Udan gazteei zuzendutako aisia eskaintza antolatzen ari da udala herriko eragileekin batera

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/06/10 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Eusko Jaurlaritzak zehaztutako araudia kontuan hartuz herriko aisialdi taldeekin zein ikastetxeekin ari da udala lanketa egiten, dauden baliabideen araberako eskaintza egiteko. Ekintzak segurtasun neurriak betez egin ahal izateko herriko espazioen azterketa eta lanketa ere ari da egiten udala, horretarako sortu duen koordinazio mahaiaren bidez.

  • Gazte auzolandegietan izena emateko epea irekita dago. Udalaren webgunean eman behar da izena.

  • Tolosaldea Garatzenekin batera zaintzaileen poltsa bat ere ari da eratzen udala kontziliazio arazoak izan ditzaketen familiei zuzenduta.


 

Deskonfinamendutik irteteko hirugarren fasean berriz ekin ahal zaie haurrei eta gazteei zuzendutako aisialdi jarduerei. Eusko Jaurlaritzak ezarri dituen arauei jarraituz eskaini ahalko da zerbitzua, eta Tolosako Udala ari da dagoeneko herriko aisia zerbitzuaren eskaintza zehazten, herriko hainbat eragilerekin, aisialdi taldeekin zein ikastetxeekin elkarlanean.

Aire zabalean egin daitezkeen ekintzetan, gehienez ere berrehun pertsonek parte hartu ahalko dute aisialdi eskaintzan, begiraleak barne. Jarduerak leku itxietan egin behar badira, laurogeira mugatuko da kopurua, kasu honetan ere begiraleak barne. Batean zein bestean, jarduerek irauten duten bitartean parte hartzaileak 15 kideko taldeetan antolatu beharko dira. Zehaztapen horiek kontuan hartuta ari da udala aisialdi eskaintza diseinatzen, eta oraindik eskaintza itxi gabe badago ere, antolatutako ekintza gehienak aire librean izango direla aurreratu du Gazteria sailak.

Denbora honetan, bestelako lanketa batzuk ere egin dira, besteak beste, segurtasun ikastaroak, edo baliabideen zein materialen inguruko azterketa. Bestalde, herrian ekintzak garatu ahal izateko kokapenez eta segurtasun alorraz ere udala arduratuko denez, koordinazio mahai bat ere eratu da, eta mahai hori dagoeneko herriko eremu ezberdinak aztertzen ari da.

 

Auzolandegietan izena emateko aukera irekita dago

Tolosako Udalak datozen egunetan jakinaraziko du aurtengo udarako egingo duen aisia eskaintza, baina dagoeneko aurreratu du aurten ere Auzolandegiak proiektua egingo dela. Uzturre azpiko Miserikordia zaharreko lursaila eta Amarotzeko basoa berreskuratzen aritu ahalko dira gazteak aurten.

Bi txandatan egingo dute lanketa: ekainaren 29tik uztailaren 10era arituko dira Amarotzeko basoaren berreskuratze lanak egiten, eta uztailaren 13tik 24ra arituko dira Uzturre azpian, bi kasuetan 09:30etik 13:30era.

Auzolandegietan parte hartzeko udalaren webgunean egin behar da aurrematrikula, ekainaren 19ra arte. Plaza mugatuak egongo dira bi auzolandegietarako, beraz, aurrematrikula betetzeak ez du baieztatzen parte hartzea. Izena ematen duten guztiekin harremanetan jarriko da auzolandegietako arduradun bat. Informazio gehiago nahi duenak gazteria@tolosa.eus helbidera idatzi dezake, edo Topagunera deitu: 605 70 69 37 (asteazken eta ostiral goizetan).

 

Zaintzaileen lan poltsa

Tolosako Udalak eta herri mailako eragileek antolatutako aisia eskaintza Lehen Hezkuntzatik gorako gazteei zuzenduta dagoenez orokorrean, kontziliazio arazoak izan ditzaketen familiei bideratutako zaintzaileen lan poltsa ere osatzen ari da udala Tolosaldea Garatzenekin batera. Zaintzaile baten beharra izan dezaketen familiek Tolosako Udaleko Gazteria sailarekin edo Tolosaldea Garatzenekin harremanetan jarri daitezke zerbitzuari lan poltsari buruzko informazio gehiago eskuratzeko.

 

Bizilabe proiektua jarriko da martxan datorren ikasturtean

2020/2021 ikasturtean Bizilabe Tolosaldea aisialdi eskaintza berria jarriko da martxan Tolosan, eskualdeko udalen, Tolosaldea Garatzen eta Elhuyarren eskutik. 10 eta 14 urte bitarteko gazteei zuzenduta egongo da, eta STEAM (zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematika) arloetako profesionalen eta hezitzaileen laguntzarekin proiektuak garatuko dituzte, hainbat gaitasun garatu eta jabekuntzan aurrera egiteko.

Tolosako Lanbide Heziketa Insitutuan emango dira eskolak, ostegunetan. 2009 eta 2010 urtetan jaiotakoek 17:15etik 18:45era jasoko dituzte eskolak, eta 2007 eta 2008an jaiotakoek 18:45 eta 20:15 bitartean. Interesatu bakoitzak 10 euro ordaindu beharko du hilean.

Ikastaroetan izena eman nahi duenak bizilabe.elhuyar.eus/eu/tolosaldea helbidean eman behar du izena. Informazio gehiago nahi duenak bizilabe.tolosaldea@gmail.com helbidera idatzi dezake edo 688 632 691 telefonora deitu.

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA