Topagunearen Aste Santuetarako Udaberri Gaztea programa online garatuko da aurten

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/04/04 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Apirilaren 14tik 19ra ekintza bereziak egingo dituzte goizero eta arratsaldero Instagram bidez.
  • Covid-19ak ekarritako itxialdia hasi zenetik astero programa bereziak lantzen dituzte Topagunean sare sozialen bidez, eta dagoeneko ia 600 jarraitzaile ditu egitasmoak Instagramen.
  • Gaztematika sareak galdeketa bat jarri du sarean 10 eta 17 urteko gazteei zuzenduta, itxialdia nola bizitzen ari diren jakiteko eta emaitzen arabera etorkizuneko jarduketak zehazteko.

 

Azken asteetan hartu duen martxa berean jarraituko du datozen egunetan ere Tolosako Topaguneak, Covid-19aren ondorioz aurtengo Aste Santuetarako prestatutako egitaraua ere online izango baita. Asko dira azken asteetan Topaguneak proposatutako ekintzetan parte hartzen ari diren gazteak, eta udaleko Gazteria sailak, orain arteko ildotik, egitarau berezia prestatu du Aste Santuetako egunetarako ere. Hala, apirilaren 14tik 19ra bitartean goizero eta arratsaldero hainbat ekintza egingo dituzte Istagram bidez.

Goizetan 11:00etatik 12:30ak bitartean asmakizunak, galderak, aholkuak… zabalduko dituzte Topaguneko hezitzaileek ‘Buruari eragin!’ izenburupean. Arratsaldero, berriz, 18:00etatik aurrera, egunero ekintza ezberdin bat egingo dute: asteartean eta igandean Pinturillo txapelketa, asteazkenean erronka bati erantzun beharko diete gazteek, ostegunean ariketa fisikoa egingo dute Just Dance jokoa erabiliz, ostiralean etxean egindako pintxoen lehiaketa egingo dute, eta larunbatean eskulana eta ‘Nora bidaiatu nahiko zenuke?’ izenburupean argazki katea. Ekintza guztiak Topagunearen Instagram kontutik jarraitu daitezke (@Topaguneatolosa).

Geroz eta gazte gehiago

Geroz eta gehiago dira Tolosako Topaguneak proposatutako ekintzetan parte hartzen ari diren gazteak, eta dagoeneko 600 jarraitzaile inguru ditu Instagram kontuan. Azken asteetan, gora egin du jarraitzaile kopuruak, eta ekintzetan parte hartzen duten gazteen kopurua ere igo egin da. Etxetik irten gabe egon beharrak eta ekintza ezberdinen bidez gazteek euren artean harremanak mantentzeko ematen dien aukerak eragina izan du igoeran.

Instagrameko Stories-etara igotzen dituzten edukiak (asmakizunak, galderak, aholkuak…) batez beste 210 gazte inguruk ikusten dituzte, eta ekintzaren arabera 40 gazte inguru izaten dira parte hartzen dutenak. Ekintzaren arabera, kopurua ez ezik, publikoa ere aldatu egiten da, adinak eta ekintzari buruzko interesak eragin zuzena baitu.

Instagram konturik ez duten hainbat gazterekin Whatsapp bidezko komunikazioa ere mantentzen dute Topaguneko hezitzaileek. Gazteak zein hezitzaileak biltzen dituen Taldea ere badute sortuta Whatsapp-ean, eta bertatik ere lantzen dituzte Instagram bidez proposatutako edukiak.

Gaztematikaren galdeketa

Beste hainbat talde edo kolektiborentzat bezala, gazteentzat ere ez da erraza izaten ari itxialdi egoera hau. Izan ere, gazteen garapen psikologikorako faktore garrantzitsua da aisialdia eta adin beretsuko beste gazte batzuekin interakzioan egotea. Hala, gazteek itxialdia nola bizi duten jakin nahi du Gaztematika sareak, eta galdetegia zabaldu du sarean, 10 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzenduta. Galdetegi horren bidez gazteen iritzia eta bizipenak bildu nahi dituzte, jasotako erantzunak aztertu eta etorkizunera begira landu beharreko proiektuetan kontuan izateko.

Tolosako Udaleko Gazteria sailak eta Tolosako Topaguneak ere bide horretan egiten dute lan. Hala, Gaztematika sarearen bidez zabaldu duten galdetegia betetzera animatzen dituzte Tolosako gazteak ere. Gaztematika sarea Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Gazteria departamentuak eta Gipuzkoako Udalek osatzen duten sarea da. 

 

Honako lotura honetatik sar daiteke galdetegira: Nola ari zara bizitzen itxialdia?

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA