Udal eraikin eta saltokietako telefonoak erabili ahal izango dituzte nerabeek, mugikorra izateko adina atzeratzeko

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2023/09/28 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • «Geurea erabili dezakezu»: mugikorra erabiltzeko beharra murrizteko ekimen aitzindaria jarri du martxan, Tolosan, Altxa Burua! Guraso elkarteak.
  • Beharra dutenean, udal eraikin eta saltokietako telefonotik deitzeko aukera izango dute nerabeek, mugikorra erabili edota soinean emateko premia hori baretu eta mobila izateko adina atzeratu ahal izateko.

 

Lehenengo mugikorra 16 urterekin izatea gomendatzen dute adituek, baina errealitateak dio, gaur egun, haur zein nerabeek askoz ere lehenago eskuratzen dutela bat.

Horren aurrean, familien kezka zabalduz joan da eta ardura horretatik abiatuta sortu zen, orain jada 2 urte, Altxa Burua! guraso elkartea, Tolosako hiru ikastetxeetako (Samaniego, Herrikide eta Laskorain) guraso elkarteek osatuta. Elkartearen helburu nagusia da haur eta nerabeek pantailetatik burua altxatzea eta lehen gailua eskuratzeko adin hori atzeratzea. Horretarako, hitzaldi edota ekintza ugari antolatu dituzte.

Orain, urrats bat gehiago eman dute: ekimen aitzindari baten plaza bilakatu dute Tolosa. «Geurea erabili dezakezu» lelopean, mugikorra erabili edota soinean emateko nerabeen premia hori baretu eta mobila izateko adina atzeratu ahal izateko ekimena aurkeztu dute gaur goizean, gurasoek, udal ordezkari eta herriko saltokietako ordezkariekin batera.

Mugikorraren erabilera arduratsua ardatz

«Geurea erabili dezakezu» egitasmoaren xedea da nerabeek, telefonoz deitzeko beharra izanez gero, udal eraikinetako eta dendetako telefonoak erabili ahal izatea.

Horretarako, ekimenarekin bat eginez, Tolosako Udalak pegatina identifikagarriak diseinatu ditu, eraikin publikoetan eta proiektuarekin bat egin duten Tolosa&Co elkarteko saltokietako erakusleihoetan jartzeko. Modu horretara, nerabeek ere erraz identifikatu ahal izango dituzte saltoki horiek. 

«Haur, nerabe zein gazteek udal eraikin edo komertzio batean pegatina hori ikusten dutenean jakingo dute, inolako azalpenik eman behar izan gabe, bertako telefonoa erabili ahal izango dutela behar duten dei hori egiteko. Pegatina gabe ere beti eman izan dute aukera hori saltokiek, baina orain ikusgarriago egingo da egitasmo honekin», azaldu du Orkatz Goenaga, Altxa Burua! guraso elkarteko kideak.

Andu Martinez de Rituerto alkateak ere gurasoen eta Tolosa&Co-ko saltokien jarrera eta inplikazioa txalotu ditu: «Egitasmoa gurasoek sortu eta garatu dute, eta eskertzekoa da. Herriko komertzioen parte hartzea ere ezinbestekoa da eta proiektu honek agerian uzten du komertzio txikien indargune nagusi bat: gertutasuna eta herritarrekiko inplikazioa. Horrek guztiak komunitate izaera indartzen du, elkar zaintza sustatuz». 

Mota honetako egitasmoak «beharrezkoak» direla gehitu du alkateak: «hezitzaile naizenetik aspalditik dut kezka hori; gurasoen kezkarekin bat egiten dut, eta gizarte bezala hausnartu beharra daukagu, tresna hauen erabileraren inguruan».

Lankidetza sarea ehunduz

Kasu honetan, herriko saltokien inplikazioa bultzatuz, lankidetza sarea ehuntzea du helburu Altxa Burua! guraso elkarteak. «Tolosarrak sentsibilizatu nahi ditugu eta gaiarekiko ardura hori inguruko herri zein herrialdeetara zabaldu, lankidetza sarea eraiki eta ehuntzeko, eta haur zein nerabeek mugikorraz egiten duten erabileraren inguruko hausnarketa pizteko». 

Hori dela eta, datozen urratsen artean tabernak, jatetxeak, liburutegiak, kiroldegiak eta bestelako zerbitzuen inplikazioa lortu nahi du elkarteak, ekimenari zein gaur egungo gurasoen kezka nagusi honi oihartzuna eman eta indarrak batuta, teknologia berritzaile hauen erabilera arduratsua sustatzeko. 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA