Uzturreko putzuen inguruak txukunduko dituzte aurten Udalak antolatutako Auzolandegietan

Tolosako Udala
2021/05/14 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Udan gazteei zuzendutako aisia eskaintzaren barruan, auzolandegiak antolatu ditu Udalak 12 eta 17 urte arteko gaztetxoentzat.

 

Geroz eta tolosar gehiago joaten da Uzturreko putzuetara, eta, herritarrek egindako eskariari erantzunez, ingurua txukuntzeko lanak egingo dituzten aurten Udalak antolatutako auzolandegietan parte hartzen duten gaztetxoek. 12 eta 17 urte arteko gazteei zuzenduta daude auzolandegiak, eta aurten Uzturreko putzuetan arituko dira lanean. Zehazki, putzuen inguruan harlauzak jarriko dituzte, uretatik irten eta inguruetan sortzen den lokatza ekiditeko. Jubilatu talde bat ere ari da Miserikordia Zaharreko atsedenleku inguruan lanean, eta haiei laguntzen ere arituko dira gazteak.

 

Bi txandatan egingo dira aurten ere auzolandegiak: ekainaren 28tik uztailaren 2ra eta uztailaren 5etik 9ra. Bi txandetan ordutegia berdina izango da: 09:30etik 13:30era.

Auzolandegietan parte hartzeko udalaren webgunean egin behar da aurre matrikula (https://udala.tolosa.eus/gazteauzolandegiak), ekainaren 4ra arte. Plaza mugatuak egongo dira auzolandegietako bi txandetarako, beraz, aurre matrikula betetzeak ez du baieztatzen parte hartzea. Izena ematen duten guztiekin harremanetan jarriko da auzolandegietako arduradun bat. Informazio gehiago nahi duenak gazteria@tolosa.eus helbidera idatzi dezake, edo Topagunera deitu: 605 70 69 37 (asteazken eta ostiral goizetan).