Udan Tolosatik mugitu gabe kulturaz gozatzeko aukera ugari egongo da

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/07/02 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Udalak herriko kultur eragile eta taldeekin elkarlanean antolatu dituen ekintza kulturalak aurkeztu ditu; uztailaren 10etik irailaren 11ra egingo dira ekintzak.

  • Suspertu Tolosa planaren barruan zehaztutako hiru lan lerroen artean dago herri izaerari eustea, kultura eta herriko taldeak babestuz; helburu horri erantzunez antolatu dira ekintzak.

 

Uda honetan Tolosatik mugitu beharrik gabe kulturaz gozatzeko hainbat ekintza antolatu ditu udalak herriko kultur eragile eta taldeekin batera. Gaur gaurkoz, hamalau ekintza jasotzen dituen egitaraua prestatu da, uztailaren 10etik irailaren 11ra bitartean garatzeko. Baina ez da egitarau itxi bat, eskaintza berriak ere txertatzen eta gehitzen joango baitira egitaraura. Musika, dantza, antzerkia, zinea aire librean… eta haurrentzako hainbat jarduera daude antolatu diren ekintzen artean, uda berezi honetan tolosar guztiek kulturaz gozatzeko aukera izan dezaten.

Kultur programaren barruan antolatu diren hainbat ekintzetako protagonistekin batera egin den agerraldian Izarne Iglesias Kultura zinegotziak azaldu duenez, “kultura gure herri izaeraren parte garrantzitsua da. Herrian hainbat eta hainbat kultur talde, artista eta sortzaile ditugu, eta horien guztien jarduna babestu eta indartu nahi ditugu. Kultura inbertsioa delako, kohesio sozialerako tresna, herria bizirik mantentzeko giltzarria”. Tolosa ekintzen faktoria bat dela gehitu du Iglesiasek, “kulturak herriari egiten dion ekarpenari esker”. Horregatik, eta “pandemiak beste hainbat sektoretan eragin duen moduan, euskal kulturan, euskal industrian eta, nola ez, herriko talde eta profesionalen jardunean bete-betean eragin duelako” uda honetan kulturaren aldeko apustua egin du udalak.

Zentzu horretan, Suspertu Tolosa planaren baitan zehaztutako hiru ardatz nagusiak ekarri ditu gogora Iglesiasek: “Gizarte babesa bermatzea; hiri ekonomia suspertzea, eta gure herri izaerari eustea, kultura eta herriko taldeak babestuz”. Bide horretan, aurrean dugun erronka potolo honi aurre egiteko bide bakarra “elkarlana” dela gehitu du zinegotziak.

 

Herriko eragile, talde eta artisten partaidetzarekin

Gaur aurkeztu den “kale dinamizaziorako kultur egitaraua” Tolosako eragileekin, eta herriko taldeen zein artisten partaidetzarekin osatu du udalak. “Kale dinamizaziorako kultur egitaraua da, kulturak herriko hainbat bazter hartuko dituelako datozen hilabeteetan: Zumardi Txikia, Zerkausia, Euskal Herria plaza, Zumardi Handia, Alondegia, Plaza Berria… Mikologikaren eskutik ikusi genuen Zumardi Txikiak mila aukera ematen dizkigula, eta, horregatik, uda honetan ere herritarrentzat berreskuratu nahi izan dugu espazio hau”.

Egoerak hala eskatuta, emanaldi guztiak beharrezkoak diren segurtasun eta prebentzio neurri guztiak hartuta egingo dira. Hala, saio eta emanaldi guztietarako gonbidapena beharko da, edukierak kontrolatu ahal izateko.

“Emanaldi ia guztiak doakoak izango dira, kulturaren alde egiten dugun apustuagatik, tolosarrek ere gurekin bat eginez, kulturaren alde egin dezaten, kultura babestu dezaten”. Saioetarako gonbidapenak kultur etxean eskuratu ahal izango dira, zine saioetarako gonbidapenak izan ezik, azken horiek Internet bidez eskuratu beharko direlako. “Edonola ere, gonbidapenak noiztik aurrera eta nola eskuratu datozen egunetan azalduko dugu, gaur egitarauari eman nahi diogulako protagonismo osoa”, zehaztu du Iglesiasek.

Udako tartea igarota, udazkenera begira ere lanean jarraituko dutela azaldu du Iglesiasek, baina udaz gozatzeko gonbidapena egin du: “Gozatu dezagun udaz, kulturaz eta gure herriaz, elkarrekin eta elkarlanean egoera honi aurre egin diezaiogun”. Amaitzeko gaineratu du: “oraindik ere arduraz eta erantzukidetasunez jokatzen jarraitu behar dugu, gu guztion onerako, eta ezarritako neurriak errespetatu behar ditugu, distantziak mantendu eta musukoa erabili”.

Honakoa da uztailaren 10etik irailaren 11ra bitartean oraingoz antolatu diren ekintzen egitaraua:

 

EGUNA

LEKUA

ORDUA

EKINTZA

Uztailak 10

Zerkausia

20:00

Xabier Zeberioren eta Amaia Elizaranen “Out” ikuskizuna

Uztailak 18

Euskal Herria plaza

19:00

Zipit Conpany-ren “Jai el marinero” txotxongilo ikuskizuna haurrentzat

Uztailak 18

Plaza Berria

22:30

Don Inorrez taldearen kontzertua

Uztailak 23

Zumardi Handia

18:00

Intujai taldearen “Txangozatu” ikuskizuna

Uztailak 24

Euskal Herria Plaza

20:00

Tolosako Udal Musika Banda

Uztailak 25

Zezen Plaza

22:00

Zinea aire librean: “Gladiator”.

Bang Bang formatuan eskainiko da eta hainbat sorpresa egongo dira. Ikusleek filmaz beste modu batera gozatzeko aukera izango dute.

Uztailak 26

Zezen Plaza

22:00

Zinea aire librean: “Master and Commander”.

Uztailak 27

Zezen Plaza

22:00

Zinea aire librean: “Agur Etxebeste”.

Uztailak 30

Zerkausia

19:00

Miru-ren emanaldia haurrentzat: “Badakizu eserita ere dantzatu daitekeela?”

Uztailak 30

Plaza Berria

20:00

Txaston taldearen kontzertua

Abuztuak 4

Santa Maria eliza

20:00

Lucía Gómez eta Alize Mendizabal (Hamabostaldi Musikalaren barruan)

Abuztuak 7

San Frantzisko eliza

20:00

KEA Ahots Taldea (Hamabostaldi Musikalaren barruan)

Abuztuak 28

Zumardi Txikia

18:00

Dantzpoint (Chill out berezia DJ-ekin)

Irailak 11

Aranburu Jauregia

19:00

Evaren Alabak taldearen “Cromlech” antzezlana

 

 

kultura uda 2020

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA