- Helduen liburutegian Irakurketa Kluba eta Berdintasuneko Irakurketa Kluba programak itzuliko dira udazkenarekin bat.
- Haur liburutegian, berriz, Ipuin Txokoa, ikastetxeentzako bisita gidatuak edota 'Itsaspeko Bihotzak' areto literarioa abiatuko dira, besteak beste.
- Pasa den ikasturtean, 2017-18, Helduen liburutegiak 17.000 bisitaritik gora izan zituen eta haur liburutegiak, berriz, ia 20.000.
- Liburutegia instagramen estreinatu da @tolosakoliburutegia izenpean.
Udako oporraldiaren ondotik eta ikasturte berriaren hasierarekin bat, Udal liburutegiak ere indarberrituta hasi du iraila, urtaro berrirako hainbat nobedaderekin.
Udal liburutegia bitan dago banatuta: Helduen liburutegia Aranburu Jauregian eta Haur liburutegia Errotan. Lehena astelehenetik ostiralera dago zabalik, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, eta Haur liburutegia, berriz, astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 20:00etara.
Helduen liburutegian Irakurketa Kluba eta Emakumeen Literatura tailerrak itzuliko dira udazkenarekin bat. Lehenak urriaren 16an ekingo dio, Pedro Mairalen 'La Uruiguaya' liburuarekin. Hilean behin batzen jarraituko dute: azaroaren 13an, Joe Bageant 'Cronicas de la America Profunda' liburuarekin, eta abenduaren 11n, Aki Shimazakiren 'Hozuki, la libreria de Mitsuko'. 2019an jarraipena izango du ekimenak. Lehenik gaztelerako saioak egingo dira eta urtarriletik aurrera euskarazkoak, talde dinamika sortu eta jarraikortasuna ematearren. Aurreko ikasturtean bezala, dinamizatzaileak Monica Leiva eta Joseba Larratxe izango dira. Ez da izena eman behar eta liburuak maileguan eskura daitezke liburutegian.
Emakumeen Literatura tailerrak urriaren 10ean izango du ikasturteko lehen saioa: Virginie Despentesen 'Teoria King Kong'. Hauek ere hilean behin batuko dira: azaroaren 14an, Siri Hustvedt-en 'El Verano sin hombres' liburuarekin, eta abenduaren 12an, Ariana Harwicz-en 'Matate amor'-rekin. Izen emateak berdintasuna@tolosa.eus era idatzita burutu behar dira. Jarraipena izango du 2019an ere.
Haur liburutegian, berriz, Ipuin Txokoa, ikastetxeentzako bisita gidatuak edota 'Itsaspeko Bihotzak' areto literarioa abiatuko dira, besteak beste. Ipuin Txokoak urriaren 4an ekingo dio eta hilean behin izango da, azaroaren 15ean eta abenduaren 20an jarraipena izanaz. Miriam Mendoza izango da ipuin kontalaria eta 3-6 urte bitarteko haurrei dago zuzendua. Saioa amaitzean, kontatutako ipuinen liburu-gida banatuko zaie haur zein gurasoei. 'Itsaspeko Bihotzak' ekimena, berriz, 8-11 eta 12-14 urte bitarteko haurrei zuzendua dago. Taldetan banatuta, ikastetxeei zuzendutako bisita gidatu ezberdinak izango dira areto honetatik azaroaren 5etik 9ra.
Liburuaren bueltako egun nabarmenduek ere, Haur liburuaren eguna, Liburutegiaren eguna edota Liburuaren eguna kasu, izanen dute programazio berezia.
Ohi bezala, liburu eta argitalpen berri ugari txertatzen doaz liburuzainak erabat, eta horiek ezagutarazteko Helduen Nobedadeen Gidari bultzada eman eta Haurren Nobedadeen Gida sortuko da, ondoren digitalki elkarbanatzeko.
Pasa den ikasturtean, 2017-18, Helduen liburutegiak 17.000 bisitaritik gora izan zituen eta haur liburutegiak, berriz, ia 20.000. Antolatutako ekimen ezberdinei begira jarriz, Helduen Liburutegiaren kasuan Emakumeen Literatura tailerra da arrakastatsuena, burutu diren 7 saioetan bataz beste 20 emakume batuz. Haurren kasuan, berriz, Ipuin kontalaria izan da arrakastatsuena, egin diren 6 saioetan, bataz beste, 23 haur eta 18 heldu batuz.
Liburutegia baita instagramen ere
Oraintsu arte Facebook sare sozialean jarrai zitezkeen Tolosako Udal Liburutegiaren zuzeneko berriak, baina orain, eta erabiltzaileen tendentziei jarraiki, instagram kontua zabaldu da, @tolosakoliburutegia izenpean, eta bertan liburutegiko eguneroko jarduna, berrikuntzak, kanpainak eta bestelako ekimenak plazaratzen hasiak dira, erabiltzaileekin zuzeneko harremana sustatuz.