Tolosako Haurren Kontseiluak aisialdia hobetzeko ideiak sortzen jarraitzen du

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/02/02 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Haurren Hiria proiektuaren barruan, 8 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako aisialdiaren egoera eta hobetzeko proposamenak aztertzen ari dira Herrikide, Laskorain Ikastola eta Samaniego ikastetxeetako haur ordezkariak.

 

10 urte bete dira jada Tolosako Haurren Hiria proiektua abian jarri zenetik, Tolosako haurrei ahotsa emateko helburuarekin. Hamarkada honetan, proiektu eta gai ugari landu dituzte, hala nola, espazio publikoa, udal ekipamenduak edota belaunaldien arteko harremanak. 

10. ikasturte honetan, Tolosako Haurren Kontseiluak herriko haurren aisialdia du aztergai. Hiru ikastetxeetako LH3 eta LH6 bitarteko 42 haur ordezkariz osatuta, bi aldiz elkartu da jada Haurren Kontseilua, lanketa aurrera eramateko. 

Lehen saioa abenduan egin zen eta bertan Tolosak haurrei eskaintzen dizkien aisialdiko aukerak zein diren aztertu zituzten kontseiluko kideek. Urtarrilean egindako bigarren saioan, Tolosak aisialdirako duen eskaintza hobetzeko proposamenak lortzea izan zen helburua. 

Saio bakoitzeko dinamika berdina izan ohi da: aisialdiarekin lotura duen aditu bat izaten da gonbidatu gisa haurrekin lanean, beste udalerrietan martxan dauden esperientzia arrakastatsuak aurkezteko. Jarraian, hausnarketarako ariketak egiten dituzte, Tolosako egoera hobetzeko ideiak sortuz, eta taldean aritzeko jolasak ere antolatzen dira, haur ordezkarien elkar-ezagutza indartzeko. 

Haurren Hiria proiektuaren funtsari lotuta, saio horietatik jasotako haurren iritziak etorkizuneko erronkei aurre egiteko baliatuko dira. Ikasturtea amaitu aurretik beste bi alditan elkartuko da Haurren Kontseilua, eta ikasturteari amaiera emateko, ekainean, urte osoan egindako lanketa eta Kontseiluaren ekarpenak aurkeztuko dizkio Tolosako alkateari zein gainerako udal ordezkariei ‘Mintza Txokoa’ deituriko bilkuran. Horrekin batera, ikasturte hasieran egin bezala, amaieran ere jarraipen bilera egingo da haur ordezkarien gurasoekin. Haurren Kontseiluan parte hartzen duten ordezkariek ere gainontzeko ikaskideei proiektuaren berri emateko bideak ere erraztu dira. 

Era berean, tolosarrek ere badute Haurren Kontseiluak egiten duen lanari jarraipena emateko aukera Haurren Hiria webgunearen bitartez. Bertan, unean uneko informazioa eskaintzen da, baita zalantzak argitzeko aukera ere.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA