten duten maketa horiek denak maparen gainean kokatuko dituzte udal ordezkariei erakusteko.

Ordezkariek gelakideei azalduko diete orain lehen lan saioan egindakoa, haien ekarpenak jaso eta hurrengo bileran aurkezteko. Azaroaren 14an egingo dute bigarren lan saioa, eta hilean behin errepikatuko dituzte maiatzera bitartean. Lan saio horietako bat familiekin izango da, eta azkena udal ordezkariekin, maiatzaren 14an.


 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA