Tolosako Udalak banatu ditu Tolosanklisk lehiaketako sariak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2023/11/16 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Aurtengo lehiaketaren gaia ‘Tolosa, kultur herria’ izan da eta Arantxa Aranburu Arakama izan da irabazlea. 
  • Ekitaldian irabazleek 2024ko egutegia jaso dute eta hurrengo urteko gaia zein izango den aurreratu dute: Zaintza. Herritarrek datorren azaroaren 21ean, 22an eta 23an Zerkausian izango dute egutegia eskuratzeko aukera.

 

Tolosako Udalak antolatutako Tolosanklisk lehiaketako sari banaketa ekitaldia izan da gaur eguerdian udalbatza aretoan. 2024ko egutegia osatzeko aurtengo gaia Tolosa, kultur herria izan da, herrian kultur ekitaldiek duten garrantzia aitortzeko helburuarekin. Epaimahaiak aukeratu ditu egutegia jantziko duten irudiak eta Arantxa Aranburu Arakama izan da irabazlea. 

Tolosanklisk lehiaketaren edizio honetara 147 argazki aurkeztu dira eta 80 lagunek hartu dute parte. Sariketan azalerako argazkia, irudi irabazlea aukeratzeaz gain, urteko 12 hilabeteen argazkiak ere aukeratu ditu epaimahaiak. Hala, Aranburuk 600 euroko saria jaso du egutegiaren azala apaintzen duen bere Kultura Saretzen lanarekin. 

Egutegien banaketa, azaroaren 21ean, 22an eta 23an, Zerkausian

2024ko egutegiko  hilabete bakoitzak kultur ekintzei loturiko irudi bat jasotzen du, kulturak herriari eta herritarrei ematen dien bizia islatzeko. Urteko 12 hilabeteen irudien ataleko irabazleek 200 euroko saria jaso dute eta ondokoak izan dira: Javier Ortiz Moreno Isidro Larrañaga Zuzendari Maisua lanarekin (urtarrila); Arantxa Aranburu Arakama Txarangen Igoera (otsaila); Javier Zabala Txarangak (martxoa);  Juanan Dorronsoro Ugartemendia Gure Zirkuaren Emanaldia (apirila); Unai Altolagirre Ormazabal Suaren gainean oihu eta irrintzi (maiatza); Xabier Liceaga Txistulariak eta Dantzariak (ekaina); Joseba Imanol Odriozola Tolosanblus (uztaila); Joseba Iturbe Erraldoiak (abuztua); Iñaki Otegi Arrospide Badator Erraldoia  (iraila); Juanma Goñi Sagarzazu El Pajarillo (urria); Javier Zabala Tolosako Abesbatza (azaroa) eta Miren Liceaga Santa Ageda Bezpera (abendua). 

Tolosako Udalak lehiaketako irabazleei banatu dizkiete egutegiak gaurko ekitaldian eta herritarrek datorren azaroaren 21ean, 22an eta 23an Zerkausian izango dute eskuratzeko aukera. 

Zaintza, hurrengo urterako gaia

Ekitaldian ere aurreratu dute hurrengo urteko lehiaketako gaia zein izango den: zaintza. “Zaintza sistema eraldatzeko aldarriek indarra hartu dute azken urteetan. Izan ere, ongizatearen erdigunean dago zaintza, bizitzeko oinarrizkoa duguna. Pertsona guztiok jasotzen ditugu mota bateko edo besteko zaintzak, jaiotzen garen unetik; eta guztiok eskaintzen dugu zaintza uneren batean. Zaintza izan daiteke adinekoak bide-laguntzea, izan daiteke besarkada bat, muxu bat edo izan daiteke komunitateak eraikitzea, talde-babesa sentitzeko. Mugimendu Feministaren aldarrikapenekin bat eginez, zaintza lan profesional zein ez-profesionalak balioan jarri nahi ditu Tolosako Udalak”, nabarmendu du Kultura eta Berdintasun zinegotzi Goiuri Ezeizak.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA