TolosandBlues jaialdiak zazpi emanaldi hartuko ditu aurten, uztailaren 1etik 4ra

Tolosako Udala
2021/06/16 | Kultura, Gazteria, Jaiak

Tolosa eta Blues musika uztartzen dituen TolosandBlues jaialdiaren 17. edizioa uztailaren 1etik 4ra izango da. Aurten ere Euskal Herriko puntako taldeak eta musikariak entzuteko aukera egongo da Tolosan, swing, rockabilly, blues, soul, jazz… doinuez gozatuz. Zazpi emanaldi hartuko ditu aurten jaialdiak, eta herriko hainbat gunetan izango dira: Euskal Herria plazan, Gipuzkoa eta Lopez Mendizabal plazetan, Zerkausian eta Plaza Berrian.

Iazkoaren bidetik, aurten ere “etxeko” taldeekin osatu da TolosandBlues jaialdiko egitaraua. Izarne Iglesiak Kultura zinegotziak azaldu duenez, “oraindik ere zuhurtziaz jokatu behar dugu, egoerak hala eskatzen duelako, eta etxean, Euskal Herrian, puntako talde asko ditugula kontuan hartuta, aurten ere bertako taldeen aldeko apustua egin da egitaraua osatzeko”. Udalak tokiko artisten lana indartzeko lanean jarraitzen du, eta beste herrialde batzuetatik artistak mugiarazteko egon daitezkeen arazoak kontuan hartuta, aurten ere bertako artistekin osatu da egitaraua.

Botxo Boogies, Voodoo Charms, Jac, Arima Soul, Noa & The Hell Drinkers, De 2 en Blues Band eta Travellin Brothers arituko dira Tolosan.

Kontzertuetako aforoa mugatuta egongo da, eta beraz, beharrezkoa izango da aurrez emanaldi bakoitzerako gonbidapena eskuratzea. Gonbidapenak Bibe plataformaren bidez eskuratu ahalko dira bihartik aurrera, ekainak 17. Pertsona bakoitzak gehienez lau gonbidapen eskuratu ahal izango ditu emanaldi bakoitzerako.

 

EGITARAUA

  • Botxo Boogies. Uztailak 1, osteguna, 20:00etan, Euskal Herria plazan.
  • Voodoo Charms. Uztailak 2, ostirala, 20:00etan, Gipuzkoa plazan.
  • JAC. Uztailak 3, larunbata, 13:00etan, Lopez Mendizabal plazan.
  • Arima Soul. Uztailak 3, larunbata, 19:00etan, Zerkausian.
  • Noa & The Hell Drinkers. Uztailak 3, larunbata, 22:30ean, Plaza Berrian.
  • De 2 en Blues Band. Uztailak 4, igandea, 13:00etan, Zerkausian.
  • Travellin Brothers. Uztailak 4, igandea, 20:00etan, Plaza Berrian.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA